Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Elurraren fikzioa

2021eko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Elur-aldia egokitu zaigu azken aste hauetan, eta etxean bertan izan ez dugunoi ere ezinezkoa izan zaigu argazki eder eta bukolikoak ez ikustea. Instagram-en sartzeko forfaita behar izan da egun hauetan.

Umetu egiten gara. Ozta-ozta gogoratzen ditut nire haurtzaroko elurteak, baina berdin dio, elurrak haur bihurtzen gaituelako denok, izan ginenak edo alegiazkoak. Elurrak ertzak biribiltzen ditu, eta, paisaia berdindu egiten duen bezala, gure errealitate malkartsua itxuraldatu egiten du. Geruza zuriaren azpian, baina, gure bizitzaren ilunak bere horretan jarraitzen du. Ez da urtuko den arte itxaron behar ezkutatzen duen gordinkeriaz jabetzeko, nahikoa baita gure zilborretik harago begiratzea ikusteko negu gorria ez dela denontzat berdina.

Sugarrek kixkali zuten orain dela aste pare bat Bosniako Lipa errefuxiatuen kanpamentua izan zena. 3.000 lagun inguru omen zeuden bertan sutea gertatu zenean, baina orain kontua ere galdu da, asko sakabanatu direlako inguruko basoetan. Afganistan eta Pakistanetik ihes egindako gazteak dira horietako asko, adingabeak ugari, eta bakarrik daude. Askorentzat bosgarren negua izango da munduko zoko zuri horretan, asilo eske hara iritsi baitziren agintariek erabaki zutenean Europarako Balkanetako bidea ixtea. Bidean aurrera egitea arriskutsuegia dela jakinda, bertan zain geratu dira, zehazki zeren zain dauden ez badakite ere. Elurra ari du eta hotz da, han ere, hotza izaten baita elurra, izen propiorik ez badu ere. Negu minean, ateri zabalean egiten dute lo, edo hobeto esanda, ateri zabalean jarraitzen dute guk lo egiten dugun bitartean. Denboraleak bazterrak zuritu ditu, baina han haurrak ez dira pozarren ateratzen beren lumazko jantzi koloretsuekin jolas egitera. Han haurrek ez dute jolasten, bizirautearekin nahikoa lan badute eta.

Txikitako elurrak nola gogoratzen ditugun erakusten du mundu pribilegiatuaren zein tokitan gauden gutariko bakoitza, baina ez naiz geografiaz ari. Gurean ere, hotz eta babesgabeak bai baitira, eta ugari.

Eskolan ikasi nuen berokia jazten eta eranzten. Ordura arte, etxekoak (esan gabe doa ama izaten zela kasu ia guztietan) arduratzen ziren kalera ateratzean edo etxera itzultzean hori egiteaz. Haur-eskolan, baina, norbera arduratzen hasten ginen, abrigoa lurrean jarrita eta txilinbuelta moduko bat eginez. Denok egiten genuen, Mikelek izan ezik. Salbuetsita zegoen berokia eranzteaz, etxean ez ziotelako gabe egoten uzten, edo hala ulertu genion andereƱoari galdetu genionean. Mikelen etxean hotzari beldurra ziotela-edo esan zigun, eta zer jazotzen zen ulertu ez bagenuen ere, berokia etengabe jantzita izaterainoko beldurra zeri zioten ezin konprenituta, Mikel, gure beroki-ilaratik libratuta, zuzenean sartzen zen gelara, berogailuaren ondoko mahaitxora.

Gurean pobrezia ez da egundo frankismoaren No-Do-az geroztik buruan iltzaturik geratu zaigun sepia koloreko argazki hori, zeinean ume mehar eta mukizuak kale-kantoi batetik eskua luzatzen dizun ogi-puska bat eskatuta. Munduko toki askotan pobreziak itxura hori du, baina gurean askoz sorragoa da, ikusten zailago, ezkutuan datzalako eta ezkutuan izatea nahiago izaten dugulako. Berogailua pizteko dirurik ez izatea, edo aukeratu behar izatea berotzearen edo afaltzearen artean izan daiteke pobreziaren irudi errealagoa, baina hori zaila da argazki baten jasotzea. Joan den asteburuan elektrizitatearen prezioak gaina jo zuen, kontsumorik altueneko orduetan. Beste behin ere argi geratu da eskariaren eta eskaintzaren legea dela beti-beti betetzen den bakarra.

Elurra kontraesan bat da: burua berotzen digu gorputza izozten digun bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.