Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Fabulak

2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Neuronak oporretan dauzkagunotan, fabula bat kontatukodizuet:

«Bazen behin, gazte bat, ikerlari izatearekin amesten zuena. Txikitatik miretsi izan zituen historian zehar aurkikuntza potoloak egin zituzten jenio haiek. Berak ere nahi zuen halako zerbait egin. Ez halako mailan, jakina, baina tira… (Badakizue, ez zaizkio norbere buruari amets potoloegiak jarri behar, badaezpada).

Burutu zituen gustukoen zuen alorrarekin lotutako ikasketak, eta abiatu zituen bere amets (badaezpada txiki) hura betetzeko lehen urratsak. Lehen zapuztaldia orduan etorri zen. Ikertu nahi bazuen, beka bat lortu beharra zuen derrigor. Eta beka lortzeko merituak erakutsi behar. Merituak, betiere, numerotan eta ziurtagiri bidez erakuts daitezkeen horiek, bistan da. Ingurukoekin lehia, finean. Zer eta 900 euro eskas kobratzeko hilean. Baina lortu zuen, eta ekin zion ikertzeari.

Asko ikasi zuen bekak iraun zion urte haietan. Ez ikertzen ari zen gaiari buruz bakarrik, baita mundutxo haren funtzionamenduaz ere. (Berak ere ez dauka garbi zein momentutan pasa zen bere ametsetako mundu hari mundutxo deitzera). Ezagutu zituen hainbeste miresten zituen ikerlariak, izen potolodun jende hura. Liburu eta artikulu ospetsuen egileak. Beldurra ematen zioten hasieran. Zerbait galdetzen zioten bakoitzean dar-dar egiten zion ahotsak.

Joan zen kongresu garrantzitsu eta ez hain garrantzitsutara bere lanak aurkeztera. Ohartu zen inor gutxik galdetzen ziola bere lanaren edukiaz. Gehiago galdetzen zioten zein unibertsitatetan egon zen, zein irakasle eta aditurekin egin zuen lan, zenbat argitalpen zituen, zein aldizkaritan argitaratuak, zein inpaktu zuten aldizkari haiek...

Behin doktore tesia bukatuta ohartu zen galdera haien zergatiaz. Galdera horien erantzunen baitan zegoen bere etorkizuna. Inozoa bera, sinistuta zegoena ikerketaren edukiek bere horretan merezi izatekotan egina izango zuela bidea. Horretarako mundua irauliko lukeen deskubrimendu bat beharko zuen; eta ez, ez zen bere kasua. Noiz ahaztu zitzaion bere ametsei neurriak jartzearen hori?

Gero eta kontzienteago zen mundutxo hark ez zeukala berak hainbeste amestu zuen haren antzik. Etengabe norbere burua datu horien baitan saldu eta justifikatu beharra: argitalpenak, hitzaldiak, inpaktua. Etengabe lehia inplizitu hura. Eta hala ere, hainbeste gustatzen zitzaion bere lana, zerbait ulertu, birpentsatu, moldatu, deskubritu, hanka sartu eta konpontze hori, ezen joko arauak onartu, haietara moldatu, eta asmatu egin baitzuen mundutxo hartan ez itotzeko moduan igerian».

Bukaera alda diezaiokezue, nahi baduzue, eta mundu hura betiko utzi zuela kontatu. Ez naiz gai erabakitzeko bietako zein izango den bukaera zoriontsuagoa protagonistarentzat.

Amaierak amaiera, fabula eta formula hitzak antzekoak dira. Ez naiz ni hizkuntzalaritzan aditua, eta posible da kasualitate hutsa izatea. Baina edukiz ere ez daude elkarrengandik horren urruti. Fabulek, protagonistak aldatuta kontestu ezberdinetan ondorioak ateratzeko balio izaten dute. Formulen kasuan, aldagaiekin gertatzen da gauza bera. Aldagaien balioak aldatuta ere emaitza esanguratsuak ematen dituen adierazpen bat da formula bat.

Saia zaitezte, bada, goiko fabula gogokoen duzuen esparrura eramaten: zuen ametsetako jardun eremura, jardun eremu horrek lan bat prestigiatzeko dauzkan ebaluazio irizpide, botere harreman eta lehia posibletara.

Ez da zientzialarion ohiko egoera, baina kasu honetan, zinez diotsuet pozik entzungo dudala fabula baliogabetzen duen adibideren bat. Kosta egingo zait sinisten (badakizue, mundutxo honetan hezi izanaren ajeak), baina poztu egingo naiz, zuengatik batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.