Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Demokraziaren suizidioa

2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
The Whasington Post egunkari estatubatuarrak 2017. urtean goiburu edo eslogan bat ezarri zuen bere bertsio digitalean, gerora paperera ere zabaldu dena: «Demokraziak ilunpean hiltzen dira» irakur daiteke geroztik. Bob Woodward ikerketa-kazetari ospetsuari zor omen zaio esaldia, eta ongi zekien berak zein sakon izan ohi diren erakundeen barrunbeak, Watergate kasu ezaguna hark (beste askorekin batera) ekarri baitzuen argitara. Bada, hain zuzen, horrexegatik aukeratu zuen kazetak gerora bere lanaren ikur bilakatu den esaldia.

Ezagun denez, hedabideen egitekoa norbaitek ezkutuan gorde nahi duen dena delakoa argitara ekartzea dela esan ohi da, eta Trumpismoaren garaiko oldarraldiaren ingurumarian, gobernuak erorarazten eskarmentua duen egunkariak prentsaren lekua aldarrikatu nahi izan zuen. Goiburua aldatu zuten egunean adierazi zuten horixe egingo zutela «demokraziaren defentsan, berau bahituta duten botereen aurrean».

Egunkariaren esaldia iradokitzailea da, beraz, baina ez guztiz zehatza, hiltzeko edo demokraziak akabatzeko moduak askotarikoak baitira, eta azken bolada honetan, suizidio-tasa oso altuak dira. Bere buruaren kontra egiten du demokraziak, barrutik erasan egiten dio bere buruari.

Adibidez, salbuespen-egoera baten dagoela argudiatuz, oinarrizko arauak urratzea ontzat ematen dugunean, urraketa horrek eragingo duen balizko mesedearen izenean. Gaixotzen hasten da horrela eta konturatzerako salbuespena eguneroko ogia da, arau-urraketa hori arau bihurtzen da. Eskubide oinarrizkoak eten egiten dira eta ia beti esan izaten da aldi baterako etena izango dela, egoera bere onera itzuli orduko lehengoratuko dela eskubideen aitortza, baina une hori ez da sekula iristen. Eta hori ere, ontzat ematen dugu, aurkari politikoak etsai bihurtzea normaltzat jotzen dugun modu berean.

Gure inguruko demokraziak hiltzen ari dira, edo, baikortasun poxi bat uzteko, larri gaixotuta daude. Azken aste hauetan, ia egunero izan dugu gure begien aurrean gaixoaldi terminalaren antz handia duen ikuskizunaren pasarte bat edo beste. Ministro batek aurkari politikoak zelatatzea defentsa-estrategia gisa aldarrikatu du, bere oposizio politikoaren txaloen artean; boterelegegilearen egoitzan gutxiegizelatatu izanagatik penatuta ageri den herri-ordezkari bat ere gehitu dakioke lapikoari. Demokraziaren balizko defentsan, hori bai. Gaixotasunaren zein fasetan gauden ez dakit, baina diagnostikoak ez du itxura onik.

Pegasus ez da independentismo katalanaren aurkako erasoa, edo ez hori bakarrik: demokraziaren beraren eta eskubide zibilen kontrako Troiako zaldia da.

Gure iruditerian demokraziak haiei bortizkeriaz eraso eginda hiltzen dira, estatu-kolpe batez, adibidez. Militarrak altxatu egiten dira eta hiriburua mendean hartzen dute, misilez suntsitzen dituzte azpiegitura oinarrizkoak eta bandera berria paratzen dute, demagun, gobernu-egoitzaren zabaltzan. Horrela gertatzen da telebistako film eta saioetan, baina ikuspegi klasiko hori aspaldi gainditu zen. Gaur egun, atzeraldi demokratikoa hautetsontzietan bertan hasten da, eta handik zabaldu egiten da barne-organo guztietara.

Historian zehar, denetariko adibideak daude: bat-batekoak eta agonia luze baten ostean iristen direnak, ageriko sintoma argirik erakutsi gabe edo higatze nabarmenaz. Ilunpean edo denok ikusteko moduan. Demokraziaren suizidioa ikuskizunlatza da, eta, egun hauetan, gure begien aurrean odolusten ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.