Inaki Galdos
ARKUPEAN

Beste San Andres bat

2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Arkupe honetan iritziak ematearen erronkari ekiten dion orok badaki erraz eta erruz etor dakizkiokeela irakurleen kritika eta haserreak. Irakurle ez direnenak ere bai, askorentzat nahikoa izaten ohi delako izenburua ikusi, gainbegiradatxo bat bota eta, batez ere, sinatzailearen izena eta argazkia ikustea sutan jartzeko. Dena den, onartu beharko dut gaurkoarekin bukatzen dudan sasoi hau uste baino lasaiago joan zaidala, jasangarriak diren zauriekin.

Irailean idatzi nuen Sigi-sagaka artikulua izan zen gertuko hainbat adiskideren desadostasuna piztu zutenetako bat; mina ere bai, gogorregia suertatu zitzaielako nik filibusterismo eta azpikontratazio hitzak erabili izana Gasteizko legebiltzarraren lana hizpide nuelarik. Gogora dezagun: autogobernuaren inguruko lantaldeak bost adituk osatutako batzorde bati egindako enkarguaz ari nintzen eta idatzi nuen ez nuela ulertzen ez boskote hori osatu izana, ez emandako zeregina. Amanece que no es poco Espainiako pelikulako (1988) Ngé pertsonaia nuen gogoan, hura ere sigi-sagaka ibiltzen baitzen, horrela denbora gehiago behar zuelako ibilbidea egiten eta hobeto pentsa zezakeelako nora joan.

Bada, epe horren bueltan, esan beharrean nago agian motz geratu nintzela. Egun hauetan ikusten ari garen xextrak eta, batez ere, epe berri bat ezarri izanak, adiskide haiei nirekiko piztu zitzaien saminak bere horretan jarraituko duela iruditzen zait, baldin eta ez badute eurek iritzia dagoeneko aldatu. Filibusterismoa parlamentuetan erabiltzen den teknika da, hainbat erabaki atzeratu edo blokeatzeko. Ezagunena, denbora mugarik ez dagoenean hitzaldiak etengabe luzatzearena da, baina beste forma batzuk ere har ditzake, adibidez batzordeak sortu eta haien jarduera izugarri luzatu, txosten kopuru amaigabea eskatu... Norbaitek konbentzitu beharko nau ez dela hau Gasteizen gertatzen ari dena.

Hanka-sartze nabarmena egin zuen EH Bilduk azken kanpainan estatus berrirako bere testua iragarri zuenean. Ulergarriak dira bere kezkak eta zalantzak gertatzen ari denarekiko, nork ez dauzka, baina bere oniritziarekin abian jarritako prozedura indarrean dagoenean ez da txukuna egin zuena egitea. Hala ere, arrazoiak arrazoi, oker dabiltza Arnaldo Otegik Durangon egindako iragarpen hura arazoaren erdigunean jarri nahian dabiltzanak, su hau gehiegi hauspotzen ari direnak. Arazoa askoz ere sakonagoa delako, inolako zalantzarik gabe.

Hasteko, abertzalegoaren baitako hegemoniaren lehia amaigabea daukagu berriz ere bere gordintasun osoan adierazia. Horrekin batera, batzuen zein besteen beldur eta zalantzak: zenbateraino tenkatu soka bazkideekin, zein puntutaraino jarri dezakegu arriskuan gure balio nagusia den egonkortasuna, noraino iritsi gure estrategia posibilista berrian, zenbat iraungo dute gehiago haserretu gabe gure baitako hainbat sektorek. Eta abar. Ez dira, bada, baikor egotera bultzatzen gaituzten elementuak, horra hor gure etsipenaren iturri nagusia.

San Andres egunerako du ezarria epe berria Eusko Legebiltzarreko lantaldeak izendatutako boskoteak. San Andres egunak balio handia du abertzaleon historian, egun horretan jaio zelako, izen bereko manifestu bat dela medio. EAE-ANV alderdia 1930ean, aste batzuk lehenago Comunión eta Aberri berriz elkartu izanak konforme utzi ez zuen hainbat jenderen eskutik. Comunionekoak batez ere, portzierto, askok uste edo uste nahi izan dutenaren kontra.

Ez goaz esatera aurtengo azaroaren 30eko jomugak horrelako oihartzun historikorik izango duenik, baina iruditzen zaigu hortik aterako denak (edo aterako ez denak) berebiziko garrantzia izango duela etorkizunera begira. Iruditzen zaigu hurrengo urteetarako ibilbidea marraztuko duela. Paradoxa irudi dakioke norbaiti hainbeste kritikatzen dugun prozedura bati alde berean horrenbesteko garrantzia ematea, baina, irailean idatzi genuen bezala, sarri gertatzen da politikan, norberak hartuak dituen erabakiak (edo norberak hartu nahi ez dituenenak) aditu eta txostengileen bizkar uztea. Sarriegi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.