Albistea entzun

ARKUPEAN

Pintorea eta modeloa

Elixabete Garmendia Lasa -

2022ko urtarrilak 6

San Telmo museotik irten eta eskaileretan gora abiatu naiz, Urgulleko puntara. Ordubete luze eman dut museoan, emakume artistei buruzko erakusketan murgilduta, eta halako txutea izan da, barrua asentatu beharrean nagoela. Izenburu luzea dauka erakusketak: Baginen Bagara, Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak. Izenburu luzea, baina letra bakar bat ere ez soberan.

Izen demodéekin hasi dut ibilia: Inocencia, Cipriana, Nicasia... XIX. mendean jaioak. Inocencia Arangoak margotutako kopia bat bere anaiaren obratzat eduki omen zen urteetan; artearen munduan praktika ohikoa zen, nonbait, emakumeen lanak inguruko gizonezkoek sinatzea. Cipriana Balzola Goiak akuarela ilunez pintatutako paisaiak ez dira dekorazio hutsa, artistaren eskua eta arima nabari zaie; tituludun familia batekoa omen zen Balzola, eta goi mailako klasekoa izatea ez zen mesedegarri gertatzen andrazkoen karrerarako; Nicasia Madariagari buruz Nikolas Alzola Bitañok esandakoak argitzen du arazo hori: lastima zela Madariaga giro artistikoan bete-betean ez sartu izana bere egoera sozialagatik; alegia, burgesiakoa izanik, pintura ez zuelako hartu bizibidetzat. (Kontrakoa ere gertatu izan zaie emakumezkoei: nahiz eta lan artistikotik bizi, artista gisa aitortuak ez izatea).

Aurreko hirukotearekin kontrastean, hor daude haien garaikide ziren Feillet ahizpak, Hélène eta Blanche (azken hau, Hennebutte ezkontzaz); hauek profesionalki garatu ahal izan zuten ibilbide artistikoa, Iparraldean batez ere; hango giroa irekiagoa zen, betiere, Hegoaldekoa baino. Hara, Iparraldera, alde egin zuen Josefa Kareagak (Donostia, 1911-Hazparne, 2000), 1936ko gerra zela eta. Hori baino lehenxeago, 1935 inguruan, bere bi ahizpei egin zien erretratuak etsipen kosmikoa transmititzen du, betiereko igande arratsaldea balitz bezala. Bazterkeriak zekarkion tristura sakona ote da mihisean jaregindakoa?

Urteek eta belaunaldiek aurrera egin ahala, tristurak haserreari eta protestari irekitzen die bidea. Marta Cardenasen Autorretrato truncado (1975) koadroan, zelda moduko batean eserita dago emakumea, hankak gurutzatuta eta eskuineko besoa haien gainean bermatuta; zeren edo noren zain? Gauza da gerritik beherakoa bakarrik ageri dela autorretratuan: autorretratu moztua da, erreusa; erdizka bakarrik aitortzen zaion ofizioaren isla? Coro Acarretaren Sola (1981) haratago doa: emakume bat biluzik lurrean etzanda, minez edota desesperazioz kiribilduta gorputza, odol zantzuekin; erasotua izan den norbait da. Mari Paz Jimenezen Carta a mí misma (1968) idatziak borobiltzen du frustrazioaren eta ezinegonaren panorama: «Bizitza, niretzat, zama astuna da».

Tarteka umorea ere ageri da; Carmen Maurak Oficio de pintora (1972) lanean margotzeko astoa dauka lehen planoan, eta haren barruan koadroa: plantxa zutika eta aldamenean alkandora plantxatu berriak. Mentxu Galek Ucelayri egindako erretratuan mailatu eta gizajo samar ageri da gizona, berak pintatzen zituen pertsonaia ezin dotoreagoekin zerikusirik ez.

Baginen Bagara erakusketa ez da koadroen bilduma hutsa. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa komisarioak ez dira mugatu linboan galdutako harribitxi femeninoak erreskatatzera. Errora jo eta emakumezkoek artegintzan jasandako zokoratzearen muina agerian uzten dute, ondorio honetara iristeraino: «emakumeen arazotzat hartzen zena, Artearen Historiaren arazoa dela».

Bukaeran, egungo hainbat artistaren askotariko lanekin topo egitean, errebantxa moduko bat sumatzen du ikusleak mendeetako sistema baztertzailearen kontra, eta lotzen du erakusketaren atarian dagoen Rosa Valverderen koadroan erdi ezkutuan topatutako esaldiarekin: La caduta degli dei. Tokitan geratzen da Mendebaldeko artegintzaren historian paradigmatikoa izan den «pintorea eta modeloa» arketipoa!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...