Julen Azcona
ARKUPEAN

Txina, Hollywood eta Untxiaren Urtea

2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Joan den utarrilaren 22an, igandearekin, Txinan Urte Berria ospatu zen. Aurten Untxiaren Urtean sartu gara, bizitza luzearen, bakearen eta oparotasunaren sinboloa omen dena. Kultura txinatarraren arabera, beraz, 2023 itxaropenaren urtea izatea aurreikusten da. Gurutza ditzagun hatzak.

Horoskopo txinatarraren kontua polita iruditzen zait. Begiratu azkar bat egin dut Interneten, eta ikusi dut nire zeinua txakurrarena dela. Txakurrak leialak eta zintzoak omen dira, atseginak, adeitsuak, zuhurrak. Gainera, urtarrilean jaio nintzenez gero, hurrengo zeinuarekin mugan nago, alegia, txerriaren urtearekin. Ez dakit horrek zer esan nahiko duen. Beharbada hobe ez begiratzea, irudimenari bide ematea.

Aurten, Urte Berri Txinatarra Madrilen bizi ahal izan dut. Nazionalitate txinatarra duten 10.000 pertsona baino gehiago bizi dira soilik Userako auzoan (horregatik, Txinatar auzoa bezala ere ezagutzen da). Hamarkadatan zehar, Txinatik etorritako hainbat eta hainbat belaunaldik jardunaldi berezi hau ospatzeko aukera izan zuten, hainbeste faltan botatzen duten sorterriari omenaldia egitearren. Auzoko kale nagusian pilatu egin zen ikusleria, mozorroz eta karrozaz eta dragoiz betetako kalejira ikusteko asmoz. Hiriko punta guztietatik etorritako ikusnahiek bete zituzten metroko bagoiak, autobusak eta kaleak. Azkenean, masifikazioa gehiegizkoa izan zen, eta ikuskizunaz gozatzea zaila zen batzuetan (auzoa ez da oso handia, eta ez dago prest hainbeste pertsona jasotzeko).

Estutasunera ohitu ondoren, kalejiraren detailetxo batek atentzioa eman zidan. Emakume txinatar talde batek dantza bat prestatu zuen abanikoekin, forma bitxiak sortuz. Dantzaren amaieran, abanikoek Kaixo hitza sortu zuten. Taldearen bozeramaileak esan zigun keinu horrekin Txina Espainia agurtzen ari zela. Polita iruditu zitzaidan. Batzuetan, jaioterria uzterakoan, herri berriarengandik espero dugun gauza bakarra horixe da, ez beste ezer. Ikusia izatea. Pertsona bezala, berdina bezala.

Polita da pertsona ez-txinatarrok urtean behin urruneko herri horretako kulturaz interesatzea, eta Madril bezalako hiri kulturaniztun batean geroz eta normalizatuagoa egotea Urte Berri Txinatarra. Aldi berean, berdintasunaren eta aniztasunaren aldeko borroka egunero bilatu behar dugu. Antirrazismoa egunero landu behar da. Etorkinen integrazioa. Haien kulturen errespetua. Aktibismoa. Ahots migratzaile eta arrazializatuak entzuten saiatzea, adibidez, sare sozialetan (hainbat kontu badira gai hauei buruz informatzeko TikTok, Instagram edo Twitter bezalako aplikazioetan, bideo motz, entretenigarri eta didaktikoekin).

Zutabe hau amaitzear nagoela, ikusi dut AEBetako zinemaren Oscar sarietan izendapen gehien lortu duen filma Everything Everywhere All At Once dela. Familia txinatar etorkin baten istorioa kontatzen du, 60 urteko emakume txinatar baten ikuspuntutik, garbitegi bateko jabea bera. Egun batean, protagonista ohartzen da unibertso alternatiboetan gertatzen ari diren bere bizitza guztiak bizi ditzakeela aldi berean. Filmak superheroiei buruzko komiki baten egitura dauka (gaur egun hainbeste arrakasta duen Marvel estudioari keinu bat eginez) eta, aldi berean, kutsu sozial bat dauka, honako galdera hau proposatzen baitu: hobeagoa izango litzateke protagonistaren bizitza bere jatorrizko Txina inoiz utzi ez balu? Kontakizun hunkigarria da, Hollywooden ere bai, hemen bezala, dibertsitatearen bila dauden seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.