mikel elorza
ARKUPEAN

Fisika eta kimika

2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kaliforniatik etorri zen notizia, amerikanoek fusio nuklearra egitea lortu dutela, eta poza barreiatu zen munduan, onddo atomikoa bailitzan. Energia agorrezin, garbi, hondakinik sortzen ez duena... ikusteko dago hori dena, baina laborategi militar batek abiatu du atomoaren konkistaren lasterketa, Europako laborategiak ere ari dira, eta gu haien distirarekin itsu. Baina kontua fusioa bainoago betiko doinu tradizionala izango da: teknologiaren jabe direnak jabeago izateko balioko du. Kerik gabeko su hori balego, Olinpoan edukiko dugu, eta handik kanpokoek ez.

Egia esan, fusioarena, ez atomikoa, garai batean bizitzaren alor guztietan geure egin behar izan genuen leitmotiva, surik gabeko kea iruditu izan zait. Ziri handi xamarra sartu zigutelakoan nago: estiloak ezkondu behar ziren, mundutar bihurtu behar ginen, askotariko, eta trikitixa eta flamenkoa nahasi, beltza eta zuria uztartu, marmitakoa beharrean tatakia kozinatu, eta abar luzea. Fusioaren izenean, konfusio galanta, eta txorakeria ugari.

Azken asteak, baimentzen bazait hitza, disfusioarenak ere izan dira. Bi kooperatiba (ekonomikoki) ahaltsuek ama kooperatiba utziko dute, esplikazioak esplikazio, seguruenik amarekin partila egiteaz nekatu direlako. Autonomia kontua omen: alegia, boterea; alegia, dirua: nork hartu erabakiak... mozkinen gainean! Hau da: nor izan pistoien jabe.

Donostialdeko ospitalean disfusiorik ez dakit, baina diskusiorik izan dute. Eta hor ere itxura dauka arretaren eskasiak ez daukala tokirik eskaileretan, han bildu diren ospitaleko patrizioen artean. Donostialdeko ESIko txiskeroa noren patrikan gorde borroka, hor ere, esango nuke.

Baina oker egon naiteke, bata zein bestea jakin baino ondorioztatu egin behar izan baitugu: izan ere, difusioa, informazioarena, ez da haien indarguneetako bat. Informazio inportanteena isolatu egin dute.

Infusio hamabostaldia ere izan da, alkohola debekatutako Qatarren. Mate-a nagusitu da, eta garaitzaren arrakastan tango tristea Parisen dantzatu dute eta can-cana Buenos Airesen, eta gu begira, jendaurrean txapelketa boikotatzen baina supazterreko intimitatean baloiaren ibiliari so. Oso giza eskubideen aldeko, hori bai. Eta, betiko legez, besoak argentinarrek (unos prepotentes, auzoko tabernari nikaraguarrak dioenez) jaso, baina irabazi emirrak irabazi du. Gure su guztiak elikatzeko lehengaiak berak dauzka. Harroa, finalean «Nuklearrik ez, eskerrik asko» txapa paparrean eramatea baino ez zuen falta.

Zorionez, eta Espainiako desintegrazio instituzionalaren zurrunbiloan sartu aurretik, astearen amaieran perfusioa izan genuen: belarrietatik, begietatik, zainetik eta azaletik ere sendagai ederra sartu ziguten. Emozio-transfusio itzela, Navarra Arenan. Zentral nuklear handienean baino energia gehiago bildu zen han, fisikak dioena dioela, han kimika zegoen. 13.000 lagun isilik bertsolariari adi, eta gero leherketa! Latza. Inportantzia handia ematen diogu endogamikook, eta agian handik kanpo milaka dira futitzen direnak bertsoaz, baina buru-errepresioaren galga kendu, ezarria kanpotik eta guk geure buruari jarria gehienetan, eta merezi dugu tarteka geure buruari orgasmo kolektibo bat ematea. Gainera kulturaren eremuko sexu ahozkoa oinarri, ez kirolaren eremuko sarketa gailen duena. Kultura eta lehiaketaren inguruko analisiak analisi, beharrezkoak direnak, ederra izan zen festa, eta inork zalantzarik badu, doala Heisenbergekin partikulak zenbatzera. Andá pasxá!

Baina gabiltzan erne. Hangoa zain berrietara aldatzen asmatzen ez bada, transfusiorik ez badago, bere horretan agortuko da. Hondakin erradioaktiboek milaka urtez irauten dute, poz atomikoek ez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.