Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Beste puntan

2022ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Munduko mapari begiratua, 6.500 kilometro daude Londresetik Kigali Ruandako hiriburura eta, beraz, munduko beste puntan dagoela esango genuke, alde bietako edozeinetatik hitz eginda ere. Bi herrialdeak, baina, oso gertu daude, ez geografikoki, bai ordea gizatasunik ezan.

Boris Johnsonek joan den astean iragarri du Erresuma Batura aterpe bila modu irregularrez iristen diren pertsonak Ruandara lekualdatuko dituztela, eta hango asilo-legediaren menpe geratuko direla aurrerantzean. Ruandako agintariek, beren aldetik, errefuxiatuen nazioarteko krisia konpontzen laguntzen ari direla diote, hori bai, borondate onaren truke, inbertsioak jasotzea espero dutela gaineratuz.

Erresuma Batura aterpe bila iristen diren migratzaile eta errefuxiatuetako askori nekeza egingo zaie ulertzea nolatan amaitu duten Afrika erdialdean Mantxako kanaletik barrena abiatu badira. 6.500 kilometroko distantzia horrek gizatasun eta nazioarteko ordenamenduarekiko errespetu faltaren sakontasuna neurtzeko balio du.

Ez da lehen aldia, baina oso gutxitan ikusi dut nik neuk horren azalpen gordin eta disimulurik gabea. Johnson Lehen Ministroaren agerraldian entzuna da hau: «Gure errukia infinitua izan daiteke, baina jendeari laguntzeko baliabideak ez». Asilo, babes eta zaintza-printzipiorik oinarrizkoenei uko eginez, beraz, eskubideen outsourcing moduko bat gauzatuko dute. Bere aldetik, Ruandak diru-truke onartzen du ihesi joandako migratzaile eta errefuxiatuen kargu hartzea, zehazki nola eta zein baldintzetan egingo duen argitu gabe, baina.

Iragarpen hori egin zen egun berean, AEBetako Estatu Departamentuak giza eskubideen urraketari buruzko Ruandako txostena eman zuen ezagutzera. Asilo-eskatzaileentzako prozesamendu-zentro gisa jardungo duen herrialdearen egiteko moduez «arrazoizko kezkak» daudela dio, tratu txarrak, lege-babesik eza, bortxaketak eta argitu gabeko desagertzeak aipatuta.

Bertako genozidio-gerrez geroztik, Ruandako garapen ekonomiko eta soziala oso ikusgarria izan da, eta adierazle ia guztietan gora egin du. Militarizazio-maila edo kanpo-harremanak bezalako faktoreak barne hartzen dituen Bakearen Indize Globala, ordea, ez da apenas mugitu, eta Ruanda oso behean kokatzen jarraitzen du. Daturik txarrena, gainera, espetxe eta harrera-egoeran dagoen populazioren proportzioa da, akordio berriarekin are gehiago larriagotuko dena.

Oraindik ez dira planaren xehetasunak baieztatu, baina hainbat iturrik baieztatu dute, printzipioz, gizonezko asilo-eskatzaileak lehenetsiko direla kanporatze-estrategia honetan, eta «arrakastatsua» bada (sic) familia osoak edota bakarrik bidaiatzen duten haurrak hartzeko prozesuak ere abia daitezkeela. Erresuma Batuko mugetara iritsiko diren migratzaile eta errefuxiatuak Ruandara bidean jarriko dituzte bertako mugazainek (6.500 kilometro, gogoratu), eta une horretatik aurrera, Ruanda arduratuko da beren asilo-prozesuaz. Harrera-zentroetan izango dira prozesu hori gauzatzen den bitartean, eta horren amaieran, gerta daiteke Ruandan geratzeko baimena eskuratzea, edo ez. Asilo-eskaera onartzen ez den kasuetan zer jazoko den inork ez du esan oraindik.

Giza eskubideak besterenezinak diren bezala, horien zaintzak eta bermeak ere halakoxeak beharko lukete. Xehetasunak jakin arte itxaron behar omen da iritzi sendo bat izateko, baina esango nuke nahikotxo dakigula jadanik. Gizagabea da, moralki gaitzesgarria, legez kanpokoa ziurrenik, eta bideraezina, gainera. Eta hala ere, egin egingo da, migratzaile eta errefuxiatuen eskubideak oso urritu geratzen zaizkigulako. Munduko beste puntan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.