mikel elorza
ARKUPEAN

Gorria balitz behintzat

2021eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Iragarki humanoak oso egiten dituzte finantza erakundeek, gure gertukoenak diren batzuk ditut gogoan, gure zerbitzura daudela azpimarratuz. Diruzkoa baino areagokoa den zilbor-heste bat marraztuz, transakzio ekonomiko hutsak baino zerbait gehiagok lotzen gaituela ematen du. Eta ia futbol-taldez aldatzea baino gehiago kostatzen zitzaigun, orain gutxi arte, aurrezki kutxaz aldatzea. Eta orain ere... nahiz eta badakidan ez aldatzearen arrazoia, askotan, dela besteek ere, ontzia diferentea izanagatik, barruan pozoi bera dutela.

Tresna digital guztiak dauzkala guretzat dio haietako batek, eta hain zuzen ere ez-digitalak dira batzuek faltan ditugun tresnak. Bulegoak eta pertsonak, demagun, auzoetatik ofizinak eta are kutxazainak kentzen baitabiltza gure gertuko hauek, gu guztiok erdiguneetako ilaragintzara kondenatuz. 08:00etatik 10:00etara eta astean bi egunetan, ardibidez. Zeren eta gure zerbitzura ei daude baina guk moldatu behar dugu haien ordutegi-murrizketetara, jendegabetzeetara, aurretiazko hitzorduetara, atenditzen zaituenak, izan pertsona edo androide, momentuan egin ezin dituen gauzen zerrenda amaigabeetara...

Nor dagoen noren zerbitzura, boterea nork duen, horrek erabakitzen du, eta garbi dago harreman honetan haiek hagintzen dutela.

Bestelakoa da, oso, dendena. Denda txikiena, herri eta auzoetako saltokiena. Haiek bai daudela gure zerbitzura, kate handiek eta kontsumo ohitura berriek hartaratuta, jornada luzeegiak egin beharrean, etekinak murriztuz, eta hala ere larri. Paisaia urbanotik kroniketara eta literaturara egin dute jauzia, eta hor gabiltza gogoratuz hango harategia, hemengo mertzeria, zapata-denda betikoa, ostatu-denda produktuz infinituak... memoriara pasatu dira, eta malo, ez baita izan beste txiki berriago batek ordeztu dituelako, ezpada olatu pandemiko global batek irentsi dituelako, eta koronabirusaren aurretik.

Haiek bai dihardutela gure zerbitzura, haiek bai gertukoak, eta geraraztea oso zaila den arren, gehiago zaindu beharko genukeen eremua da. Badakit jakin gaur egungo zenbait erraldoik ematen dituzten prezioak, arropetan, elektro gauzetan, altzarietan, lanparetan... borrokatzea ezinezkoa dela betiko-entzat, herrian erositako txamarra baten prezioan Inditexeko batean goitik behera janzten ahal zarela, eta patrikak gero eta beteago ditugun garaiotan, zuloz gero eta beteago esan nahi dut, bada saihetsezina da talka. Eroste ohiturak aldatzen dira, bai noski, eta hala behar du. Baina beste gauza batzuk neurtu beharko genituzke, edo sikiera kontuan izan, erabakiak hartzeko orduan, ohiturak berritzeko garaian.

Ez da erraza denda txikien auzia, eta etorkizuna. Eta gauza batzuk neurtu egin behar ditugu, beste batzuk barneratu, baina beste zenbait erabaki egin ditzakegu. Erabaki dezakegu irribarreak gureak izan daitezela, eta ez kartoizko kutxa batzuek daramatena. Azter dezagun serio, etxeetan, kutxatxo sinpatikoa dakarkigutenean, kutxatxo hori gabe molda gaitezkeen. Alegia, inguruan lor dezakegun; eta aztertu, halaber, behar dugunean erosten ote dugun, eta ez gure bizimoduaren formateatzaile globalek erabakitzen dutenean.

Ostiral beltza hemengo dendari txiki eta komertzianteen asmakizuna balitz, haien negozioei izen hori berreskura dezaten bultzada emateko balioko balu, gaitz erdi. Hala ez bada, ez diezaiogun kosk egin sorginez mozorrotutako erreginak eskaintzen digun sagar pozoituari. Erreginak ez dira fidagarriak. Eta sorginak, benetakoak, hemen beti izan ditugu, gure alde. Eta ez dute pozoitzen (irribarre ez kartoizko bat ateratzeko ez bada).

Beltzak astegun asko dituzte gurean merkatari txikiek, ostiral madarikatu honetako party-an mozkortu behar izan gabe. Sikiera gorria balitz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.