Iñigo Martinez Peña.
ARKUPEAN

Iritzia emateko beharra

2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ikasleak deseroso egoten dira iritzia eman behar dutenean: horixe kontatu zidan aurrekoan laguna dudan euskaltegiko irakasle batek. Lurrera begira, aurpegia ezkutatu, izerditan hasi, mutu geratu... egonezina igartzen die mintzapraktika lantzeko gai baten inguruan iritzia ematera gonbidatzen dituen bakoitzean. «Benga, ba! Zer uste duzue gai horri buruz?». Ukrainako guda, gazteen kale-edana, COVID-19aren inguruan hartutako neurriak, trans legea... «Alde edo kontra zaude?». Solasaldiak beste moduren batera bideratu nahian dabilela esan zidan lagunak.

Edozein modutan, badirudi iritzia arin eta sendo ematea egungo inperatibo bilakatu zaigula. Alde edo kontra, arrakalarik gabe. Agian horregatik entzuten da, sarritan, gizarte erabat polarizatu batean bizi garela: burbuila digitaletan berdin-berdin pentsatzen dutenekin baino ez gara konektatzen; sare sozialetan gero eta ohikoagoak dira besteen kontrako irainak; gorrotoak gora egin omen du... Agian horregatik, ikasgelan, elkarri begira gaudela, gero eta gehiago kostatzen zaigu zerbait esatea.

Dena den, nik ez daukat argi polarizazioaren kontu hori. Egungo polarizazioa ezin dugu, behintzat, pasa den mendekoa bezala ulertu: bi blokeren arteko borroka ideologiko gisa, guda hotz gisa. Ez du ematen egungo eredu ekonomiko teknokratikoa polarizatuegia dagoenik! Altzairuzko horma jausi, eta historiaren amaiera iragarri zuen Francis Fukuyamak. Eredu hegemoniko eta bakarraren azken garaipenaren seinale gisa interpretatu zuen gertaera. Eta, oraingoz, eredu horretan jarraitzen dugu, planeta suntsitzen ari den bitartean...

Nola ulertu, orduan, aipatutako XXI. mendeko polarizazio hipermodernoa? Agian, polarizazio ekonomikoa edo politikoa izan beharrean, polarizazio psikologikoa da, egun, gehien pairatzen duguna. Nitasunen edo ego-en inguruko borroka da nagusi: gora ni eta nitarrak! Nire janzkera, nire iritzia, nire marka pertsonala. Ameriketako Estatu Batuetako made yourself neketsuaren ajea; Eric Laurent psikoanalistak salatutako «masa indibidualismoaren» ondarea. Horrela bada, polarizazioaz baino fragmentazioaz edo atomizazioaz hitz egin beharko genuke. Norbera bere burbuilan sartuta, bere iritzi argiekin isolatuta, bakarrizketa digitalean. Ni esaten dudana naiz, ni nire iritzia naiz.

Horrela al da? Askotan ez dakit zergatik esaten dudan esandako hori: arrazoi inkontzienteak ere egon daitezke. Askotan, esandakoa birpentsatu, ondorioez ohartu, edota bizipen eta elkarrizketa berriekin alderatu behar izaten dut. Denbora hartu behar da; izan ere, finean, ni ez naiz nire iritzia. Esaten dudanaren eta naizenaren artean tarte bat zabaltzen da, zulo bat. Eta nahiago dut zuloen inguruan galderak partekatzea, aldeko eta kontrako iritzi atomizatuen identitateak bultzatzea baino. Zuloetan elkarrekin aritzea da kontua: horrela ulertzen du pentsamendua, adibidez, haur filosofiak: ikerketa komunitate gisa.

Euskal Herri mailan Jakinmin elkartea dugu horren pizgarri. Honako hauek bultzatzen ditu: pentsamendu kritikoa (norbere sinesmenak zalantzan jartzeko), pentsamendu sortzailea (ideia berriak proposatzeko), eta jarrera arretatsua (besteen pentsamenduak kontuan izateko eta esandakoa serio hartzeko). Elkarri entzuteko eta norberaren kontraesanez ohartzeko bideak. Horregatik, arraroa ematen badu ere, nire iritzi atomizatua zulatu nahiko nuke iritzigilearen zutabean. Hobe elkarrekin pentsatzeko gunea izatea iritzia emateko gunea baino. Egun, Byung-Chul Han pentsalari korearrak Infokrazia liburuan esan bezala, informazio asko dago, komunikazio asko, baina komunitate gutxi. Nola ulertu behar da komunitatea? Zer da? Itxi gabeko galdera izatea nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.