Julen Azcona
ARKUPEAN

Ezezagunaren etxea

2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Norbait hobeto ezagutzeko lekurik aproposena bere etxea da. Kaletik zelata genitzake, pareko eraikin batetik, leiho batetik bestera prismatiko batzuekin, baina orduan xehetasunak galtzeko arriskua izango genuke. Izan ere, etxearen sarrera da lekurik hoberena pertsona baten izaeraren bazter sekretuenak miatzeko. Bertan paratzen diren ornamentuek uste baino askoz gehiago esaten dute han bizi denaz. Leku hauek, zoritxarrez, ez dute maiz leihorik eta, beraz, kanpotik espiatzeko ikusgarritasunik ere ez. Kasu hauetan, kuxkuxeroei geratzen zaigun aukera bakarra da inkilinoaren lagun bihurtzea, bere domeinuetan sartzeko baimena lortu arte, pelikuletan banpiroei baimena ematen zaien antzera. Lan zaila da. Gainera, behin helburua lortuta, arau sozialen diktadurarengatik gizakiok etxeen sarreretan normalean hamar segundo baino gehiago ez gara luzatzen; beraz, superheroiak bezala X izpiekin lekua azkar-azkar arakatu beharra dugu, etxearen beste zonetara mugitu baino lehen, sukaldera edo egongelara.

Zer dute etxeetako sarrerek, hainbeste liluratzen nautena? Nire gurasoen etxearen sarrerak, adibidez, eguzki-lore bat, olibondo adar bat eta Euskal Herriko zurezko armarri bat ditu. Lagun batek maitagarrien irudiak ditu, koadro eta estatuatxoen formetan. Beste batek apalategi batean jada nahi ez dituen liburu zaharrak dauzka, gonbidatuei oparitzeko asmoz, ez ekintza on bat bezala, garbiketa egiteagatik baizik. Unibertsitate-ikasleen pisu partekatuen sarreretan maiz ez dago ezer, soilik hautsontzi bat eta, behar bada, aurreko botila festaren garagardo ontzi hutsak. Horrek ere informazio handia ematen du. Hutsuneak ere adierazgarriak dira.

Gizakiaren jakin-mina dela eta, etxea izan da beti elementu errepikakorra literaturan, zineman, musikan. Karmele Jaiok Aitaren etxea bilatzen du bere eleberrian. Ozeko aztia liburuan, Dorothyk ikasten duen lezioa da «jaiotetxea bezalako beste lekurik» ez dagoela. Homeroren Odisea obran, Ulisesek etxera, Itakara, bueltatzeko desira dauka, eta bidean sekulako oztopo eta arriskuak aurkitzen ditu. James Joyce idazle irlandarrak, aldiz, istorio klasikoari buelta eman eta emazteak engainatzen duelako etxea zapaldu nahi ez duen gizon baten komeriak kontatu zituen bere mila orrialdeko Ulises eleberrian. Alfred Hitchcocken Atzealdeko leihoa filmean, leiho batetik bestera bizilagunak zelatatu eta prozesuan hilketa misteriotsu bat deskubritzen duen pertsonaia da protagonista. Antzeko zerbait gertatzen da aurten Canneseko zinemaldian aurkeztu den Decision to Leave film korearrean, non polizia batek krimen baten susmagarria den emakume baten etxea leihotik leihora zelatatzen duen, nahi gabe hartaz maiteminduz.

2022an, etxeen eta sarreren lilura boladan dago. Duela bi mila eta ehun urte, norbaitek Irulegin amuleto bat zintzilikatu zuen bere etxeko sarreran, iragarpen onak erakartzeko eta deabruak izutzeko intentzioarekin. Binokularrekin espiatzen ari bagina bezala, berriak munduari buelta eman dio eta denok imajinatu dugu nola izango litzatekeen euskaldun zahar horren etxea, ea armarriak edo eguzki-loreak ote zituen; ea lurra lantzen zuen edo, ordea, artisaua zen; ea bakarrik ala familiarekin bizi zen. Momentuz, ez da asko daukagun informazioa. Ez dakigu zorigaiztokoa ala zoriontsua zen, baina jakin badakigu zorionekoa izaten saiatu zela; eguneroko lanaldiari aurre egin baino lehen, esku formako tresna magiko baten bidez, gogorarazten ziola bere buruari (edo berarekin bizi ziren horiei) amore ez emateko. Brontze Garaiko gizon edo emakume horrekin lotzen gaituena, munduan existitzen diren elementu guztien artean, itxaropena eta zoriontasunaren bilaketa da. 'Sorionekuak' gu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.