Albistea entzun

ARKUPEAN

Hilerokoa

Pilar Kaltzada -

2020ko urriak 8

Hilekoa lehen aldiz 12 urterekin izan nuen. Hankarteko orbana ikusi orduko ahizpa zaharrari esan nion, eta hark azaldu zidan zer egin behar nuen. Komunean utzi ninduen, eta sukalderantz joan zen amari abisua emateko. Aita gosaltzen ari zen une horretan, eta amak kontatu zion. Eta aitak Suitzan bizi zen bere anaiari eman zion berria berehala, une horretantxe jo baitzuen telefonoak, eta, nonbait, solasaldiari ekiteko datu esanguratsua irudituko zitzaion. Komunetik entzun nuen. Nik ez nuen ulertzen zertara zetorren kontu hori guztia, baina berehala jabetu nintzen gertakizun hura ez zela nire onerako izango, ahizpak, amak, aitak eta osabak hitz bera eta hitz bakar bat esan baitzuten: «gaixoa». Komunetik irten nintzen, eta goiz horretan gosaria ez hartzeko baimena eman zidaten, gaixorik nengoelako. Amak gona altxatu zidan kalera irten aurretik konpresa ongi jarrita ote nuen egiaztatzeko, eta poltsatxo gorri bat sartu zidan bizkar-zorroan, kulero garbia eta goiz erdian aldatzeko beste konpresa batekin. Ez inori erakusteko, esan zidan errukiz begiratu eta atean agur esandakoan. Eta halaxe eman nuen izena emakume helduen klubean, sarbide-probarik egin gabe.

Eskolan desberdin begiratu zidaten neska kideek, handik egun pare batera aitortzera ausartu nintzenean. Gure arteko bizkorrenak ingurua ongi zelatatu eta gero, eta behin bakarrik geundela baieztatu eta gero, tanpoi bat erakutsi zidan, ezkutuka gordeta zeramana nirea bezalako poltsatxo gorri baten. Zelan erabili behar zen azaldu zidan, aitortuz, bide batez, bera oraindik ez zela jartzen ausartzen. Zorabiatuta nengoen, eta laster argitu zidaten hilekoarengatik ondoezik egote hura erabat normala zela, eta egun batzuetan aldarte gorabeheratsua izango nuela, eta titiak eta sabela handituko zitzaizkidala. Eta ez saiatzeko maionesa etxean egiten, hondatu egingo zelako nik hilekoa nuelako. Ez dut sekula maionesarik egin etxean, badaezpada ere.

Aste honetan jakin dut Pantone etxeak Period kolorea argitara eman duela. Gorri-mota bat da, itxura denez, menstruazioaren kolorea duena. Estigma amaitzeko eta jendartean hilerokoa normaltzeko helburuz sortu omen dute kolore gorri hori, Intima Suediako produktu femeninoen markarekin batera. Iragartze-kanpainan diote «tonu gorri aktibo eta abenturazale» bat sortu nahi izan dutela eta, horren bidez, kemena eman nahi digutela, garenaz harro egon gaitezen eta eroso sentitzeko gorputzaren funtzio naturalari buruz hitz egiteko.

Emakumeok batez beste 520 ziklo inguru izango ditugu gure bizitzan zehar, 40 bat urtez. Beraz, hileko bakoitzean 18 tanpoi edo konpresa erabiltzen baditugu, urtean 216 izango lirateke, eta, beraz, gure bizitzan zehar 8.640 konpresa edo tanpoi erabiliko ditugu, nire kalkuluen arabera eta beherantz joz. 100.000 milioi tanpoi eta konpresa erabiltzen dira urtero mundu osoan. Munduko populazioaren erdiak behintzat hortik pasatuko dira bere bizitzan zehar, hilero-hilero, hutsik egin gabe (edo ia) 40 bat urtez. Halaxe izan da, gainera, mundua mundu denez geroztik.

12 urterekin ez nituen etxekoen hitz-erdiak ulertzen, eta orain, hilekoaren hileroko agerraldia laster amaituko dela susmatzen hasita nagoenean, berdin-berdin gertatzen zait. Ez dut ulertzen nolatan pasatu zaien oharkabean orain arte munta honetako gertakari arrunt bat, eta ez dut ulertzen munduko populazioaren erdiari hilero gertatzen zaion zerbait oraindik «normalizatu» behar dela entzun eta guk normaltzat hartzea. Gaixoak gu, berriro.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Gaiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...