mikel elorza
ARKUPEAN

Ezen ez

2021eko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Atzera begira jartzeko astea da hau. Gorriaren —ezen ez eremu gorrien— nostalgikoek Portugalgo krabelinen iraultza gogoratzen dute Grandola... goizean goizetik tiktokeatuz,eta Bella Ciao-ko bideo hunkigarriak partekatzen dituzte Italia faxismotik liberatu zeneko eguna gogoratzen dutenek. Aspaldian faxismoa gandortuta dabilela-eta, egia esan, merezi du partisano hitza biral egitea. Hitza, bertzerik ez bada.

Zerutik —ezen ez lainoetatik— heldu dira gainerakoan oroitzapenak. Gernika erraustu zuten hegazkin eta bonben akordua, eta batez ere haien azpian zeudenena, berritu dugu; eta duela 35 urteko hodei erradioaktiboarekin ere gogoratu gara. Barkatuko dit gaiztakeria Arriola sailburu jaunak, baina Txernobylgo desastrearen kudeatzaileak imajinatzen ditut esanez zentrala proiektatu zutenek bihotzarekin jokatu zutela hainbat erabaki hartzean. Baina seguruenik ez dit barkatuko, eta berdin dit, formula huts bat zen adierazi ahal izateko ondasun anatomikoei dagokienez, Arriolak-eta gibela daukatela galanta, eta kopeta handia, eta ondo aberastutako urdaila, baina bihotza, eskasa. Galde bestela Joaquin Beltranen senideei. Eta badakit AHT-tik Zaldibarko zabortegira jauzi mortala egin dudala, baina, gauzak zer diren, nik ere batzuetan bihotzarekin —ezen ez buruarekin— batzen ditut letrok.

Iraganera begira eman ditugu egunak. Merezi du nondik gatozen jakitea, nora goazen batere klaru ez dagoen honetan. Baina bueno, batzuek asko begiratzen dugu iraganera datorkigukeena baino askoz luzeagoa delako joan zaiguna. Igelen motakoak bihurtzen ari zaizkigu begiak, beti atzera begira, nik-egin-nuen eta ni-han-nengoenak etengabe errepikatuz. Barka iezaguzue, hala ere: gazte denboretako no future hura orain errealitate biologiko bat da hainbatentzat. Ez denentzat, jakina. Batzuek oraindik luze bizitzeko asmotan direla esango didate, eta bejondeiela, eta ene desioa luze ez dakit baina asko bizitzen asmatzen badute. Luze, bestela ere, luzeegi maiz, anitz bizi dira eraikitzen ari garen zahartze paliatibo honetan.

Iragana etengabe berritzen—euskaldun askok berritu-ren zentzurik literalenean—, oraina stand by daukagularik koronarrazoiak medio, etorkizuna geratzen zaigu. Edo. Espainiako Bankuak txostena kaleratu du belaunaldi berrien geroaren erretratu bat eginez, eta arraioa, Labikoen aurreikuspenak baino beltzagoa da. Gurasoen etxea utzi ezinik, lan prekaritate beldurgarrian, krisi ekonomikoak maitaleak baino maiztasun handiagoz biltzen, harritzekoa dena da errebolta eta leherketa sozialak sarriago ez izatea. Seguruenik hori ere lotu dugulako. Errebeldia hodeietan baino permititzen ez delako, eta lortu dugulako askatasunarekin egitea deabruak bere inexistentziarekin egin ei zuena: geure buruari badugula sinetsaraztea. No future orain ere bada, baina kamisetetan, sareko aldarrikapenetan, museoetako paretetan. Argindarra saltzen duen Espainiako enpresa alternatibo baten iragarkiak laburbiltzen du, ene ustetan, teilatuetan eguzki-plakak jartzeaz diharduela: zuk teilatua jar ezazu, esaten du, iraultza guk jarriko dugu. Iraultza enpresak jarriko du. Reinvolution.

Gizartearentzako etorkizun hobe baten berme gisa heziketa eta batez ere hezkuntza egoki eta on bat aldarrikatu izan dugu, jendea hezi beharra zegoen, hezkuntzaren bidez lortuko genituen aldaketa eta aurrerapenak, pertsona berriak. Uste horretakoa izan naiz ni, aro horretakoa, baina mudatzen ari naiz iritzia. Deshezkuntza garaiak (eta deshazkuntza, bide batez) ekarri behar ditugu. Gutxixeago hezi, ea hartara pixka bat gehixeago —ezen ez luzeago— bizi ahal garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.