Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Gure 'Mozal legea'

2021eko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herritik herritarren segurtasunari lotutako legeak begiratzen ditugunean, Espainiako Gobernuak bozkatu zuen Segurtasun publikoaren legea (2015) datorkigu burura. Euskal Herrian,Mozal lege horrengatik eskubide murrizketa garrantzitsuak eta horien ondorio larrien esperientziak biderkatu direlako azken urte hauetan. Orain, muga instituzionalaren beste aldean ere ukanen dugu gure segurtasun legea.

Segurtasun orokorreko legea du izena. Lege horren ibilbidea kokatzeko: 2020ko urrian La République en Marche eta Agir Ensemble legebiltzarreko taldeen eskutik proposatua izan zen. Nagusiki Emmanuel Macron frantses lehendakariaren alderditik aurkeztu zen. «Krisi» politikoari emaniko erantzun argi bat zen lege proposamen hori, Jaka Horien mugimendutik landa eta poliziaren errepresioa salatzeko herritarren aukerak murrizteko. Mozal legea baino bost urte berantago, beraz, Espainiako segurtasun legea Rajoyren gobernuaren eskutik sortu zenetik. Azken lege hori ere erantzun errepresibo bat izan zen Espainiako Kongresuaren parean gertatu manifestaldien aurka. Bi kasuetan, krisi momentu zehatz horiek justifikatu zuten gobernuen nahikeria. Hala ere, segurtasun arauak tendentzia orokor baten umeak dira; konparazione, fitxatze orokortuagoa gauzatzeko, datu pertsonalen erabilpena sistematizatzeko, poliziaren irudiak babesteko edota migratzaileen kontrako neurriak hartzeko.

Hain zuzen, bi legeetako puntu berberek giza eskubideen aldeko kolektibo eta instituzioen arreta deitu zuten. Frantses estatuko Segurtasun orokorreko legearen 24. artikuluaren kasuan, poliziaren irudien grabaketen zabalpenen debekuak Amnesty International erakundearen salaketa publikoa eragin zuen (2020ko azaroan) eta CNDH Giza eskubideen aholku batzordearena. Artikulu horren testuak ez zuenez adostasunik lortu Parlamentuko bi ganberen artean, batzorde misto bat osatu da bi instantzien arteko adostasuna lortzeko. Momentuz, bi testuek galdera ikurrak uzten dituzte airean irudien zabaltzeari begira: hartzailearen «intentzioa» interpretatu behar delako, eta adierazpen askatasuna oztopatzen ahal duelako. Espainiako Estatuan, Mozal legearen 36.23 artikuluarengatik, giza eskubideen aldeko taldeez gain, parlamentari batzuek Auzitegi Konstituzionalera jo zuten neurria kontrolatzeko. Segurtasun indarren irudien eta datu pertsonalen erabilpenaz ari zen artikuluak, besteak beste, epaileen arteko desadostasuna harrotu zuen. Kontsentsua ezin lortuz, 2020ko ekainean hartu beharreko erabakia azarora pusatu zuten. Azkenean, auzitegiak segurtasun indarren «baieztapena» debekatu zuen (argazki eta datu pertsonalen erabilpenaz dagokienez), adierazpen askatasun eskubideen aurka ezin delako interpretatu.

Eztabaidan diren bi neurri horiek adierazgarriak izan daitezke, batak bestearen prozesua argitzen baitu. Alabaina, Frantziako Estatuan bozkatuko den Segurtasun orokorreko legea Konstituzio Auzitegian aztertua izanen denean, bi gauza ikusiko ditugu: alde batetik, lege hori promulgatzen ahal den, eta hala ez bada, zein disposizio ezeztatzen den. Bestalde, zein heinetaraino konstituzio epaileek oinarrizko eskubideen aplikazioa murrizten duten, lege libertizidioak onartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.