mikel elorza
ARKUPEAN

Pieza bat hibernazio osteari

2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Gaua kendu ziguten, eta pixkanaka itzuli digute, baina irenduta. Hartzen hasi zaio lehengokoaren tankerarik, baina oraindik zatia zor zaigu. Eta kendu zigutela diodanean inork esango dit akaso harro asko nabilela, ea gurea ote zen gaua, eta baietz erantzungo diot, gurea behintzat bazela eta susmoa dudala kendu zigutenena ezetz, zeren eta —Patti Smith dut lagun honetan—, maitaleona da gaua, irrika dugunona, because the night belongs to us. Eta aspaldian erabakiak egosten diren labirategietan, barkatu baina maitale gutxi sumatzen dut nik; luxua ez dakit baina luxuria gutxi; anbizio handiagoa bizioa baino.

Irendua itzuli digute gaua, oraindik mugak jarrita (beti mugak buruan, mugatuta zaudeten seinale, erranen lieke Eskorbutok), salbu eta aste honetan Nafarroan, orain ere aitzindari —Nabarraldekoak inbidia etsigarriz sumatzen ditut EAEko gazteei begira, haiek orain «Euskadi Nafarroa da» aldarrikatzen dutela—. Itzultze horretan falta izan zaigu atal oso inportante bat: dantza egitea. Hori oraindik bahituta dago toki gehienetan, eta zer herri arraio eraikiko dugu dantzarik egin gabe? Ezin bada dantzarik egin, ez da gure iraultza, ezta gure irauntza ere. Dantzatzen duen herri bat ez da inoiz hilko, eta hiltzen bada ere, ez hain triste.

Eta beraz, gauari ezarritako mugak oro toki orotan kendu eta dantza suelto —edo lotuan— egiteko moduan gaudenean, egunsentira arte, bada hibernazio derrigortutako hau behin betiko gainditu dugula esan ahalko dugu. Eta mugak kendu diogunean legezko eta orduzkoez ari gara, ezen bestearen eremuari dagozkionak...Batzuek —gutxik, badakit— parrandari aldarte kartsuarekin heldu diote, beste borrokaleku niretzat egokiagoak baztertu eta hurkoa eta tabernariak-eta kontrario hartuta testosterona-gaindosi saioetan, eta espero dezagun hartza udaberrian bezala, hasierako grina kalmatuko dela eta bueltatuko garela normalidadera (edo lehengoa baino bareagora, normalidadea ere testosteronaz soberan baitzen). Hori bai, marka da munduko kale-zurrut erraldoiena diren sanferminez harro daudenak, edo Athleticen partida bakoitzean Poza kalean kabitu ezinik ibiltzen direnak eskandalizatzea orain ETBk, hutsik egin gabe, eskaintzen dituen irudi batzuekin. Zaintza erdigunera ez baina eraman dute... esklusiban polizia-etxeetara!

Dantzarena, noski, ez da derrigorra, batzuek oinetako gorreria dute eta beste batzuek nahiago dute kalaka edo kontenplazioa, baina ments dugunaren sinbolo bat da. Derrigorrezkoak beste gauza batzuk dira.

Lana, adibidez.

Espainiako ministro batek iradoki du 70-75 urte bete bitartean egin beharko dugula lan. Sikiera parranda esan izan balu! Lana bestela ere egiten da urte horietara arte, askok hil arte latz —emakumezkoek, nagusiki—, eta beraz hori ez da nobedadea; ministroak esan nahi zuena da, ordea, 75 urte bete arte fitxatzen eta kotizatzen jarraitu beharko dugula. Eta hori gehitxo iruditzen zait. Nahi duenak egin dezala lan, baina arraioa, bizitza osoa kotizatzen pasatzeko egin badugu lurreko paradisu hau, homo oso sapiens ez gara.

Pandemia hasieran, entusiasmo komunitarioaren aparretan geundenean, esan nuen nire apustua zela handik ez ginela pertsona edo gizarte hobe irtengo —hori zen aurreikuspen maioritarioa—, igual aterako ginela, balkoi arteko elkartasun hori guztia gertatu ez balitz bezala. Erratuta nengoen, ez gara igual atera: makurragoak atera gara.

Baina pasatuko da. Ez nadila ezkorregi azaldu. Egitasmo txikiak badaude, eder askoak, lanean ari da jende bat hainbeste lan ez egin behar izateko, jendarte txukunagoa eraikitzeko, migranteekin, etxebizitza alorrean, kontrola ez den zaintzaren eremuan... Hori bai, 75ak pasatu eta mendea bete bitarteko lana badugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.