Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Urrutiegi

2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Lan-kontuak direla medio, nire adin-modu bertsuan dagoen gizon batekin geratu naiz bilera baten, eta aurretik kafe bat hartu dugu. Ohiko «egunonak» eta «zermoduzak» elkarri esan eta berehala, hileko mingarria izaten ote dudan galdetu dit, kafea azukrearekin edo gabe hartzen dudan galdetuko zukeen modu aseptiko berberaz. Garai baten bai, baina azken bolada luzean ezetz. Hilekoaren mina adinarekin aldatzen ote den galdetu du ondoren, eta ez duela zertan erantzun diot nik. Hirugarren galderaren bat mihi-puntan zuela igarri diodanean, gaiaz aldatu dut. Ohartu da, eta desenkusatzeko edo, Espainian legez arautu nahi den hileko mingarrien kontu hori ulertu nahi duela esan dit, horregatik ari omen dela inguruko emakume guztiei galdetzen.

Batere balio estatistikorik ez duen sasi-ikerketa dela jakin arren, bi ondorio nagusirekin amaitu dut kafea: hilekoa erabat arrotza zaio gizonari, eta uste du hori gure errua dela, gure hutsa, maitekiro eta modu didaktiko batez ez diogula orain arte kontatu izan gure intimitatearen berri.

Zalaparta handia eragin du hileko mingarriaren kasu medikoetan gaixoaldi-baimena eskuratzeko kontu horrek, eta ni harrituta nauka, zeharo, eztabaida horren kariaz berriro nabarmen geratu delako zein urruti bizi garen gizon eta emakumeak, itxuraz batera bizi garen arren. Zein urruti dagoen gure aita, anaia, lankide, lagun edo maitalea hilean behin munduko emakume guztion (baita haien alaba, arreba, lankide, lagun eta maitaleen) errealitatetik. Urruti gaude, eta neure buruari galdetzen diot nola den posible. Emakumeok batez beste 520 ziklo inguru izaten ditugu gure bizitzan zehar, berrogei bat urtez. Urtero 100.000 milioi tanpoi eta konpresa erabiltzen dira mundu osoan. Munduko populazioaren erdiak behintzat hortik pasatuko dira bere bizitzan zehar, hilero-hilero, hutsik egin gabe, edo ia-ia, eta hala ere, oharkabean pasatu zaio askori.

Bagenekien. Gizonen bizitzak unibertsalak dira, emakumeenak kategoria zehatz baten kokatuta eta zokoratuta geratu diren bitartean. Emakumeei berariaz eragiten digutenak halaxe izendatzen dira: emakumeen osasuna, emakumeen futbola, edo emakumeen txirrindularitza (ia-ia behartuta antolatu behar den dena delako hori, badakizue). Bereizketa egiten ez den kasuetan, bada, unibertsala omen da kontua, baina ez, gizonen osasunaz, gizonen futbolaz edo gizonen txirrindularitzaz hitz egiten ari garela ulertu behar dugu, nahiz eta hori ez den esan ere egin behar.

Emakumeak obszenoak gara eztabaida publikoan, gai unibertsalen auzietan: hau da, eszenatik kanpo jarraitzen dugu, eta erdigunera pausoa egiten dugun aldiro, bistara ageri da desberdinkeria.

Bagenekien. Emakumeak bortxaz kimaturiko zuhaitz meharrak gara eta halaxe izan gara Historiaren basoan. Irudi lezake mundu paralelo baten bizi garela, zeinean hilean behin batzuek, ohetik jaiki ezinda, amarruak asmatu behar izan dituzten ondoezik daudela ezkutatzeko, gizonen neurrira eraikitako munduan eguneroko bizitza egiten jarraitu ahal izateko. Irudi lezake ez dugula arterik egin, ez dugula ganorazko libururik idatzi, ez garela musikan nabarmendu, ezta zientzietan, edo kiroletan, edo burura letorkizukeen prestigiozko esparruetako bakar baten ere.

Bagenekien hori guztia, eta badakigu zergatik den hori: boterea dutenek eraikitzen dutelako mundua ikusteko modua; eta mundua nola ikusiko dugun erabaki dutelako boterea izaten jarraituko dute. Horregatik egon behar dugu plaza publikoan (ere): hor jokatzen delako beste mundu posible bat, zaharretik deseraiki behar duguna.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.