Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ARKUPEAN

Euskal matriarkatuaren mitoa

Amaia Nausia Pimoulier -

2019ko ekainak 6

1549. urtean, Maria de Alcoz alarguna etxe familiarrean bere semearekin bizi zen, Arreko herrian. Martin seme nagusia Catalina Arronizekin ezkondu zenean, bien artean sinatu zuten ezkontza kontratuan onartzen zutela Maria «senyora e mayora del hogar» bezala errespetatuko zutela, beraien mahaian eseriko zutela bazkalordu guztietan eta zahartzaroan zainduko zutela. Horren truke, Mariak zin egiten zuen bera hiltzean Martin bere oinordeko izendatuko zuela, eta etxe familiarraren eta lur guztien jabe bihurtuko zela. Baina, esan bezala, Martinek ondare guztien jabe bihurtu nahi bazuen, bazegoen baldintza bat: Mariak, etxekoandre bezala, baserriaren inguruko erabakiak hartuko zituen, eta bere autoritatea errespetatuko zuten. Modu horretan, nafar gizarteak familia tronkala babesten zuen; alargunak bere ondareak etxean mantentzen zituen ezkontza berri bati uko eginez, eta ezkonberriak etorkizuneko jabeak bilakatzen ziren arte baserriaren alde lan egiteko konpromisoa onartzen zuten.

Maria eta Martin, ama eta seme haien arteko hitzarmenak oso ohikoak izan ziren euskal lurraldeetan mendeetan zehar, eta euskal emakumeek eremu pribatuan, etxearen inguruan, izan zuten esku-hartze gaitasunaren isla dira. Horregatik, agian askotan entzuten dugu gure artean euskal matriarkatua existitu zela. Hau da, gure emakumeen nortasuna beste lurraldekoena baino indartsuagoa izan zela eta jarraitzen duela izaten. Euskal matriarkatua existitu izan dela defendatzen dutenak «nire etxean erabakiak amak hartzen zituen» eta halako baieztapenetan oinarritzen dira ohartu gabe gakoa «etxea» hitzan dagoela. Gure historiaren momentu jakin batetan, Europa mailan gertatu zen bezala, kapitalismoaren eta gaur egun ezagutzen ditugun nazio-estatuen jaiotzaren eskutik, emakumeak eremu publikoetatik kanporatuak izan ginen. XVI. mende hasieran, emakumearen rola eremu pribatura, familiaren eremura, mugatzen zen heinean, eremu publikoetan zuten parte-hartzea gero eta gehiago mugatu zitzaien (agerikoa da lan munduan eta gremioetan emakumeek bizi izan zuten atzerapausoa). Horregatik, ez da harritzekoa eremu pribatuan, baserriaren mugen barruan, bere ama eta etxekoandrearen papera indartzeko nolabaiteko eskubideak irabaztea. Horrek azaltzen digu Maria bezalako emakumeek, betiere eremu pribatuarekin zuten lotura indartu nahian, lortutako estatusa.

Baina euskal matriarkatua existitu dela defendatzen dutenak ezin dira oinarritu ez datu historikoetan, ez antropologikoetan. Emakumeek eremu jakin batean nolabaiteko boterea izan zutelako ezin diogu gizarte sistema horri matriarkatua deitu. Matriarkatua existitu zela esan genezake baldin eta emakumeek gizonen gain agindu izan balute, ez beraien ondoan, bizitzaren eremu guztietan, eta gainera aginte horrek etxeko mugetatik harago eremu publikoan eragina izan balu; are gehiago, erabakitzeko ahalmen horrek familian eragiteaz gain, bizitza publikoan ere eragin izan balu. Horrekin jarraituz, matriarkatuaz hitz eginen genuke ere emakumeek gizonen jokabide sexualaren kontrola izan balute, eta komunitatearen balioak eta sinesmenak beren interesen arabera eraiki izan balira. Beraz, horrekin patriarkatuaren txanponaren beste aurpegia definitzen ari naiz eta hori ez da inoiz existitu.

Beraz, bada garaia geure burua euskal matriarkatuaren mitoarekin zuritzen jarraitzeari uzteko; gure gizartea ez da inoiz matriarkala izan, eta hori pentsatzeak ez ditu gure gaur egungo euskal emakumeak askeagoak eginen, eta gizonak ez horren pribilegiatuak. Erantzuna ezin daiteke inola ere izan matriarkatuaren mitoa indartzea, ezta ere pentsatzea sistema hori desiragarria izan daitekeela, edo gizarte parekideago bat lortzeko konponbidea. Nik behintzat ez dut nahi patriarkatuari buelta eman emakumeak agintean kokatzeko eta indartsuagoaren legea inposatzeko. Nik gizarte parekide bat nahi dut, ez matriarkala.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.