mikel elorza
ARKUPEAN

Esperantzen itsasoa

2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Miseriaren barnean miseriagoak aurkitzea beti da posible gure mundu zoragarri honetan. Duela egun batzuk albistea izan zen sute baten ondorioz laurogeitaka lagun hil zirela Sanan, Yemenen. Hori bakarrik ez da notizia, noski, albistea inor ez hiltzea izango litzateke. Notizia izan da hildakook migratzaileen zentro batean zeudela. Migratzaileak Yemenen. COVID-19a munduko trending (eta ia bakar) topic bihurtu aurretik, kolera-izurriren bat edukitakoak ziren, urtetan luzatzen ari den gerra zibil latz batean segitzen dute Saudi Arabiak gidatutako erasoen menpe —puntako teknologiak garatzen dituzten gure enpresa laudatuek, besteak beste, egindako armekin—, eta hala ere migratzaileak dituzte, milaka. Etiopiarrak gehienak, Persiar Golkoko estatu aberatsetan etorkizun baten bila abiatutakoak. Lur mortua zeharkatuz Djibutira heldu, itsasoa iragan—Itsaso Gorria, alga baten koloreagatik ote den izena… ez dakit ba— eta Yemenen lehorreratzen dira. Han, gerra, miseriak eta desertua zeharkatu behar Saudi Arabiara heltzeko. Latza.

Etiopian aurkituak dituzte gizakion arbaso asko, haien hezurrak alegia; han ibili ziren, itxuraz, lehen hominidoak. Gaur egun baino aiseago biziko ahal ziren duela milaka urte homo haiek! Mulier-ak seguruenik antzera, orduan eta orain. Berriki jakin dugu Tigray eskualdean izandako gatazka armatuaren baitan, Etiopiako Armadak altxamendua hankapean hartu eta gero, bortxaketa eta sexu-eraso asko salatu direla, emakume tigraytarren aurkakoak. Zigorra eta eskarmentua. Burezurraren eta garunaren tamaina, tentetasuna, eskuen abilezia eta bestelako ezaugarri fisikoekin batera, Homo genero hori oso aspaldidanik definitzen duen beste ezaugarri bat ere bada: bortxaketa gerra-arma gisa erabiltzea.

Albisteok jakin ditugu; edo ez. Zeren eta AEBetako Kentuckyko edozein konderritako miss sariketaz informatuko gaituzte, bai horixe, baina migratzaile etiopiarrez eta Yemengo gerraz edo Tigrayko gatazkako sexu erasoez... Bada, ze urrun dagoen Kamerun! Bab-al-Mandeb deritzo Djibuti eta Yemen lotzen (edo banatzen, ikuspegi kontua) dituen itsasarteari, migratzaileen ontziek egiten duten horri. Deitoreen Atea esan nahi du izenak. Ez da honaino iristen hango negar eta erosten oihartzuna, nonbait.

Baina hori bai, urte batzuk barru kuidado handiz aterako ditugu lur azalera hango gezurrak, barka, hezurrak. Eta zorrotz aztertu, baita duela milaka urte nola hil ziren esan ahal izateraino! Orain nola hiltzen diren... Ur azalera, gure kontzientzien zorionerako, hezurrak ez dira ateratzen (arrain abisalei galdetu beharko genieke, ez ote den bihurtua zuri-zuri ozeanoetako hondoa, dena hezurrek estalia).

Pintadaren argazkia gordea dut segapotoan: «Posible da beste mundu amaiera bat».

Ez da, zorionez, gazia bakarrik itsasotik iristen zaigun kresala. Gozotik ere ekar dezake. Aita Mari ontziko eskifaiaren argazkia ikusi dut egunotan, portua jota hainbat lagun erreskatatu eta gero, eta batzuetan itsasoak ez dakit baina gizakiak izan dezakeela esperantzarik ematen du. Irungo mugan ere ibili badabil jendea, bere xume eta isilean, termo batekin txokolate epela banatzen beste itsasarte bat iraganda datozenei. Bada, norbere erara, zuritze erraldoi honen aurka borrokatzen denik. Agian amaiera bakarrik ez, agian beste mundu bat posible da,edo, besterik gabe, mundu honen beste antolamendu bat, nahiz eta, onartu behar dut, kost a egiten zaidan askotan horren zantzuak topatzea.

(Asteon, historian bilatuko dut kontsolamendua: bihar 150 urte Parisen Komuna aldarrikatu zela. Louise Michel ezagutarazteagatik bakarrik merezi duena. Vive la Commune!)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.