mikel elorza
ARKUPEAN

Gasezko herri hau

2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ingelesezkoa darama izen ofiziala —ez nuen bertzerik espero— Basque Hydrogen Corridor-ek, BH2C (banku bat ematen du, ez?), energia-industriaren alorrean urrats bat aurrerago kokatuko gaituen proiektuak, oso onuragarria omen denak. Arantzazurenrevival-a bailitzan, H-aren aldeko apustua egin du orain ere harrizko herri honek. Nolanahi den, esango nuke hidrogenoa baino oxigenoa dela jendeak une hauetan behar duena, jende batek bederen, some people-k, aire pixka bat itoalditik ateratzeko. Ez musukoak eragindako itoaldia, muturrekoak baizik. Pandemiak emandako muturrekoak. Krisi ekonomikoak, eta baita existentzialak ere, arimen urek ere ito egiten baitute.

Bidasokoa omen zenak bezala. Itoak urazaleratu dira egunotan. Muturrekoak ere jaso zituen honek, Mikel Zabalzak, eta beste zenbait itoaldi. Ez zuen urak ito, hala ere. Poltsarena egiten ari zitzaizkiola joan omen zitzaien. Euskaltzaindiaren Hiztegian baditu esanahi desberdinak poltsa hitzak, hiruzpalau, Espainiako Academia de la Lenguakoan hemezortzi, eta esapide zenbait, baina ez bat ez bestea ez dira itotzeaz mintzo. Ziegetatik hiztegietara ez da iritsi, baina ez etsi. Espainiako Akademiaren hiztegian badator «la bañera»: «Tortura que consiste en mantener a alguien mucho tiempo bajo el agua sin llegar a ahogarlo». Hori bai, hiztegian poltsa hitzaren adiera berria sartzen dutenerako sin llegar a ahogarlo hori matizatu egin beharko dute, gehienetan edo holako zerbait erantsiz. Gehienetan, edo ia beti; izan ere, egia osoaren aitortzera, poltsa egin zaiela hildakoak oso gutxi dira, portzentaiari erreparatuta. Hainbesteri egin izan zaio!

Gertatu zen aroan, eta urte batzuk lehenago orain efemeridea gogorarazi diguten O-23ko garaian, arazo handia ei zen gorputz polizialak eta armada araztu gabe zeudela, aurreko erregimeneko elementuek oraindik habitatzen zituztela gorputzok, birus itogarri bat bailiran, frankismoaren gas zikinekin kutsatuz odolak, demokraziaren oxigenoa sartzen utzi gabe.

Baina gorputzok araztu zituzten, ez? Guztiok baitakigu azken 25 urteetan Intxaurrondon eta tankerako egur fabriketan, kolonizatzaile zein autoktonoetan, bainuontziak, poltsak eta hiztegiratu gabeko bestelako praktikak desagertu egin direla. «Atxilotu andrea/jauna» diosal eginez hartzen zaituzte polizia-etxeetan. Kontroletan, edo kalean litratzen ari diren gazteei agenteak nola zuzentzen zaizkien ikusi besterik ez dago. Dena aratz, dena aire garbi.

Baina ez nadin ni hiztegiak ere ideologizatzen hasi. Hizkuntzak aratz mantendu behar dira, politikaren edo, ez dakit, generoaren inguruko polemikarik gabe. Hiztegiak ez dakit, baina ETB bai. Garbi, gizartea polarizatzen duten gaiekin kutsatu gabe, zuzendariak dioenez. Jendeari dibertimentua eman behar zaio. Gas konpainia indartsuak dauzkagu industria poligonoetan, eta saioak ergel gasez egin nahi dituen telebista bat.

Puntako teknologiaren faltan ez gaude. Euskal enpresek ere parte izan dute Marteko korridoreren batera onik iritsi den misioan (esan gabe behintzat ez dira gelditu). Euskal sinadura ere utziko du Perseverance-k, nahiz eta seguruenik martetarrek ez duten igarriko, ingelesez idatzita egongo baita.

Denok pozten gara, dena den. Zorioneko gara, energia berrienen korridoreak baitauzkagu eta basque made trepetak Marte monitorizatzen. Eta ETBk dena kontatzen digu neonezko (beste gas bat) albisteekin.

Orain bakarrik falta zaigu oxigeno pixka bat, aire poxi bat, itotzen gaituzten malurak eta tristurak leunduko dizkiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.