Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Bizirik

2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bihar izango da Gau Beltza edo Arimen Gaua. Heriotzaren gaia nolabaiteko festa bihurtzen duen gaua. Biharamunez hilerrira joateko ohitura du jendeak. Hilerriak txukundu eta apaintzen diren garaia. Joandakoez gogoratzeko egunak dira.

Baina zer da hilik egotea? Zerbizirik? Zientzian sarri gertatzen den zerbait gertatzen da bizitzaren kontzeptuarekin. Nahiko ebidentea ematen duen kontzeptua oso zaila egiten da zientifikoki definitzen. Eta sexuaren espektroa binarioa baino continuum bat dela argudiatzen duten zientzialariak dauden bezala, badira organismo hil eta bizien artekoa ere hala irudikatzen dutenak. Definitzea zaila gertatzeak, baina, ez du esan nahi saiakerarik eta kontsentsu minimorik ez dagoenik. Badira zenbait ezaugarri, zeintzuk izaki bizidun bat izateko beharrezkoak diren. Edo horretan bat dator gutxienez zientzialarien gehiengoa.

Izaki bizidunak, hasteko, gorputz bat behar du: materiaz osatutako ingurune bornatu bat, zeinaren baitan biziko den izaki hura. Gorputzaz gain, metabolismo esaten zaiona ere beharko du izakiak. Metabolismoa bere inguruko energia hartu eta bere baitara antolatzeko gaitasun gisa deskriba liteke, nolabait. Hau da, izaki bizidun batek bizitoki bat du, eta bere bizitokia bere kabuz antolatu eta ordenatzeko gaitasuna ere bai.

Continuum horretan, esaterako, horregatik leudeke birusak hil eta biziaren arteko espektroaren erdibidean. Tartean, gure bizimodua dantzan jarri duen hau. Izan ere, birusek badute metabolismo gisako zerbait. Gai dira inguruko energia erabiltzeko beraien mesedetan. Baina ez daukate gorputzik. Bizi ahal izateko beste izaki bizidun batek eraikitako egitura bat behar dute. Ez dira beraiek beraiena eraikitzeko gai. Horregatik behar gaitu gu koronabirusak bizirauteko.

Beste propietate garrantzitsu bat autoerreprodukziorako gaitasuna da. Izaki bizidun bat gai da bere kopiak egiteko. Eta bere kopiak egin ahal izateko, ezinbestekoa da informazio jakin bat gordetzea bere baitan. Hori ere bada izaki bizidun batek bete beharreko zerbait. Informazioa gorde eta transmititzeko gaiasuna. Gizakion DNA litzateke halako zerbait. Geneetan gordetzen den informazio horri esker hartzen du zuhaitz batek zuhaitz forma, eta ez katuarena, adibidez.

Ikuspuntu fisiko batetik ere zaila da bizia ulertzen. Ironikoki, aldi berean bizirik eta hilda dagoen katuaren paradoxa deskribatu zuen Schrödingerrek ere bazuen horren gaineko kezka. Ez superposizio kuantikoarekin lotuta, baizik eta bizia eta termodinamikaren legeak nola uztartzen direnaren gainekoa. Horrekin lotuta idatzi zituen What is life? izenburuko saiakerak.

Termodinamikaren bigarren legeak, era lauso batean esanda, sistema ireki batek desordenera jotzen duela dio. Alegia, probableagoa dela espazio ireki batean aire molekulek ahalik eta espazio gehien okupatzea, elkarren ondoan itsatsi eta egitura ordenatu bat sortzea baino. Izaki bizidun bat, baina, egitura ezin ordenatuago bat da. Gaitasuna du inguruan daukan energia hartu eta egitura konplexu eta ordenatuak eraikitzeko.

Termodinamikaren legeen arabera, baldin eta sistema irekiak bagina, osatzen gaituzten molekulek desordenera jo behar lukete, tenperatura orekatzera. Baina gure baitara ordenatuta eta 36 gradutan mantentzeko gai gara, gure ingurunea hala ez dagoenean. Hildakoak hotz egoten direla esaten denean ez da erabat zuzena. Gu gara bero gaudenak, beraiek oreka termikoan daude inguruarekin.

Mundua kaotikoa eta desordenatua iruditzen zaigu askotan. Oreka eta ordena bila pasatzen dugu bizitza, ohartu gabe, benetan inguruko energia eta ordenarekin orekan gaudenerako ez garela bizirik egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.