Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Mahasti

2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Neguko mozketak udaberriko kimuen zain jartzen du mahastizaina. Duela bi aste egindako hotzak izoztu ditu langileak. Han-hemenka karroinaren ondorioz iraganiko galtzeak kontatzen dira. Mahats xurien %10, biologikoan den lur puskaren %50, edo beltz berezi honetako %20. Hasteko, Irulegi jatorriko deitura kontrolatuan den arno eremuan hilabete honetan aipu den gauza da. Lekunberritik Bidarraira eta Arrosatik Baigorrira osatzen duen lauki luze horretan bizi diren jabe anitz hortaz ari dira.

Azken urte hauetan, abarrak ninikaz betetzen hasiak dira pixka bat goizago, negu bukaerako argi izpiek eraginik. Horregatik, hormak jotzen duenean martxoko aste horietan desmasiak eragiten ahal ditu. Kimu goiztiarrak izoztuz gero, goizean goizeko eguzkiak ninikak erretzen ditu. Fenomeno horren aitzinean su sistemak antolatzen dira eremuka, ke laino batek babes dezan mahatsa eguzki izpietarik. Hala ere, bigarren muskilak sortuko direnen esperoan jarraitzen dute mahastizainek.

Neguan fineziaz betetako lana eta epe luzerako proiekzioa eskatzen den lana dugu moxtea, mozketa edo moztea. Mahasti zangoen aldaxken bideratzea du helburu. Zure mahatsondoari eman nahi diozun formaren araberakoa izango da mozketa. Etxalde batzuetan neguko lan hori garrantzitsuenetarik bat da. Momentu gako bat; presio handiko lana eskatzen duena, geroa baldintzatzen duelako. Hor ere hotzak badu bere eragina, langileak negu hotzean, xedarra-aizturrak eskutan abarrez abar ibiltzen baitira: klaxk klaxk klaxk.

Hormatzeek udaberriko lana baldintzatzen badute ere, uda guzian mahatsen segipena segurtatzeko sasoiari tokia ematen zaio. Zango berrien landatzen, belarrak kentzen, aldaxkak zaintzen eta harien jartzen ibiliko dira. Udako eguzkiak larrua belztuko die, erreko. Kasketa eta eguzkiko betaurrekoen kolekzioa hasiko dute, bonet eta euritakoa hilabete batzuentzat utzirik. Galtzamotz/ Tixert versus jantzi polar/galtzerdi. Jantzi horien azpian, neguan, udaberrian zein udan, zainak puzten ari zaizkie, beti puzten.

Maiz, udazkeneko lehen keinuak agertzen direnean, Irulegiko lursailetan bilketaren sasoia pizten da. Neguko lan bakartia, udaberri eta udako taldekako lanaz gain auzolanarekin dator udazkena. Traktoreek kutxak bete fruitu bukatzen dituzte egunak. Mahatsa lerroz lerro jasotzean, erritmoa atxiki behar da. Egun fisiko gogorrek, mahastien arteko solasek eta azken eguneko pesta handiek dituzte lursail ezberdinetako langileen orduak markatuko.

Mahatsa ttinkatu eta dupa handietan ezartzekoa da emaitza. Batzuentzat kimikaz lagunduriko irakitea hasiko da; beste batzuentzat, aldiz, kimikarik gabeko lana eginen da. Arnotzen hasiko da mahatsa, edo ozpintzen... Mahastizain bakoitzak bere nahasketak eginen ditu. Xuri, beltz eta gorrian Irulegin nagusitu diren mahats motak bordeles beltza (tannat), axeria (cabernet franc), xuri zerratu ttipia (courbu blanc), izkiriota ttipia (petit manseing) eta izkiriota (gros manseing) aurkituko dira. Dastatzean, lurraren elementuak kontuan hartuko dira (eskistokoa, buztina...). Horretara iristeko, eguzkira buruzko orientazioa, haizeari eta aro txarrari babesa eta zolaren kalitatea zaindu beharreko elementuak izanen ditu mahastizain gazteak.

Euskal Herriko etxaldeetan atzematen ahal dira lehengo mahastien aztarnak. Orain, jende aberatsei zuzendutako luxuzko ekoizpena bilakatu bada ere, tokiko arnoen probatzeak badu kanore. Lur lan eta fruitutze galant horren ondotik produzitzen den erotzeko jus hori etxalde ezberdinetan ekoizten balitz, zenbat arno, istorio eta gustu desberdin izango genituzke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.