Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Delako hura

2023ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Hamar urte berantago haren izena idatzi zuen Facebooken. Segur zen berriz topo eginen zuela bere identitatearekin. Aspalditik bazekien xerkatuko bazuen agertuko zitzaiola beste horren aurpegia. Alta, ez zuen sekula entseatu. Ez zen unea. Baina noiz izanen zen momentua? Nork erranen zion Ā«orain bai, egin dezakezuĀ»! Nehork ez.

Inork ez zion baimena emanen aspaldiko hura zenaren atzemateko. Elkartze fisikoa ez zen posible. Eta horrela hobe. Beste herri batean bizi zen. Ozeanoaren bestaldean, ilunabarretik haratago. Egia errateko, ez zen segur delako horren begitartea gogoratzen zuenik. Hala ere maiz pentsatu zuen elkar topatzen ahalko zutela karrika baten izkinan. Kasualitatez. Beste hura bidaiatzen ari zela bere herritik pasatuko zela. Kointzidentzia. Eta topa, biak elkarri so.

Hain hipotetikoa zen non hipotesi hori etorri bezain fite bere burutik desagertzen zen. Hodei beltzetik laino xurira. Ortzantza saihesturik zeru argira. Ufaka eta ufaka ari zen, emeki baina erregularki aro txarra ekartzen zuen hodei hura urruntzeko. Baina noiztenka amets egiten zuen topatzen zuela. Holakoetan desiatzen zuen bere parean gertatzea. Une horietan harekin elkartzeak zeruzaharraren gisako esperantza ekartzen zion.

Topaketaren gogoak baldintza bereziak behar zituen. Horregatik leiho hori ez zen usu idekitzen. Suposatzen zuen aitzin-prestaketa bat. Trebatze fisiko eta psikologiko baten ondotik baizik ez zen posible izanen. Alde batetik, diskurtsoa landu beharko zen. Zer eta nola adierazteko; eta, sustut, mezua argi izan beharko zen. Bestalde, ez zen erori behar haren aitzinean: burua ezin zen makurtu, gibel egiteko aukerarik ez zen utzi behar. Galernaren erdian haizeak arropak baizik ez zituen higituko. Papoa zut eta burua argi. Betebehar arrunt bezain ezinezkoa zirudien.

Hori dena jakinez elkar topatzea, ezinbestez, ez zela aurreikusia izanen. Batak bestearen telefono zenbakirik ere ez zuten.Facebooken ez ziren lagunak. Twitterren ere ez; funtsean, sare hori ez zen existitzen elkar ezagutu zutelarik. Behin bakarrik elkar ikusi zuten. Beraz, ez zen arrazoi handirik izan zenbakiak trukatzeko. Bazekien lehen bizi zen lekutik ez zela urrun bizi, baina geroztik herriz aldatu zuen. Ez zen sekula itzuli lehengo herrira. Bizipenari lekua utzi zion. Minaren tokia han zen, hango hiriko zoko jakin batean kokatua zen eta handik ez zen aterako.

Leku zehatzak eta distantziak markatzen zuten erasoaren kokagunea. Bi elementu horiek ez zituen mugitu nahi. Iruditzen zitzaion gertakariak bere buruan gisa berdineko lurruneko oroitzapen toki garbi batean hibernatzen zuela.

Hori guzia ez zen ezkutuko harreman baten gogoratzea. Ez zen maitasunaren amets gordea. Ez, ez zen holakorik izan. Nahiz eta gaualdi batean elkarrekin mintzatu ziren. Elkarrekin irri egin zuten, bai. Lagunartean mozkortu ziren. Elkarrekin etxeratu ziren ez zuelako beste lo egiteko tokirik.

Lau lagunen arteko gaualdi xumea zen. Hiruk ezagutzen zuten elkar. Baina laugarren hori baten adiskidea zen, beraz, konfiantzazko joera zuten laurek. Deliberatu zelarik baten etxera elkarrekin joanen zirela denak, ez zen galderarik egin. Astebururo lo egiten zen lagunaren etxean. Gurasoen sotoa bilakatu zen hiruen babesleku. Ikasleak ziren denak. Kanapeak instalatu, ordenagailua jautsi eta musika egiteko estudio bilakatu zuten. Baina ustezko leku seguruenetan gertatzen dira bortxaketak.

Hamar urte berantago haren izena idatzi duelarik Facebooken agertu zaion aurpegia ez zuen gogoratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.