Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Ama hizkuntza

2019ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Ama hizkuntzaren nazioarteko eguna da bihar. Izena ere halakoa du: ponpoxoa, sentimentala. Amatasunarekiko eraiki den irudiak eman diezaion hizkuntzari ere esanahi figuratibo hori. Beti zaindu eta babestu izan gaituena, egunen batean guk zaindu beharko duguna. Maitasun inkondizionala eman diguna; eta beraz, zor dioguna. Eta esango nuke euskaldunontzat bereziki duela esanahi indartsuago bat, baita ama hizkuntza bat baino gehiago izan ditugunontzat ere. Hizkuntza gutxitu bat delako gurea, beste haurrenak baino ahulago dagoen ama batek hezi izan bagintu bezala. Gutxitua izateaz gain, gutxietsia izan da gure ama hizkuntza. Gutxietsia, debekatua, zapaldua. Eta horrekin bizitzen ikasi dugu, edo horretan ari gara.

Zorionez, bada hizkuntzei buruz distantzia sentimental bat hartuta hitz egiteko modua ere. Zientziak ematen du aukera hori. Hizkuntza bere horretan aztertzekoa, bere morfologia, erabilera, garapena, azentua... Eta asko poztu naiz jakin dudanean Txillardegik lan handia egin zuela hizkuntza ikuspuntu matematiko batetik aztertzen (bai, hori ere egin zuen). Izan ere, hizkuntzalari asko dira matematikari ekarpen garrantzitsuak egin dizkiotenak, eta alderantziz. Bada 15 orrialdeko Txillardegiren lan bat, Jakin aldizkarian argitaratua, Linguistika eta matematika izenekoa. Benetan gomendagarria da testua. Hizkuntzalaritzan erabiltzen diren zenbait erreminta matematiko modu sinple eta ulergarrian azaltzen ditu bertan. Aipatuko dut eman didan pozetako baten jatorria jator hitza bera izan dela. Hizkuntzen eboluzioez hitz egiten duenean hizkuntza batek denbora tarte batean galtzen ez dituen hitzei deitzen baitie jator. Alegia, euskara jatorraz ari garenean, ez garela sinpatikoaz ari, jatorrizkoaz baizik. Edo Txillardegi horretaz ari zen, behintzat. Eta nik ere, berari esker, hemendik aurrera fobia txikiagoa izango diot «euskara jatorrean» esamoldeari.

Hala ere, Txillardegiren beste ekarpen batek eman dit zer pentsatua. Formula bat proposatu zuen, euskararen erabileraren estimazio bat egiteko. Funtsean, biztanleriaren elebidunen proportzioan, eta, beraz, bikote, hirukote, laukote eta abar elebidunak osatzeko probabilitatean oinarritzen da. Bi aldagai ere gehitzen dizkio formulari. Bata «euskararekiko leialtasuna» delakoa; alegia, zein proportziotan den elebidunez bakarrik osatutako elkarrizketa bat euskaraz. Bigarrena, zein proportziotan osatzen diren talde horiek ausaz. Kontua da, leialtasuna %100ekoa dela eta taldeak erabat ausazkoak direla suposaturik, kale neurketek formulak baino erabilera altuagoa adierazten dutela toki askotan. Lehen suposizioa ezin denez moldatu emaitza altuagoa izan dadin, bigarrenak izan behar du herrena. Alegia, elebidunok elebidunokin elkartzeko joera handiagoa daukagula, ausazkoa litzatekeena baino.

Beraz, gure hizkuntzazko neba-arrebekin (adoptatuak barne) elkartzen gara batez ere. Eta logikoa da; izan ere, gure ama hizkuntzak ez dauka neba-arreba errekonoziturik; eta beraz, gutxi gorabehera ulertuko gaituen lehengusurik ere ez daukagu. Baina hizkuntza familia terminotan mantentzen jarraitzen badugu, beharbada lortuko dugu, epe motzean eta zenbait tokitan, erabilera formulak aurreikusitakoa baino altuagoa izatea. Baina ikusita gure herrian beste hizkuntza komunitate batzuetako zenbat jende dagoen eta etortzen ari den, zalantzak sortzen zaizkit. Ez gure ama hizkuntzarengatik bakarrik, gizartearengatik ere bai. Euskaldunekin gehiago elkartzeak euskaldun ez direnekin gutxiago elkartzea dakarrelako. Eta hori, gure hizkuntzaren zabalkundearen kalterako ez ezik, gure mundu ikuskeraren kalterako ere ez ote den...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.