Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Wordle

2022ko otsailaren 4a
00:00
Entzun

«Bular, Ageda, Santa, Kanta». Izan zitekeen Wordle-ko partida bateko hitz zerrenda bat. Wordle zer den ez dakizuenentzat, azken boladan modan jarri den joko bat da, Talaios kooperatibak euskaratu duena. Bertan, egunero bost letratako hitz bat asmatu beharra dago. Horretarako, hitz batekin abiatu, eta jolasak pistak ematen dizkizu sartutako hitzaren letra bakoitza koloreztatuz: asmatu beharreko hitzean ez dagoen letra grisez pintatzen du; letra bat azken hitzean baldin badago, baina posizio okerrean, horiz; eta dagokion posizioan badago, berdez. Eta horrela hitzez hitz, asmatu arte.

 

Pentsa liteke, lehen kolpean, letretako jolas bat dela. Azken finean, letrak dira jolasaren aldagai eta pieza bakarrak. Letrak eta hitzak. Eta, hala ere, matematikek letretatik asko dutela esateaz nekatzen ez naizenez, jokoak izaera matematikoa ere baduela erakutsi nahi nizueke. Lehen ariketa gisa, pentsa ezazue lehen esaldiko hitz zerrendan. «Ondo jokatu» eta bukatutako partida bat izan dadin, zein kolorez agertu behar luke letra bakoitzak?

Tira, beharbada norbait haserretuko zait esanaz ariketaren enuntziatua ez dela behar bezain argia. Izan ere, zer da «ondo jokatzea?». Ados, definitu dezagun lehenbizi zeri deituko diogun «ondo jokatzea». Hasteko, beti suposatuko dugu zerrendako azken hitza dela asmatu behar zena. Alegia, goiko zerrendan, adibidez, kanta hitza zela asmatu beharrekoa. Orduan, hitz zerrenda batek «ondo jokatutako» partida bat deskribatzen duela esango dugu ondoko hiru arauak betetzen baditu: 1. behin grisez agertutako letrarik ez berriz erabili, 2. horiz agertutakoak derrigor erabili, egotea posible den tokietan, 3. berdez agertu zaizkigunak bere posizioan mantendu.

Ez dadila inor mindu, estrategia denak dira balekoak. Hau definizio matematiko bat baino ez da, ez baduzue horrela jokatzen ez du esan nahi ondo ez dagoenik. Baina elkar ulertzeko, ondo jokatutako hitzen zerrenda aurreko arauak errespetatzen dituenari esango diogu. Saia zaitezte orain, berriz, hasierako zerrenda koloreztatzen.

Ohartu, adibidez, «Ageda, Bular, Santa, Kanta» zerrendak ez lukeela balioko. Ez litzateke ondo jokatutako partida baten adierazle. Izan ere, hasieratik jakingo genuke bi A ageri direla hitzean eta bat azken posizioan dagoela. Baina bigarren urratsean ez ditugu ez bi A jarri (2. araua hautsiz), ez azken A bere lekuan (3. araua hautsiz). Santa eta Kanta elkarren segidan joateko modu bakarra azken lau letrak berde agertu izana da, bestalde. Beraz, lauko zerrenda horretan bietako batek izan beharko du azken eta besteak azken aurreko, derrigor.

Honek bost letratako hitzen zerrenden azpimultzo bat definitzen digu. Ausaz bost letratako hitzak zerrendatzen hasten bazarete ohartuko zarete ez dela batere probablea ondo jokatutako partida bat ateratzea. Zenbat eta laburragoa zerrenda, errazago. Adibidez: «Ikusi, Amona» bada ondo jokatutako segida bat. Izan ere, lehenak denak grisak izango lituzke eta azkenak denak berdeak. Baina zerrendari hitzak gehitu ahala zailtzen doa kontua.

Jolasaren helburua ahalik eta hitz gutxien erabiliz asmatzea da. Matematikariok, ordea, alderantzizko galderak egiten dizkiogu maiz geure buruari. Kezka sartu zitzaidan noraino den posible «ondo jokatuta» hitza ez asmatzea. Zenbateraino den konplikatua sei hitz baino gehiagoko «ondo jokatuta»-ko zerrendak eraikitzea. Edo noraino den erraza Wordle, gure hizkuntza ustez zail honetan.

Eta hori da proposatu nahi dizuedan jolas berria. Saia zaitezte «ondo jokatutako» hitz zerrendak bilatzen, ahalik eta luzeenak. Erronkarekin hasteko, hemen zazpiko bat: «Urdin, Beraz, Karga, Sorta, Porra, Horma, Forma».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.