Albistea entzun

ARKUPEAN

Urruneko denbora

Ana Malagon -

2022ko apirilak 22

Bizitzan behin betikoenak diren erabakiak bezala, behin-behinekotasunaren itxura zuen hasieran. Hala izan da askorentzat, egia da, baina gutxienez astean pare bat egunetarako gelditu zaie telelanarena hainbati, edo nire ogibidearen esparrua den teknologia arloan esaten den bezala, «urrutian lan egitea». Arlo honetan telelanak goitik behera aldatu du lan merkatua. Herrialdeen arteko balantza desorekatuaren alde batetik bestera salto eginez kanpoko enpresentzat lan egiten dutenen kopurua igo da, horrek zabaltzen dituen aukera eta ekartzen dituen zailtasunekin. Hainbat kasutan, salmentena baino gogorragoa da langileak erakartzeko gaur egun dagoen konpetentzia.

Bulegora berehala itzuli nahi izan zuten hainbaten jarrera ikusita, bazirudien haientzat lan egitea ez dela anbizio kontua. Ez da gustatzen (ez) zaizun zerbaitetan egunean zortzi ordu (gutxienez) egitea, ez da beteko (ez) zaituen eta esanguratsua (ez) den zerbait egitea, ez da fakturak ordaintzeko (nahikoa ez den) diru-sarrera baten truke egin behar den hori ere. Etxetik kanpo egoteko aitzakia da. Etxean gelditze hutsak ardurak eta zereginak ekartzen zizkien. «Behin-hor-zaudela»-koak. Erosketak, garbiketak, arretak, zaintzak. Eta bertan baina oso urruti egon daiteke norberaren etxea. Urruti baino oso presente kanpoko beharra.

Bizitza pertsonala eta lana erabat banatzeko desio unibertsal hori muturrera eramaten du Ben Stiller-ek Severance telesail gomendagarrian. Lanorduetatik kanpo langileek ez dute beraien lan jarduna zertan datzan gogorarazten. Bulegoan ez dakite lanetik kanpo nor diren. Estetika eta premisa erretrofuturistak engaina dezakeen arren, errealismo aztoragarriz jorratuak daude korporazioen kulturen inguruko hainbat gai. Barne eta kanpo inkomunikazioari dagokionean behintzat. Duela urte batzuk modan jarri zen lantokiak espazio sanitarioki zuri irekietan antolatzea. Ondo doakionaren umekeria duen teknologia arloko enpresa esanguratsuenetan ping-pong mahaiak jarri zituzten. Chill out espazioak lanordu extrak laztantzeko. Espazio irekienak ideia ona zirudien hasiera batean, sorkuntza eta komunikaziorako aproposa... ideiek oxigenoa behar dute eta ez espazio itxi ilun bat, gure enpresa oso horizontala da, ideia guztiak dira ongietorriak, oso alineatur... norbaitek termostatoa ukitu du berriz, zer egiten du pakete honek hemen erdian, inork hartuko al du telefono hori behingoz, zergatik ez zarete apur bat isiltzen denak, ez dago bilera gela sekula erreserbatzerik... Azkenean, bakoitzak bere burbuila pertsonal misantropoa topatu behar izan zuen trash metalean edo euriaren hotsa jasotzen duen hogei orduko audio batean. Espazio irekien moda horrekin benetako negozioa egin zutenak aurikularren ekoizleak izan ziren.

Urruneko burbuilan lan egiteak azpiegitura, jarrera, bizimodu eta lan-harremanetan eragina du. Ausentzia fisikoan, aritzean baina ez egotean, funtsezkoa da denboraren kudeaketa, lanekoa eta pertsonala, ondo mugatu eta konpartimentatzea. Urrutian lan egiten duten hainbat enpresek ordutegi tradizional bat baino, harremanetarako ordutegi bat ezarri dute. Beste guztia, zure konpartimentuak dira. Zure aritu eta ez aritzeak. Asinkronizazioaren koreografiak maiz huts egiten du hala ere. «Lepo zuriko» lanetan tradizionalki eman diren desordu eta ajeak agertzen dira berriz: norberaren denbora bakarrik aintzat hartzea eta oso barneraturik dagoen «dena orainaren» dinamika sadomasokista. Urrutiko «behin-hor-zaudela»-koak eta zama mental astun bat.

Urrutitik lan egiteko aholkuek lanean (tokian ala urrunean) eta egia esan, bizitzan orokorrean, zentzuzko pertsona atsegin bat izateko gutxieneko eta oinarrikoak diren gauzak bildu ohi dituzte. Baina antza denez, 2022an oraindik ere gogorarazi behar omen da gaueko 10etan bururatu zaizun ideia zoragarri hori jasotzen duen mezua bihar goizeko lehen lanorduan automatikoki bidal dadin programatu beharko zenukeela. Ez dela hain zaila. Ez dela hain premiazkoa. Eta ziurrenik, ideia hori ez dela hain zoragarria ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.