mikel elorza
ARKUPEAN

Izan itsaso

2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Irudia: negua hibernatzen pasatuta, udaberriko epela ospatzeko bilduko ziren haritz sakratuaren pean gure asaba zaharrak, hasieran zutunik gaua aurrera joan ahala gero eta makurtuago, zahagiak eskuetan, «askatasuna, askatasuna» oihukatuz. Gure asaba zaharren erdiak izango ziren, noski, besteerdiak etxean egongo ziren,esperoan. Alegia, gerlaria noiz etorriko zain herriari ekarpen demografikoa egiteko grinaz. Historikoki hori ere izan baitagizartearen erdi horren zaintza lana.

Sentitzen dut irudia biraoa iruditu dakiekeenengatik, baina asteburuak ekarri duen solstizio-aurreko suak mitoa performatzera eraman nau. Eta bide batez jarri gaitu atzera betiko atakan, euskaldunon patu itzuriezinean: gu ez gara inoiz zirkuluan bildu cromlech humanoen gisara, gu beti parez pare jarri gara, bi bandotan: gaitzesten duzu edo ez. Bi lubaki: zapatu gaueko hordikeria gaitzesten dutenena, bata; eta justifikatzen dutenena, bestea. Zuria edo beltza (kasu honetan dikotomia egokiagoa akaso'ardoa edo 0.0' litzateke, ez?).

Pentsatzen dut gerora, hau pasa dadinean —pasatuko ahal da!—, honi buruzko errelatoa eraikitzearena etorriko dela, hor ere gure artekoa ezpata-dantza izanik soka-dantza beharrean. Elkarri gogoratuz, alegia leporatuz, batzuek balkoietan osasun-langileei txaloka segitzen zuten bitartean beste batzuk oinetakoak jantzita zeudela (kirol-oinetakoak, noski, running egitekoak) ezkaratzeko atean, bozina jo orduko kalera ziztuan irteteko. Musukoa tragotik tragora janzten zutela akordatuko dira anitz, beti sudurretik behera edo, are, hazizurrien erremedioa bailitzan kokospean zeramatenen kontrara. Senideak urtebetean ikusi ez zituztenak igarobide faltsuak patrikan libre antza ibili zirenei betertzetik begira egongo dira. Eta jakina: «Zuri ez zaizu seniderik hil, igartzen da» gogor horiek. Eztabaidaezinak. Latzak baitira galera horiek, oso edo partzialak. Biktimak dira. Baina hori bai, biktima izatetik politika diseinatzera pasatzea ez da oso gomendagarria, inongo gerratan, ezta epidemiologikoetan ere.

Baina hik asteburukoa gaitzesten duk, bai edo ez? Nik gaitzetsi ez dut egingo, horrek balkoi eta espaloietako aguazilekin lerrokatuko nindukeelako; baina era berean esan nezake asteburuko portaerak ez datozela bat momentu historikoaren irakurketa berriarekin. Ekiurrunzale, betiko legez. Itsasoa plato baino nahiago izan ditut beti olatuak, eta maite ditut maite gure rave lanbrotuak, baina korona-uhinak ez ditut sobera gustuko eta nazka-nazka eginda nago, eta garai bateko mundu mierda errekuperatu nahi dut, pandemiarik gabeko mundu hori non albistea zen dron israeldarrek herritar palestinarrak sarraskitzen zituztela debalde (ari gara normaltzen, bistan denez). Eta jaiotza-datuen arabera konfinamendu garaian txertatzen ez dugula gehiegi jardun konfirmatu denez, edukiko ez ditugun umeei utzi beharreko mundua lehen bezala izorratzen jarraitzeko gogoa daukat.

Ez nintzen larunbat gauean parrandan ibili, eta irudi batzuk ez zaizkit oso erakargarriak, baina kezkatzen nauena ez da hori. Harritzen nauena da batzuen espantuen handia, hordikeriagatik lubaki batekoak, eta bestekoak arranguraz transgresioa festarekin nahasten duelako gaur egungo gazte-jende burugabeak. Eta beraz, gure maluren gorena plastikozko baso eta botilez betetako irudietan fokatzen dugu sanferminak gure harrotasun nazionalaren ikur direnean, heziketa guztiz sotanagabea jaso duen batek udako egutegia santuen izenekin arazorik gabe berdindu dezakeenean. Duela urtebete eskatzen zen legez, barruan geneukana atera duelako pandemiak.

Itsasoa ez al gara? Ba horixe, itsasoa, bere olatu eder eta galipot beltzarekin eta plastiko zikinekin eta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.