mikel elorza
ARKUPEAN

Burezurra eta eskanerra

2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Tarteka kaskoan ibili ohi dudan gaia derrigorrean berritu zait joan den astean, hilerrira egindako bisita medio. Heriotza, gorpuak, errituak. Izan liteke arrazoia edadean aurrera goazela eta gero eta gehiago direla beste aldean ahotsik ez duten telefono zenbakiak nire segapotoaren agendan, baina ez da heriotzarenetor beldurrak bereziki estutzen nauela —oraindik puskatean lata emateko asmoz nabil—, kezka antropologiko aspaldikoa baizik.

Gizakiok beste animaliengandik horrek bereizten gaitu, bertzeak bertze, eta halaxe seinalatzen dute mugarri gisa antropologo eta paleontologoek: une batetik aurrera, duela jada milaka urte, hominido batzuek hildako euren kideak lurraren ongarri gisa piztien bazkagai utzi beharrean, eurek ordura arte, eta gainerako animaliek beti, egin bezala, bada erabaki zuten erraustu, lurperatu eta toki berezi batean gordetzea. Sakralizatu egiten da, berbakotea baimentzen bazait, heriotza, eta erritu berezi bat sortzen da, eta lotura bat, eta... halaxe gabiltza geroztik, belaunez belaun, edukiontzi organiko apartekoak egiten: cromlechak, trikuharriak, hilobiak eta gero jada hilerriak (gizartea sortze beretik klasea ere sortu zenez, kontainerretan ere klaseak: zulo sinpleenetik Keopsen piramideraino, katalogo oso bat). Gure DNA sinbolikoan txertatua egon da, dudarik gabe, arbasoena. Kontzeptua bera.

Baina abiada bizian aldatzen goaz eta errituak ere pokemonak baino azkarrago eboluzionatzen direnez, jakin-mina dut gure ondorengoak joango ote diren hilerrietara arbasoei loreak (edo liburu bat, tabako pakete bat) eramatera. Kanposantuek etorkizunik ba ote duten. Domu Santu egunak lore-saltzaileen urteko estra izaten jarraituko ote duen.

Ezezkoannago. Hau ere etxeko emakumezkoei utzitako lana izan da, aitor dezagun, zaintza-lana ere bai baita hau. Aldatu egingo dela uste dut: gure buruak eta bizi direnak zaintzen nahikoa lan badugu, hildakoen zaintzarekin ere kezkatzeko. Denerako astirik ez daukagu. Alor honetan, panteoiz panteoiko sistemaren ordez errausketa nagusituko dela esango nuke, eta oroitarri gutxi. Low cost heriotzak; 140 karaktereko errituak.

Eta honetan nenbilela, atzo erreportaje bikaina irakurri nuen berripaper honetan, hilerri digitalen inguruan. Interesantea, baina espantu pixka bat ere eragin zidana. Seguruenik izango da nire ikuspegia australopiteko xamarra delako eremu (latz) honetan, baina lore digitalak eskaintzea hildako baten facebook orrian atximurka existentziala eragiten didan kontua da. Mezuen bidalketa programatzea dagoela jakinda, imajinazioa speed marra hartuta bezala hasten zait eta izutzen nau dagoeneko harrak jandako lagun baten guasap bat jaso dezakedala pentsatzeak: «Kaixo, Mikel, oraindik ere maite nauk? Gaurko tragoa nire kontu», hunkirudi begi-kliskatzaile batez lagunduta. Testamentu bital deitutako hori —egin dezagun, jende, egin dezagun—, azken borondateen adierazpena dena, formulario noir bat begitantzen dut urte gutxi batzuk barru: errausketa edo lurperatzea aukeren aldamenean digitalizazioa; eskelen alboan bertso sentiberekiko estekak; ausaz aldatuko diren hilartitz okurrenteak, eta beste zernahi. Heriotzaren digitalizazioa,a ze ikara, ehorzlea bata zuriz eta eskanerrarekin!

Hilerri digitalena arrakasta izan dezakeen kontua dela ohartu naiz, nire karikaturatik haratagoko irtenbide bat da, gure garaikoagoa, eta normaltasun osoz hartu beharko dugu. Hil egingo gara, seguridade hori behintzat badugu, eta hori nola kudeatu erabaki beharra dago. Zaintza edo aparkatzea izango den, horixe ikuskizun.

Baina edozein dela, nik oraingoz jarraituko dut omenezko trago bat hartzen noiztenka, kantu bat xuxurlatuz, eta paseo bat emanez hilerrian (udalak terrenoa muno-ren bati etxeak egiteko saltzen ez dion bitartean).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.