Maddi Zubeldia.
ARKUPEAN

Errotik helduta

2019ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Urte berrian sartu garela eta, nire bulegoko apalak ordenatzeari ekin diot, eta Simone Weilen idatziei buruzko artikulu batzuk aurkitu ditut, baita berriz irakurri ere, interes handiz.

...eta arimak, gorputzak legez, oinarrizko beharrak izango balitu?

Hau da egiten digun galdera, eta filosofoarentzat erantzuna bistakoa da.

34 urte zituela hil zen emakume aitzindaria, 1943an, eta bere obra bereziak orduko kodeak hausten zituen: sailkaezina, langileriaren aldeko militante sutsua eta aldi berean Jainko eta absolutu bila ari zen mistikoa baitzen Weil.

Bulego gaineko aldizkari eta sailkagailuak baztertu ditut eta erosoago eseri naiz irakurtzen segitzeko.

Errotzea. Errotzea da arimak bizitzeko ezinbestekoa duen beharretako bat, hau da pertsonak baitezpadakoa du erroak ukaitea, bere nortasuna finkatzea jendarte baten baitan, kultur nola lan ingurumen jakin batean. Mundializazioa nagusi den garai honetan pertsona, mundua eta dibinoa lotzen dituen Errotzeak ba ote du gaurkotasunik?

Kontuan hartu behar da bigarren mundu gerra ostean idatzi zuela Weilek «l'Enraciment ou prélude à une déclaration des devoirs envers l'être humain». Frantziak erori ondoren bere arima berreskuratu eta egiazko inspirazioa aurkitu behar duela dio bertan, eta hori baloreen berridazketatik abiarazten du, zibilizazio proiektu berria proposatuz non ez diren gehiago eskubideak oinarri, betebeharrak baizik: arimaren funtsezko beharrak hots.

Emazte gazte, errebelde, mistiko, iraultzaile, sindikalistak (a ze koktela!) bere lana Albert Camus-i bidali zionean, hark honela komentatu zuen: «Europak ezingo du birsortu Simone Weilek Errotzean definitzen duen ildotik joaten ez bada».

Irakurketan aurrera joanik filosofoarenganako mirespena handituz doakit. Zientismoak sortu dituen mundializazio eta merkataritza aske guztien aurka plantatzen da, eta denboren gainetik kokatzera deitzen gaitu, belaunaldien, tradizio bizien katean finkatzera, erroaren maitasunean.

«Iraganaren galera, kolektiboa zein banakakoa giza tragediarik handiena da, eta geure iragana bota dugu, haurrak arrosa urratzen duen bezala...».

Gure arrosa nola tratatzen dugun, gure erroak nola maitatzen ditugun gogoetatzera eraman nau, eta mundializazioaren eta deserrotze orokortuaren garai honetan, Weilen lanak argi izpia ekartzen du, mundua «aldatzeko» ametsari uko egin ez dionarentzat, fatalismoan zeharo sartu ez denarentzat itxaropen pixka bat,beharbada.

«Diruak erroak suntsitzen ditu sartzen den leku guztietan, xedearen ordez irabazteko gutizia finkatuz». Zein dira gure xedeak? Hain da zaila asmoak eta xedeak zehaztea, hain erraza gutizien zerrenda egitea. Zenbakiak baino sinpleagorik ez da.

Erroa iraganari lotzen da gehienetan, eta zaharkitua den kutsua eman nahi dionik ez da falta, erroari diogun atxikimenduak irekidura eskasa salatuko balu bezala. Ireki, zabaldu, zenbat aldiz ez ote dudan entzun euskaldunok gehiago ireki beharko genukeela. Ireki bai, baina noraino?

Ingurumen desberdinen arteko trukaketak garrantzitsuzko jotzen baditu, Weilen ustez kanpoko eraginak ez dira nolanahi onartu behar, baizik eta nork bere nortasun propioa finkatua duela segurtatu ondoren.

Erroak ez direnez haatik betiko finkatuak, deserrotzearen arriskua indartsu dabil beti, militar konkista dagoen aldiro, baina militar konkistarik ez dagoenean ere, diruaren indarrak berak inposa dezake kanpoko nagusigoa, deserrotzea eraginez.

Pertsona errotzen da kolektibo batean parte hartze aktibo, erreal eta naturalari esker, taldeak bizirik gordetzen dituelarik iraganaren altxorrak eta geroaren susmoak.

Aurten urtea apalak ordenatuz hasi nahi nuen, eta Simone Weili esker itxaropen susmoa hartu diot geroari, hilzorian dagoen mundu honi errotik helduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.