mikel elorza
ARKUPEAN

Asaldatzeak

2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Asaldatuta agertu dira batzuk Louis Vuittonek ez dakit zenbat milioi euro, anitz, eman dituelako berehalakoan Notre Dame konpontzeko. Eta beste miliardun batzuk ere segidan batu zaizkiolako ekimenari. Eta baiki, medio batzuek gogaitzeraino eskaini eta landu diguten hondamendia dela kausa—galera handia begitantzen zait, zalantzak uxatzearren—azaldutako asmo filantropikoak berehala sustatu du erantzuna, Parisko katedralean baino Mediterraneoko zimitorioan inberti zitzaketela, adibidez, edo hainbat kausa bidezkotan. Erreakzio normala da, baina kea joan eta errautsak pausatu direla, iruditzen zait gure asaldatzeak haratagokoa behar duela. Katedral gotiko horretan erretako zortziehun urteko haritzen gerizpeak ez diezagula basamortua ezkutatu: kausa bidezkoetan behar direnak ez dira dohaintzak, are gutxiago limosnak. Dirua estatuak inbertitu behar du.

Asaldatu beharko gintuzkeena da, alde batetik, dohaintza filantropikoetan hainbesteko dirutzak eman ditzaketenak egotea, dirutza horiek egin bitarteko zerga eta plusbalioak ez zaizkielako dagokionean kendu. Asaldatu beharko gintuzkeena da Vuittonen poltsa luxuzkoak betetzeko sortu den ondasun hori guztia aurretik ez banatu izana.

Hagintariek —kasu honetan haginak kamuts, belarriak makur— txalotu eta goretsi egin zuten Inditex inperioko buru den Amancio Ortegaren dohaintza, ez dakit nik zer medikuntza alorreko aparatu prezioz aparteko eta teknologiaz aparta oparitzeko. Batzuk asaldatu ginen —beti kexaren bat, ezin sekula konformatu—, eta ez zela hartu behar iritzi ere bai. Aparatu aparta eta apartekoak Administrazioak erosi behar ditu, ez erregalian hartu, horretarako dirua biltzeko piloa daukanari orain kentzen diona baino gehiago kenduta, nahikoa ez badauka.

Izan ere, zerbitzu publikoak diru publikotik hornitu behar dira, eta bermatu behar dira bi gauzok: dirua dagoela, eta zerbitzuetara bideratzen dela. Behar ditugu soldata taxuzkoak, pentsio duinak, eta zerbitzuak martxan, denonak eta denontzat.

Handik aurrera, ez naiz ni uneko dohaintzen kontra jarriko. Aparteko egoera batean aparteko bilketa egitea normala eta, are, sanoa ere izan daiteke; garai batean aparteko dirulaguntzaz gain auzolana ere hor zegoen.Notre Damekoa halakotzat har daiteke, jakina. Edo Gara egunkariak daukana, adibidez: aparteko beharra da, estatu batek mendeku eta errepresio politika baten baitan egotziriko zorrarekin. Ustekabeak eta aparteko premiak dauden heinean, dohaintzak eta aparteko dirulaguntzak beharrezkoak dira eta, hor, noski, ematen duenak erabakitzen du nori eman. Baita Vuittonek ere.

Baina ez gaitezela nahastu.Apartekoa behar du izan. Dohaintza edo dirulaguntza, eta ez limosna. Azken honek ez baitio aparteko behar bati erantzuten, desberdintasun egoera bat egonkortzen baizik.

Eta bestetik, niri iruditzen zait ondasunen banaketak bestelakoa behar duela, hau da: Notre Dameko berreraikuntzaren ostean inaugurazioa egitean galaz jantzita barruan egongo direnen eta atarian eskean egoten direnen arteko aldea murriztea dela premiazko egitekoa. Hori zerora ekartzea bai katedral ezin berdinduzkoa!

Eta azken ohar bat: Andaluzian panpina bati tiro egiten diotelako ere ez zaiteztela asalda. Antzezpena da. Edo antzez-pena, egun latosootan santu adjektibo horrekin apainduta dagoen erritu gehienak bezala. Asaldatu beharko gintuzkeena da elementuok duten gero eta presentzia handiagoa; ondare, kultura edo turismo etiketapean, publiko eta zibil laiko hutsa behar duenari pixkanaka ematen ari zaizkion ponte-ukitua.

(Gainera, Andaluziako Coripekoari dagokionez, ez gara bertakoak eta beraz ezin ditugu halako ohitura eta tradizioak ondo ulertu).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.