mikel elorza
ARKUPEAN

Garrasia eta oihartzuna

2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Bere kontura lan egiten duen kide batekin solasean komentatu genuen aldatu egin dela langile burujabeoi egiten zaigun formazio-eskaintzaren izaera (handiustekoegia agian esamoldea, baina «profesional liberal»-ek pikorrak ateratzen dizkit). Garai batean, artean sareak hari bakarrik zirenean, eskaintzak iristen zitzaizkizun aurrera egin zenezan zure lanbidean, eta ikastaroak antolatzen zituzten, zure alorreko erakunde edo bestelakoek, formatzeko, eta, beraz, ikastaro bat antolatuko zioten abokatuari bikote-hausteen ondorio ekonomikoen kudeaketaz; edo inplanteen teknikaz haginlariei; pateak egiteko moduez txarkuteroei; zomorro eta gaitz berriez lorezainei. Publizitatearen inguruko kanpainak ere egoten ziren, noski, orduan ere jakitun ginen edo eginarazten gintuzten promozio eta oihartzunaren garrantziaz, ez zela oso negozio errentagarria munduko onena izatea inork ez baldin bazekien munduko onena zinela. Baina zure lanean hobea izatea bilatzen zela esango nuke.

Orain antolatzen dituzten ikastaroak dira zure edukiak berrantolatuko dituzten aplikazioez, Googleren bilaketetan goiko postuetan ateratzeko teknikez; itxura eder baten garrantziaz, branding eta beste mordo bat -ing modernoen arrakastaz. Egiten duzuna hobekiago egin dezazun baino, gehiago eta egokiago erakuts dezazun. Garai batean pentsa genezake egiten duzun horretan hobea izanik lortuko zenuela ospea, edo bezeroak edo dena delakoa, baina orain ez, orain ospea edo bezeroak edo dena delakoa lortzeko garrantzitsuena ez da egiten duzuna ondo egitea, edo hobeto egitea, ezpada antolatuago egitea, ederrago egitea, oihartzuna izatea… beste zerbait. Jakina, ondo egiten duenarekin errazagoa izango da zabar hutsarekin baino, baina makina bat ezgauza dabil sareetan oso ondo kolokatuta (adierarik bikoitzenean, kasu askotan).

Inpresioa daukat lehen pertsonen garapena lehenesten zela, eta orain, negozioarena. Ez da garrantzitsuena zure kroketak izatea munduko goxoenak, inportanteena da izatea goxoa eta batez ere kroketarik ikusiena, entzunena, saresozialduena...

Orain oihartzunak inporta du, ez garrasiak.

Eta, horrekin batera, ikastaroen eta hobekuntzen mundu horretan garapen pertsonala ere asko sustatzen da, profesionalari kontrajarria-edo. Jendearekin egoten, enpatizatzen, konbentzitzen, zuzentzen, norberaren estimua lantzen... ikastea. Hau oso garrantzitsua da, eta baliagarria, bai horixe, baina hau ere -ing aldera lerratzen ez den bitartean. Alegia, ikastaro izatetik ariketa espiritual sandaloz perfumaturikoa izatera pasatzen ez den bitartean; edo zure zeregina makina batean zortzi ordu egitea izanda horretan lider izateko zure asteburu guztiak formazio-saioetara joateko ez hipotekatzea.

Eta biak lantzea, garrasia eta oihartzuna, posible ote? Ba agian…

…Eusko Jaurlaritza kanpaina ari da egiten izan gaitezen ertzain. Eta egunotan pentsatu dut Arkautin irakasleak badituztela, euren ohiko ikasgaietan ez ezik, goian aipatu ditudan diziplina guztietan ere. Zeren eta oihartzuna lortu baitute, lortu dutenez: Donostiako Parte Zaharreko kale kantoiren batean seguru oraindik ere entzun litekeela goma-hotsik. Eta azaldu dira sare sozial eta albistegietako lehen lerroetan, batzuk oso ondo kolokatuta azaldu ere. Eta oihartzuna bakarrik ez, garrasiak ere fuerte dituzte: operatibo-buruek agenteei, agenteek herritarrei eta herritarrek ahal dutenari. Azken hauetako batzuk hautsiak, hori bai, garrasiak… eta beste zenbait hezur. Bestalde, lidergo faltarik ez dute (jardun honetan borraren tamainak inporta du), baina talde ere badira, itxia, informazio oinarrizkoena ere ez da iragazten. Eta estimua ere puztuta ibiltzeko moduan daude, alde batera eman edo bestera eman—betiere, eman—, haien lana goraipatzen baitute euren nagusiek.

Hauena bai formazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.