Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Samira

2021eko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Nekez jaikitzen den neska da Samira. Hots, egunero ohean egoteko asmoa duen neska gaztea da. Unibertsitatean kurtso guziak gainditzen zituen arren, nagikeria ttipi hori sekula ez zitzaion kentzen ahal. Bere gorputzarekin bat egiten zuen.Iltzaturik ematen zuen.

Quebec-en handitu zen. Baina ez Montreal metropolian, ez; Quebec hirian pasatu zuen nerabezaroa. Kanpotik heldu ziren frankofonoentzat ebidentea zen, hango azentua zuelako. Frantses hori mintzo du Samirak, eta, beraz, quebectarra da. Bertakoentzat aldiz, beti «bosniarra» zen. Onartu zuen, hala baitzen, eta adinarekin nortasun hori aldarrikatuko zuen.

Urtero, A+ notaz betetzen zitzaion ikasle buletina. Politika Zientzietako lizentzia horrela aprobatuko zuen lehen kolpetik. Ikasle zelarik bereziki gustatzen zitzaion teoria politikoa. Funtsean, filosofia politikoa ikasteko Pariseko Sciences Po eskola famatua integratu zuen masterrean.

Quebeceko azentua zuen, baina ez zen hangoa. Samirak bere herritik (ez, ez da Sarajevokoa) ihes egin zuen, 6 urte zituelarik. Alemanian egon zen bi urtez. Arte horretan, alemana ikasi zuen, baina bere burasoek Kanadara joateko ahalegin guziak egin zituzten. Ez zen hizkuntzagatik izan, tutik ez zekitelako frantsesez, eta ingelesez gutti. Ez, herri baketsuaren fama zuelako, Kanada aukeratu zuten.

Asiloa lortu zuten, eta Samira Quebecen handitu zen. Bere klaseko ikasle hoberena izanki, sustut gizarte zientzietan. Bere anaia ezkondu zen Bosniako neska batekin, eta Alemaniara jo zuen berriro. Burasoek joera bera ukan zuten bi urte berantago. Eta Samirak master bat aukeratu behar izan zuelarik, Parisera joan zen; partez bere familiaz hurbiltzeko. Europarra zen, hasteko, kontinenteko hizkuntza batzuk menperatzen zituen: bosniera, alemana eta frantsesa. Udako oporretan Bosniara joaten zen, bere adineko anitz bezala. Alta, ez zuen han bere bizi berria eraikiko; «errautsetatik sortu herria» maite eta gorroto zuen.

Estudioak pagatzeko ezinean eta nazionalitate frantsesa ezin lortuz ibili zen bi urtez. Teologia-politikoan aurkeztu zuen master amaierako lana, eta hortik aurrera lan bat atzemateko presan gertatu zen. Gogoko zuen ikertzaile postua bazterturik, profesionalizatu zuen bere karrera. Orain frantses gobernuak azkarki diruztatzen duen erakunde batentzat ari da lanean. Arendt, Hobbes eta Foucault baztertu behar izan zituen, pragmatikoki, bizirauteko.

Diskurtsoan, Samirak bere burua inoiz ez zuen biktimatzat hartu. Hala ere, bere bizipenak ez zituen ukatzen. Gerla bizi izan zuen. Errefuxiatu bilakatu zen Alemanian eta Quebecen. Gosea bizi izan zuen urte anitzez, eta gorputzean ageri zitzaizkion ondorioak ezkuta ezinak ziren. Bere haurtzaro eta nerabezaro osoan begiztatu zuen ikertzaile geroa eskuetatik joan zitzaion ihes.

Berdintasunean fedea zuen. Horrez gain, multikulturalismoaren alde, eta Frantses estatuak duen laikotasunaren ikuspuntuaren aurka borrokatzen zen. Belorik gabeko musulmana izanik ere, beloa janzten zuten emazteen askatasunak defenditu nahi zituen. Oro har, bere burua feministatzat zeukan. Errotik bizi zuen askatasuna. Eta nehork ez dio kenduko bere alde hori.

Aldiz, gutti batzuk jakin zuten zergatik nekez jaikitzen zen. «Maite zuela berant oheratzea, eta horregatik kosta zitzaiola goizean goiz unibertsitatera joatea», hori zuen esplikazioa. Haatik, gezur hura ezin zuen hurbilekoen aitzinean atxiki. Urteak joan arau, lagunak ohartu ziren Samirak ez zuela lorik egiten lanean zelako. Lan bat ez zuen sekula berantarekin entregatuko. Erdiz bukatutako gogoeta bat ez zuen inoiz irakasleei itzuliko. Dena perfektua izan behar zen klaseko lehena izateko. Familiari zor zion dena. Familiari zor zion lana.

Orain bai, orain loak harrapatzen ahal du. Baina ez du lortzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.