Inaki Galdos
ARKUPEAN

Pintza

2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iruditzen zait urrutitxo joan dela EAJ Eusko Legebiltzarreko oposizioko taldeei pintzaren inguruan egindako akusazioetan, baina aldi berean iruditzen zait lortzen ari dela bere helburua, hau da, pintzarena askoren ahotan eta batez ere askoren pertzepzioan egotearena.

Dagoeneko adinean aurrera goazen Euskal Herri penintsularreko politikazaleok, batez ere 1994-96 bitartean denon ahotan egon zen PP eta IUren arteko hura daukagu gogoan pintza aipatzen denean. Julio Anguitak idatzia utzi du, beranduago, ez zela orduan Felipe Gonzalezen PSOE higatzeko bien arteko estrategia adosturik izan eta pintzaren asmakizuna Goebblesen jarraitzaileen maltzurkeria izan zela, baina Kordobako alkate ohiak ere ez zuen asko lagundu, besteak beste, Jose Maria Aznar eta Pedro J. Ramirezekin (pintzaren bultzatzaile nagusia) afari ezagun hartan parte hartzea onartu zuenean.

Andaluziako parlamentua izan zen garai zalapartatsu haietako gudu-zelai nagusiena eta, azkenean, astea joan eta astea etorri bozketa asko galtzen zituela ikusita, Manuel Chavezek hauteskundeetara deitu zuen 1996an, Espainiako gorteetarako hauteskundeekin batera. Galera handia izan zuen Luis Carlos Rejonek gidatzen zuen IUren koalizioak (20tik 13 eserlekura) eta Chavez sozialistak lasai gobernatu ahal izan zuen handik aurrera. Egindakoaren damurik ez dute inoiz erakutsi orduko ezkerreko koalizioko buruzagiek, baina onartu onartu dute euren jarreraren inguruko beste hautemate bat zegoela kalean, gobernabilitatea gehiegitxo oztopatzen ari zirenarena, hain zuzen ere. Arrazoi borobilak izan zitzaketen gobernuaren kontra bozkatzen zuten bakoitzean hala egiteko eta, agian, PPren eta IUren arteko kointzidentzia gehienetan ere izango zen motiborik hori gerta zedin, baina orduan ere garbi geratu zen arrazoi izateak, edo arrazoi osoarekin jokatzen ari zaren ustea izateak, ez duela sarri politikan arrakasta bermatzen.

Aspalditxoko adibidea da, baina ordutik puntura arte ez genuen hainbeste aldiz pintzarena entzuten. Sarri esaten da gobernuan egoteak baino gehiago ahultzen duela oposizioa egiteak. Eta ez dirudi Eusko Jaurlaritzan higadura berezirik sortu duenik Eusko Legebiltzarrean gertatzen ari denak. Are gehiago, zantzu guztien arabera gerta daiteke berriro hauteskundeetara deitu eta Jaurlaritza babesten duten bi alderdiak indartuta ateratzea, gehiengo zabalarekin legebiltzarrean. Pasa den astean Unai Urruzunok esan zuen hauteskundeetara deitzeko aitzakia bila dabiltzala EAJ eta PSE. Ez dabil oker ondarroarra, kontua da nork ez lukeen kalkulu bera egingo egoera bertsuan. Agian bere koalizioak ere ez lituzke emaitza txarrak lortuko, baina ez dakit negozio ona den gehiengo oso baten parean eseriko den talde handitxoagoa izatea.

PP egiten ari dena ez da serio hartzekoa, baina Gasteizko legebiltzarrean opisizioko beste bi taldeak egiten ari direna neurri batean birpentsatu beharrean daudela iruditzen zait. Batzuetan asmatu dute, beste askotan ez. Ez naiz behatzaile objektiboena izango, baina sumatzen dudanaren arabera pintzaren errelatoa gailentzen ari da eta nekeza da horri buelta ematea estatistika hotzekin osatutako prentsaurreko baten bidez. Bota biezaio bakoitzak errua nahi duenari, hedabide publikoei nahi badu, baina aldagai horrekin jokatzen ere asmatu egin behar da.

Sarri gertatzen da gutxiengoan dauden gobernuei bozketak behin eta berriz irabazteak sortzen duen plazer ezkutaezinak begirada luzeagoak oztopatzen dituela. Sarri gertatzen da jendeak gobernu horien akordioak lortzeko (ustezko) borondate falta baino gehiago zigortzen duela oposizioaren (ustezko) mendeku egarria. Maiatzeko hauteskundeetan gertatuko denaren zain, badirudi legebiltzar berri baten atarian egon gaitezkeela, gehiengo berriak ekar ditzakeena. Ez dezagun ahaztu akordio garrantzitsuak lantzen ari direla egungo legebiltzarreko batzorde batean. Hala agindu ziguten eta hala uste dugu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.