Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Alfabetatuen pribilegioa desegin

2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Liburu dendako ateak zabaltzen ditugularik, gogoetatzeko eta amets egiteko toki bat aurkitzen dugu. Gure aitzinean milioika hitz eta beste hainbeste istorio nahasten dira. Geure buruak ez dezake pentsa zenbat paper, zenbat tinta eta zenbat denbora kabitzen den leku ttiki horretan. Zorabiatzetik iheska aritzea nahiago dugu, irakurri dugunaz eta ez dugunaz hitz eginez. Herriko dendatik sartu eta irten dira jendeak. Batzuetan soilik kafe bat hartzeko edo zeozer kontatzeko heldu dira. Multzo horretan euskaldun asko dira. Baxenabarreko liburu denda bakar horretan bezeroen kasik ehuneko laurogeia dira.

Toki horretako ateak pasaturik denbora gelditzen bada ere, errealitateak ametsekin laster talka egiten du. Hortik ibiltzen direnen artean portaera ezberdinak identifikatzen dira. Batzuek aski fite galderak bideratzen dizkiete dendariei, beste batzuek xoko guziak miatuko dituzte beren kabuz. Maiz, hizkuntzaren hautua lehenengo indizea edo baldintza bilakatuko da. Haurrei dagokienez, ez du arazorik sortuko. Gehienetan euskaldunek euskarazko liburuak eskaintzen dituzte eta frantsesak frantsesezko aleekin dendatik ateratzen dira. Euskaldun batzuek frantsesezkoak ere, eta kontrakorik ez. Helduen kasuan, hizkuntza traba bilakarazten dute. «Ez dut fitsik ulertzen», «frantsesez irakurtzea errazago zait» edo horrelako esaldiak noiztenka entzuten dira. Irakurlearen mailari erreparatuz gero, euskarazko sorkuntzaren atea pixkanaka-pixkanaka irekitzen joateko ahala eskaintzen zaie. Ez baita normala gure jendartean norbere hizkuntzan irakurtzeko gai ez senditzea. Frantsesezko edozein liburu eskainiko diolarik bezero bati, euskaldunen hizkuntzaren mailari kasu egin eta araberako aholkuak eskaini beharko dizkie dendariak.

Atea ixteko ordez, beste mundu bat irekitzen zaio euskaraz gutti alfabetatua izan den euskaldunari. Hemen euskaldun zahar edo berri sailkapenak ez du gehiago zentzurik. Paradoxa handia dirudi bere hizkuntzan irudikatutako mundua deskubriarazten diogula euskaldun horri. Nola euskal kulturaren atal bat ezezagun gelditzen ahal den nahiz eta beste hainbat kultur forma ugaritan parte hartu? Euskarazko literatura arrotz eta urrun ikusten da. Horrela agindu zutelako bi Estatu nazioek, hizkuntzaren alfabetatzea ahal bezainbat murriztu eta ito. Ondorioz arnasarik gabe geldituko zen literatura idatzia. Bereziki, saiakerak, eleberriak, narrazioak edo poesia liburuek estigmatizazio horretaz sufritzen dute. XXI. mende hasieran, Mendebaldeko Europan ez litzateke hain ebidentea alfabetatu gabeko populu bat atzematea. Baina bai, hizkuntza minorizatuak diren hein handi batean, ahotsetik idazterako bidea hain erraza ez da. Hasteko, mintzatzetik idazteko pausoa eginik ere, idazki guztiak ez dira euskaldun guzientzat eskuragarri. Batuak ekarri iraultzak, ordea, alfabetatze prozesu luze bat dakar. Arazoa da prozesu hori ez dela autonomoa, eta baldintza asko kontuan hartu beharko direla hizkuntza baten alfabetatzea lortzeko. Besteak beste, hizkuntzaren ofizialtasuna eta bere irakaste sistema osoa.

Hala ere, erronka bezala hartu eta euskarazko literaturara murgiltzeko bide berriak diseinatzea garrantzitsua dirudi. Abiapuntu gisa, liburu bakoitzari hizkuntza ezaugarriak hartu eta ahal bezain hautu egokia aurkezteko aukera zabaldu. Hautua ez baita soilik irakurtze ohiturari lotzen baina baita ere erabilia den hiztegiari, liburuaren generoari edota bere luzetasunari. Garrantzitsuena: irakurlearen gustuen araberakoa izan behar du aholkuak, murgiltze hori plazera izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.