Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Lur azpiko bizia

2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Izan zitekeen Euskal Herrian, izan zitekeen munduko edozein laborantza lur industrializatutan. Plutôt nourrir: l'appel d'une éleveuseliburuan (Elikatzea hobe: hazle baten deia), Noemiek kontatzen digu Londresera joan zela lan egitera bere «goi mailako» ikasketen ondotik. Parisko Zientzia Politikoetako eskolan ibili zen hainbat urtez. Hori dena egin, eta Estatu frantseseko Gers eskualdera mugitu zen. Hara, lan berri baten asmoarekin joan zen. Xerriak haziko zituen. Laborari izanen zen.

Bere ohiko bizimoduarekin gainezka zela, bizia aldatzeko premia sentitu zuen. Karrera «ospetsu» bat utzi, lurreko lanak esperimentatzeko. Eta ez edozein. Hazkuntzak erakartzen zuen. Zehazkiago, bere lagun ohiaren burasoen etxean oporretan ikusi zituen xerriek ekarri zuten laborantzara eta abere horren hautatzera.

Lehenik formatu, gero etxalde baten segida hartu eta instalatu egin zen. Nahiz eta liburuan ez duen hainbeste zehazten, bizi aldaketa hori eritasun baten ondorioz egin zuen. Orduan, ez zen bakarrik asmo berri batzuen alde egiteko manera izan. Bizimodu aldaketa, inguratzen gaituen kutsadura eta uhinen kalteen ondorioz izan zen. Ingurumen babestu eta osasuntsu batek kalte guttiago eginen zion gorputzari. Erabakia, beraz, gorputzetik abiatu zen. Hots, behartze arrazionalizatu baten emaitza zen.

Sailkatzeko zailtasunak ekartzen dizkigu obrak. Biek idatzi zuten, baina Noemie saiakera horren zentroan dugu. Clément Osék Noemie Calais-en bizia kontatzen digu eta Noemieren egunerokoen zatiak agertzen zaizkigu. Hala ere, Noemieren hitzak ez balira letra etzanez argitaratuak, ez genuke jakinen nork duen narrazioa gidatzen. Funtsean, biek dute saiakera osatzen kazetaritza narraziotik urrunduz. Emazte neo-baserritar baten portreta izan behar zuena, laborari mundua salbatzeko deia bilakatzen da.

Bizipen eta datu zehatz bezain harrigarrien bitartez, oraingo laborantza mundu erresistente eta autonomoaren beharra azpimarratzen dute. Lan fisikoen eta karga psikologoen aldeak kontatuz. Eta horren aurrean kolektiboaren garrantzia goraipatuz. Industrializazioaren sarraskia gogoan, ingurumena zainduz lan egiten duten laborarien egin-moldeak baloratuz. Noemiek etxalde biologiko batean bakarrik lan egiten duen emazte hazle baten bizitzan murgiltzen gaitu. Xerrien bazkaren kariotzeak xerrien tropa zatitzera eraman duela jakiten dugu. Kanpoko hazkuntzan hegazti gripeen ondorioz Estatu frantsesak oilo sanoak konfinatzera behartzen duela, industriako oilo eta ahateek dutelarik eritasuna barreiatzen. Industrian hezitako xerriek jasan tratu txarrak hiltegi gainpopulatuak ezagutzera garamatza.

Noemiek leihorik gabeko bungalow-an mozte eguneko ordu hotzak kontatzen dizkigu. Baita ere Bourdets herrixkan atzeman duen auzolan eremua. Agro-industriako buztanik gabeko xerri mutilatuak. Lohizko uholdeen desmasiak eta horrek ekarri elkartasunak. Administrazioen agindu zentzugabeak. Erresistentzia antolatzeko sare berriak. Oporrik gabeko lan baldintzak. Bizitza kolektiboa eraikitzeko mundu berri bat.

Noemieren hitzetan: «Elkartzeko beharra dugu erresilientzia sortzen duen autonomia kolektiboki baizik ez delako lortzen ahal. Taldea autonomoa da, gizabanakoa ez [...] Laborarien eta artisauen elkartzeak arriskuak banatzen ditu. Lehenbailehen gauza oro egiten duen laborariaren mitoa baztertu behar genuke». Noemierekin trukatu ondotik, Clément-ek dio «independentzia materiala independentzia intelektualaren oinarria» dela. Agian hor dugu desesperantzari irabazteko bide bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.