Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Salbu ikusi arte

2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Adin batetik aurrerako irakurleak erraz osatuko du izenburuaren bigarren zatia. Niri behintzat halaxe gertatu zitzaidan Gillette etxearen publizitatea ikusi orduko: «ez dut kenduko bizarra», ahopeka kantatuz ikusi nuen neure burua. «Egun da Santimamiña» idatzi zuen Arestik aspaldi, eta ahoz aho ibili zen gurean herri-kanta eta bertsotan, barru-barruan sartzeraino. Gazteagoen artean lotura ez da horren bat-batekoa, etxean bertan egiaztatu ahal izan dudanez. Aresti hori, izan ere, ez da aresti arte zena gure irudimen kolektiboan.

Ispiluaren aurrean agertu dira adin, azal-kolore eta itxura desberdineko hiruzpalau gizon, markaren testuinguru sozialean gizon arruntaren profila irudikatzen dutenak. Ispiluari baino gehiago, barruari begiratzeko deia egiten die ahotsak: «Hau al da gizon bat izan daitekeen onena?», itaun egiten die. Segidako irudiek argitzen dute erantzun beharreko galderaren ingerada: mutil-saldo bat ageri da adin bertsuko beste mutil baten kontra jazarriz; barre-algarak entzuten dira telebistako programa bateko aurkezleak keinu matxista eta ukituak egiten dizkionean etxekoandre estereotipatuarena jokatzen duen emakumeari; gazte batzuk begirada haragikoiak eta eskukatuak eginez inguratu egiten zaizkie emakume bati, eta abar luzea. Horren aurrean ez isiltzeko deia egiten du ahotsak atzera, gizonak hori baino zerbait hobea izan daitezkeelako.

Iragarkiak hautsak harrotu ditu eta markari boikota egiteko deia zabaldu dute zenbait tokitan, mezuak gizon oro irain egiten duela argudiatuz. Gizon guztiak ez dira («ez gara», diote) gisa horrelakoak, ez gara biolentoak, ez gara eredu horretan sartzen, ez gara ez sortzaile ezta errudun ere.

Ez dakit zenbat diren nahigabeturik dauden gizon horiek, minberatuta geratu direnak patriarkatuaren ispiluaren aurrean beren burua ikusi dutelarik. Ez dakit asko edo gutxi diren, baina sortzen duten zalapartarengatik besterik ez bada ere, pentsa daiteke ez direla nik nahi nukeen bezain urriak. Ez dakit gutxi edo asko diren orain jabetu direnak estereotipaturiko irudiek nahitaez orokortu egiten gaituztela, onerako edo txarrerako; emakumeok aspalditxotik dakigu hori, mendeak baitaramatzagu orokorkeriaren esklabo izaten.

Kontua ez da berria, baina oldarraldi berriaren testuinguruan galdera-sorta piztu zait. Askotarikoak dira galdera horiek, eta aitortzen dut horietako batzuek nire barne-kontraesanak agerian uzten dituztela.

Gillette etxearen ispiluak orain plazaratu dizkien irudi horien aurrean deseroso sentitzen diren gizonak eroso al zeuden etxe horrek berak urteetan proposatu izan dien bestelako markoan? Gogoratzen ditut bizar-aitzurrak iragartzeko publizitate-pieza batzuk, iradokitzen zutenak eguneroko errutina ez oso atsegina baino gehiago, bizarra egitea mundua mendean hartzeko lehen urratsa zela. Iragarki horiei esker gizon askok ikasiko zuten matraila leun eta goxoaren jabe izatea bide arteza dela munduko emakume guztiak konkistatzeko, eta emakumeak, gainera, lirainak eta ederrak direla berez, guztiak erabili eta bota kontsumo-eredurako egokiak. Maskulinitatearen irudi desitxuratua da hori, jakina, baina nik dakidalarik behintzat, ez da orain arte boikoterako deirik izan, gizon batzuk (asko edo gutxi, ez dakit) deseroso sentituko baziren ere.

Nahigabeturik dago patriarkatua. Ez dakit norainoko erretenak ireki zaizkion, baina erreakzioaren gordintasunak iradokitzen du hazka egin duela zauria dagoen tokian. Gaur edo bihar ez bada ere, iritsiko da ispiluaren aurrean, zintzoki, begiratzeko unea. Aresti etorri zait akordura: «Eman zaidazu bihotza, eta ken berriz nahigabeak. Esan noiz garen izanen gure etorkizunen jabeak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.