mikel elorza
ARKUPEAN

Aurkikuntzen mendeak

2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Fosfina aurkitu omen dute Artizarrean. Eta hortik batzuek ondorioztatu —arinegi, itxuraz— bizia aurkitu dutela. Nik aurkitu dugula idatzi nahiko nuke, aurkikuntza pauso handia ala txikia den jakin gabe, pentsatuz gizateriaren ondarean sartzekoa dela. Baina bueno, inozoa ere ez naiz eta badakit aurkikuntzek, hala deitzen diegunetik, jabea eta pasaportea izaten dutela. Neil Armstrongek Ilargian gizateriarena eman zuen urratsa, baina bandera Ameriketako Estatu Batuetakoa jarri zuen.

Ikurrina guztiona ez daukagu, hori ere hala da. Eta, batez ere, ondare unibertsala gure kontzeptuetatik, edo behintzathaien aplikaziotik, ezabatua da. Jabetza-k ardazten du gure jendartearen egitura, dena saldu eta erosi egin liteke, eta beraz denak jabea du. Eta hori beste ondasun eta kontsiderazioen gainetik dago (okupazioaren inguruan egiten den diskurtsoari erreparatu besterik ez).

Eta logika horretan, Covidari aurre egiteko txertoaren inguruan, nekez entzuten da, ahalmena dutenen aldetik, inolako ezbairik enpresa batzuek abiatu duten lasterketaren izaera komertzialarekin. Helburua da txertoa ahalik eta azkarren lortzea, baina ez filantropiagatik, aurrena izateko baizik. Saltzeko. Txertoena, besteak beste, negozio izugarria da —Tamiflua oraindik ere biltegiren batean edukiko dugu, iraungia bada ere—, eta ez dirudi ahal dutenek horri kontra egingo diotenik (ni txertoen alde nago, eta txertaketen alde, badaezpada diot; fedegabea izanda ere, zientziaren sektakoa nauzue). Ez da ikusten ahaleginik txertoa ondare unibertsaleko egiteko, eginarazteko, mundu osoak irispidea izango duela ziurtatuz. Zeren eta aukera izanda ere, baliabideak ez dauzkana ez da iritsiko. Bada garaia patenteak desagerrarazteko oinarrizko produktuetatik (botikak…); zenbait jabetza debekatzeko (ur baliabideak…).

Eta ondorioa ez da hori delako laborategi edo enpresak dohainik egin beharko duenik. Ez, produkzioa ordaindu egin beharko da. Baina zenbat eta nork, hori zehazten dago koxka. Zergatik ez G20 deitutako aberatsenek ordaindu mundu osoan banatuko den txertoa? Edo G8ak. Eta bermatu, gainera, mundu osoan banatuko dela. Pobreenetatik hasita, txertaketa errenta-deklarazioen alderantzizko ordenan eginez. Eta debekatuz, erregulazio bitartez, salmenta pribatua. Eta txertoa lortzeko ahaleginetan daudenak, bestalde, behartu lankidetzara, aurkikuntzak partekatzera, ezagutza publifikatzera. Ikerketa ere ondare publikoan sartu.

Baina hori ere oso zail ikusten dut, jakinik oinarrizko eremuetan ere dena eskubide pribatuak, titularidadeak eta sinadurak direla (errepara unibertsitateari, Akademiari, haiek deitzen dioten hitza baliatuz, dena hierarkia, sinadura eta egiletza).

Hori egiteko tresnak badaude. Farmazia-industriaren bezero handiena Estatua da, osasun sistema publikoak dauden tokietan behintzat: milaka milioi euro botikatan erosten zaizkio urtero (eta pentsa beraz ze borroka eta ze azpijoko eta ze ustelkeria norberaren antsiolitikoa kolokatzeko!). Estatuek botiken salerosketa erregulatzeko ahalmena dute (musukoen prezioarekin egin da) eta erosle handienak dira; beraz, negozioa baldintzatu dezakete.

Badakit ez dela egingo, baina uko egin nahi diot derrigorrean hala behar duela pentsatzeari. Pentsatu nahi dut posible litzatekeela botika edo txertoa unibertsala eta doakoa izatea; laborategi baten izena eraman beharrean, gizateriaren aurkikuntza izatea.

Eta fosfina? Bada bere horretan baliorik duen edo ez, hori izango da erabakigarria. Prezio onean sal baliteke, jabea izango du. Eta ustiatu ahal bada, bada etorkizunean Artizarrean bizia egongo den ez dakit, baina heriotza seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.