Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Gerrarako emakumeak

2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ebidentzia guztien kontra bada ere, gerra da oraindik gizakiok modu antolatu batez gure konfliktoak ebazteko erabiltzen jarraitzen dugun metodologiarik indartsuena. Bestela izan zitekeen, baina ez da. Geure burua domestikatu dugu gerra muturreko egoeretan baino ez erabiltzeko, eta lorpen handia izan da hori, baina ikuspegi historiko batetik begiratuta, deigarria da hainbeste aurrerapen liluragarri ekoizteko gauza izan den gizakiak horretarako beste biderik aurkitu ez izana. Teknologiak gerrak erabat itxuraldatu ditu, baina hori ez da kontu berria.

Aurrez aurreko borroka odoltsuetan gehiegi zikindu beharra saihesteko, eraso kirurgikoak egin ditzaketen arma adimenduak daude gaur egun, baina azaleko aldaketa da hori, parafernalia teknologikoa gora-behera, oraingo gerrak garai batekoak bezain gerra direlako: boterearen monopolioa duten gutxi batzuek erabakitzen dute, haren ondorioak botererik batere ez duten betikoek pairatuko dituztela jakinda.

Emakumeak, kasurako.

Mendeetan zehar, gizakiok era guztietako kontrol- eta menderatze-moduak erabili ditugu gure hurkoen gainean: erregimen teokratikoak, inperioak, demokrazia aurreratuagoak edo ez hain aurreratuak izan ditugu. Izan ditugu erresumak, errepublikak, komunitaterik gabeko elkarteak. Erregeak, presidenteak, parlamentuak, senatuak, zaharren tribuak, handikien batzarrak. Planeta honetan bizi garen denbora guztian ahuldu ez den botere modu bakarra emakumeak menderatzen dituena da. Sistema honek izan dituen mutazioak nabarmenak dira, baina Historiari urrutitik ikusteko betaurrekoekin begiratuta, berehala antzematen dira ezaugarri komunak, patriarkatua ideologia erresistenteena, iraunkorrena, suntsitzen zailena bihurtzen duten estrategia berberak.

Bigarren Mundu Gerraz geroztik, nazioarteko zuzenbide humanitarioak gerra-krimentzat jo du sexu-indarkeria gerra-arma gisa erabiltzea. 1998an, Nazioarteko Zigor Auzitegiak (NZA) sexu-indarkeria gerrako krimen gisa sartu zuen bere Estatutuan. Auzitegi honen lehen epaia, baina, 2016. urtera arte ez zen gertatu, Jean-Pierre Bemba Kongoko Askapen Mugimenduko buruzagi militarra bortxaketa, hilketa eta harrapaketen erruduntzat jo zuenean. Garaipen pirrikoa da emakumeek gerra-inguruetan bizi dituzten egunerokoekin alderatuta.

Ehundik gora dira azken hamar urte hauetan Israelgo preso palestinarren espermatik ugalketa-artifizialaren bidez jaio diren haurrak. Ugalketa erresistentzia-arma da borroka demografikoan aurrera egiteko, eta horregatik, askatasunaren enbaxadore izenaz ezagutzen dira neke handiak eta gero militanteen hazietatik jaio diren haur horiek. Izan ere, ez da batere erraza segurtasun handiko espetxeetako kontrolak gainditzea, ondoren Zisjordaniako edo Gazako ugalketa zentroetara eramatea eta 48 orduko epean prozesua biribilduko duen emakumearen gorputzean txertatzea. Gutxik lortzen dute, eta, horregatik, ospatu eta horren berri harrotasunez zabaltzen dute ume bat jaiotzen den aldiro, kausaren aldeko lorpen handia baita.

Honen berri irakurri dudanean gogora etorri zait duela gutxi Mendebaleko Saharako errefuxiatuen kanpamentura egindako bidaian kontatu zigutela familia ugarien aldeko politikak erresistentziarako borrokaren parte direla, bere eskubideen defentsan diharduen herri bat direla aldarrikatu ahal izateko, beste ezer baino lehen herri bat behar delako, eta zenbat eta handiagoa hobe.

Nola izendatu behar dugu sexu-indarkeria etsaiak baino etxekoek eraginda denean? Nola izendatzen dugu indarkeria hori aurkariaren erasorako baino, norberaren defentsarako erabiltzen denean? Deserosoa, ez da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.