Albistea entzun

ARKUPEAN

Poltsikoak

Ana Malagon -

2022ko ekainak 17

Gure amari beti gaizki iruditu zaio poltsikoak hain estuki beterik eramateko nire ohitura hau. Inoiz ulertu ez dizkidazun neura gehienen atzean arrazoi sinple bat dago, ama. Giltza mordoa dut. Zure etxekoak, nire etxekoak, zure trasterokoak, bizikletaren giltzarrapoarenak, Narniara doan armairukoak, nire maitale ohien hilotzak gordetzen dituen hozkailukoak... Giltza horiek guztiek nire aldakan halako konkor bat osatzen dute eta beste aldean sakelako telefonoa daramat. Hauek dira nire kartutxera areagotuak. Leku guztietara daramadan motxilan sar nitzake batzuk eta bestea, baina segurtasun arrazoi apur bat paranoideengatik, sekula izan ez naizen girl scout hiritar batena ematen duen arau bat betetzen dut beti: diru-zorroa eta giltzak ez doaz inoiz leku berean.

Diru-zorroa eta giltzak banatzeko araua beti betetzen dudala esan dut. Beno, ez beti. Oso noizean behin, eta oso diodanean, OSO esan nahi dut, poltsikorik ez duen soinekoren bat janzten dut eta giltzak motxilan sartu behar izaten ditut, botikina, badaezpadako jertse arina, hilekorako kontingentea, diru-zorroa eta motxilatik ateratzea ahazturik fosilizatzen hasi zaizkidan bankuko gutun horiekin batera.

Asko idatzi da poltsikoei buruz generoaren ikuspegitik, soineko eta gonek poltsikorik izateak ala ez izateak, eta izatean hauek duten izaerak, zerikusi handia baitu emakumeari historian zehar derrigortu zaion lekuarekin. Etxeko lanetara, guztia eskuragarri dagoen eta norberaren intimitaterako toki gutxi uzten duen eremu batera mugatua, inori ez omen zitzaion bururatu emakumeek, etxeko mantala kentzean, poltsikoak behar zituztenik.

Gonazpikoari jositako poltsatxo gisa agertu ziren emakumeen lehenengo poltsikoak XVII. mendean, gizonezkoen eskuragarritasun praktikoarekin zerikusirik ez zutenak, noski. Gogoan izan zenbat geruza zeramatzaten soinean emakumeek garai hartan. Dei galduen eta kleenex pelotatxo abandonatuen hilerria izan behar zuen horrek. Mende batzuk beranduago, mundu gerretan ordura arte gizonezkoek egiten zituzten lanekin batera haien janzkera erosoak bereganatu bazituzten ere, 50eko hamarkadako gizartearen ikuspegi kontserbadoreak atzerapauso bat ekarri zuen eta berriz izan genituen emakumeak etxeetan, sekreturik gabeko eskuragarritasunera eta poltsikorik gabeko gona eta soinekoetara mugatuta. Iraultza txikika itzuli gara mundu gerretara, eta egia da, soineko eta gonen egoera oraindik dramatikoa bada ere, gero eta gutxiago direla poltsikorik ez duten emakumezkoen galtzak. Baina horrek ez du esan nahi gizonezkoen poltsikoen abantailak dituztenik. Ez baitira, ez forman, ez tamainan, inolaz ere gauza bera. Nekez sartzen dira gaur egun merkatuan dauden sakelako telefono gehienak. Telefono erdia kanpoan gelditzen da, balkoitik botatzeko prest bezala, eseri orduko «flop» eginez. Konplementura derrigorturik jarraitzen du emakumeak.

Poltsiko zabal batek bere baitan gordetzen duen independentzia mota hori arrotza egiten da, anputazioak jasan dituztenen beso eta hanken mamuen antzeko sentipenak eragiteraino. Ohituegiak gaude irteten garen bakoitzean gure intimitateak eta etxeko zamak, norberarenak eta besteenak, arrastaka eramatera, eskuak edo sorbaldak inoiz erabat libre izan gabe. Sufragismoak emakumeon botoaren eskubidearekin batera galtzak (eta hauen poltsikoak) eramateko eskubidea aldarrikatu zuenean, oso hutsala den zerbaiti izaera iraultzaileegia ezartzen ari natzaio, eta hala ere, erosotasunak dakarren askatasuna eta askatasunak dakarren norberaren patuari heltzeko burujabetzari lotua dagoela iruditzen zait.

Boto eskubidea lortuko zen, galtzak eramatearena ere bai, baina mende eta erdi beranduago, kalean «eramango didazu hau?» galdetzen duen pertsona bakoitzaren aldamenean, arduren tendinitisa pairatzen duen emakume bat aurkitzen dugu poltsa irekitzen, hau, hori eta beste huraren garraioan, bere arropan harrapatuta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.