mikel elorza
ARKUPEAN

Harrizko berri hau

2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Kontatzen dute epaiketa baten erdian pasatu ziotela ohar bat Vallabhbhai Pateli, abokatua berau, esanez minbiziak jotako bere emaztea hil berri zela ospitalean. Oharra tolestu, patrikan sartu, epaiketa amaitu —eta irabazi, noski—, eta ondoren eta bakarrik ondoren jakinarazi ziela berak hurkoei albistea. Gertatuaren inguruko xehetasunak ez dakigu malkoak, keinuak, izango ziren.

Sardar Patel esaten dioten abokatu hau, Britainia Handian hezia noski, Indiako politikagintzan sartu zen handik urte batzuetara, urte askoan uzkurra izan arren Mahatma Gandhik erakarrita, eta Indiaren askapenaren prozesuan pertsona inportanteetakoa bihurtu zen. Erreferentzia bat Indiaren independentzian.

Hain pertsona inportantea, ezen Gujaraten haren omenez estatua handi bat egitea erabaki baitzuen Indiako Gobernuak, duela urte batzuk, eta 182 metroko erraldoia egin dute. Munduko estatuarik altuena, egunotan inauguratu eta erakutsi digutena (430 milioi dolarreko kostua, bai, baina izango duen inpaktu ekonomikoa, e?).

Tabernak hutsik eta kiroldegiak beteta dauden garaiotan «gorputzari kultua» egiten ez dugunik ezin esan, baina gorputzari ez ezik pertsonari kultua da hori, eta hori baino gehiago. Hotzikara batek astindu ninduen, pertsona bati halako eskultura puska egin izana ikusita. Handia behar du pertsonak, pentsatu nuen, ikaragarria, halakorik merezi izateko. India estatu erraldoia da, kontinentea ere esaten diote, hura askatzeko lana latz egin beharra dago, baina hala eta guztiz ere Satelen merituak182 metrokoak izan ote ziren...

Inor ez da perfektua, Satel ere ez, eta beraz ezin irizpide hori erabili pertsonei eskainitako eskulturak galarazteko; baina gehiegikeriak alerta jarri beharko gintuzke, erraldoikeriez ez ezik, neurri txikiagokoez ere. Ez baita hain zaila izango imajinatzeaSaddamena bezala, Ceaucescurena bezala, hainbesterenak bezala, topatuko dugula hau eraisteko motiboak izango dituzten jendeak. Pertsonari kultua arriskutsua baita, eta askoz ere arriskutsuagoa liderrari kultua. Eta tira, hiru metroko eskultura batekin arriska zaitezke, hura inoiz lurrari berdindu edo tokiz aldatzea posible da, ez du hauts handirik harrotzen. Baina 182 metrokoaren erorketak zalaparta itzela egin behar du!

Neurria zein alturatan jarri ez dut nik esango, baina ez litzateke txarra prebentzioa, gutxienik.Arerioez gain, guztiok baitaukagu B alderik, ez garai bateko diskoek bakarrik hori ere ebatsi digute teknologia berriek!. Baita liderrek ere.Buztinezko oinarriez gain, eskultura egin aurretik ere zementuzko buru laukituak askok, eta hankarte monolitikoak.

Ez da ertzik gabeko kontua, bistan da. Halako eskulturen aurkakoa naiz, eta mausoleoek kalentura eragiten didate, eta Iruñeko monumentua edo Madrilgo Erorien Haranekoak lurrarekin berdinduko nituzke, ez si ez no, erreferendumik gabe. Baina badakit azkar etorriko zaidala inor esanez Egiptoko piramideak mausoleo erraldoiak baino ez direla, esklaboek eraikiak gainera. Eta izugarri kritikatu genituen talibanak, Bamiyango budak eraisteagatik, gizateriaren aurkako krimen zirela erabaki genuen, baina 400 urte barru Satelen 182koari inork goma2 errazio on bat jar diezaionean, gu zeren alde egongo gara? Piramideak bota behar ote ditugu?

Konplikatua da oso afera, artearen eta politikaren arteko harremanarena;are, hau artea ote da? Seguruenik ez. Ez dakit Xabier Gantzarainek zer iritzi izango duen(Zuloa ez duzu oraindik irakurri?, zeren zain zaude?), nik ez daukat fundamentuzko erantzunik. Absoluturik, behintzat; monumentu batzuei dagokienez, bederen.

Honetaz, baina, ez dut dudarik: 182 metro harri merezi duenik ez da. Eskultura forman, esan nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.