garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Urte zahar, urte berri

2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Abenduak azken hondarrak ditu eta enpresek, instituzioek, agintariek oro har, baina bereziki komunikabideek, balantzeak egiten dituzte, hamabi hilabeteko zikloan nagusitu diren albisteak zerrendatzen dizkigute, bakoitzak bere ikuspegitik, bakoitzak bere toki, posizio, ildo, estilo, metodo eta irizpideetatik. Ederra, BERRIA-ren hautua. Bere lantresnari leial, bi hitz ipini ditu eguneroko hiztegi osoaren buru, bi ele soileta ahotan hartzearen poderioz honezkero higatu, eri dugun munduaren oraina laburbiltzeko. Baina zer dira bi berba horiek testuinguruaz harago? Zer dira Ukraina eta Zorioneko, elkarren alboan jarrita kontraesan eta ezkonezin diruditen bi sentsazio baino?

Hain zuzen. Sentsazio bat, sentipen harrigarri bat izaten da urtearen amaiera. Gehienetan kontraesankorra. Gehienetan, Gabonen abaroan nagusiarazi nahi den poz ergelarekin ezkonezina. Hortaz, gehien-gehienetan txarra, edo bederen ezerosoa, ezinegonera eramango zaituena, zipriztin apokaliptikoz bustia. Dena aldatzen da, dena ari da etengabe eta ziztu bizian mutatzen, minutu bakarrean eszenatokirik egonkorrena ere itzulipurdikatzeraino, baina funtsean betidanik izan da mundua orain den bezain latza. Gerrak, hilketak, hondamendia, botere dantza, genero indarkeria, migrazio krisiak, ekonomiaren gainbehera, eskubide urraketak, energia iturrien hekatonbea, inflazioa, ingurumenaren degradazioa... Etorkizun oparoa nahi, etorkizunik izateko zer behar den pentsatzea bazter utzita. Magia da espero dena. Loteria.

Munduaz egiten den irakurketa errepikatuak berotzen du sentsazio txar horren lurruna. Halaxe doa tonua hartzen, abenduari ateak ireki ahala. Eta jarraian jaiegunak datoz, santomasak, enpresa bazkariak, baserritar jantziak, kantu nostalgikoen saioak, eskea, argiak eta zuhaitzak, Olentzero edo dena delakoa, opariak, eta jakina, famili otorduak, aspaldi ikusi gabeko adiskideekin tupust egitea, kontsumismoa, pakete berean heldu beharko lukeen aldarte jakin bat, garaiko iragarkiek areagotua, momentuka euforikoa eta azkenerako faltsua beharbada, baina sekula iritsiko ez dena, anabasa horrek denak besterik dakarrelako funtsean. Alegia, pausa: heldu litekeenaren itxaropena baino gehiago, nor izan nahi zenuen eta nor zaren, zehazki non zauden, nola iritsi zaren bertaraino, zer utzi duzun atzean.

Orduantxe pizten dira mamuak. Orduantxe hasten dira norberaren hildakoak presentzia hartzen. Urteko edozein egun buruzuritan bizi legearen ordaina izan zitekeena aingura da orain. Lotuta sentiarazten zaitu, hutsunearen grabitatean harrapatuta. Imajinatzen duzu aita, bere begirada zorrotza. Etortzen zaizu gogora amona, gogor eta era berean samur. Harekin batera, minbiziak eramandako adiskide-mina, eta inoiz ahantziko ez duzun emakume xalo hura, depresioa zer den edo bazenik ere usaintzen ez zen garaian, bere buruaz beste egin zuena. Pun eta kito. Legeak aipaezin bilakatu dituen horietarik asko ere alboan sentitzen dituzu, bereziki bat, edo apika bi. Besterik ere bada, noski.

Jarriko dituzu denak gaurko egoerari begira, ilaran. Beren ohiko tankeran begitantzen zaizkizu, betiko keinu eta maneretan, baina purrustadan, gertatzen ari denarekin kritiko, eta halere zirrikitu positiboaren bila, irribarrea marraztu nahian, zuk zaputzaldietan nekez egiten duzuna. Eta haiei ukatu zitzaien etorkizuna zarela pentsatuko duzu. Eta kopa altxatuko duzu. Haien memoriaren eta proiekzioaren alde.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.