Albistea entzun

Alkateak «zin egiten» du ez duela jaso Corrugados irekitzeko proiekturik

CL taldeak adierazi du informazioa igorri ziola, eta Arantxa Tapia sailburuak udalari eskatu dio enpresarekin «argi» hitz egiteko
Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, artxiboko argazki batean.
Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, artxiboko argazki batean. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko maiatzak 27

Azpeitiko Corrugados irekitzeko inoiz aukeraren bat izan bazen, hura iragana da, CL taldeak ustezko aukera hori erretiratu duela jakinarazi ondoren. Eta zer gertatu den eta norenak diren ardurak argitzeko kontakizunak hartu du oraina. Tartean, baina, CL enpresa bera sartu da, eta lehen aldiz mintzatu da auziari buruz, EITBn.

Miguel Angel Leal zuzendariak alkateak orain arte esandakoak gezurtatu ditu, eta adierazi du enpresak udalarekin aurrez aurreko bi batzar egin zituela gutxienez, eta zenbait idatzi bidali zizkiola, horien artean «lantegia zortzi hilabeteko epean irekitzeko aukera» jasotzen zuen bat. Lealen arabera, 2020ko irailean hasi ziren aukera hori aztertzen, eta ziurtatu du negozio plan bat egin zutela, lege azterketa bat eskatu zutela, eta Azpeitiko plantarako zuzendaria ere hautatu zutela. «Plana» Jaurlaritzaren, aldundiaren eta udalaren esku jarri zutela ziurtatu du .

Nagore Alkorta alkateak, baina, halakorik jaso zutenik ukatu zuen beste behin ere, atzo, EITBk CLren adierazpenen berri eman aurretik. Alkate baten komunikazioan apartekoa den eskutitz irekia plazaratu zuen sare sozialetan, azken orduetan EAJko zenbait arduradunek haren zintzotasuna ezbaian jarri ondoren. Eskutitz horretan, alkateak «gehien maite dituenengatik» zin egiten du udalak ez duela «Corrugados irekitzeko proiektu ekonomikorik jaso, eta ez dagoela jarduera hori abiarazteko administrazio prozedurarik martxan». «Beste batzuk entzuten ditudanean jendaurrean esaten proiektua badagoela, pentsatzen dut ea horiek lorik egiten ote duten».

Gaia «modu horretan nahastera» zerk bultzatu dituen ere galdetu du: «Galdetzen diot neure buruari zerk bultzatu ote dituen [...] enpresari baten kontakizun edo ahozko kontsulta soil batetik ehunka lanpostu sortzeko aukera paregabeaz hitz egitera». Langabezian edo baldintza kaskarretan lanean daudenak izan ditu gogoan, eta aitortu du «beldurra» ere ematen duela «hedabide nagusien sintoniak errealitatea desitxuratzeko duen gaitasunak».

Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak oso bestelako ikuspuntua helarazi zuen, berriro, atzo. Proiektua egon badagoela, eta enpresarekin «argi» hitz egiteko eskatu zion Alkortari. «Borondatea egon balitz, irtenbide bat aurkituko genuen», esan zuen Herri Irratian: «Udalak erabaki du bere hirigintza agiriak galarazten duela jarduera hori». Tapiak badaki «autonomia» duela hori erabakitzeko, baina «hartzen diren erabakiekin arduraz jokatzeko» eskatu dio.

Alkorta, bere gutunean, udala «egiten ari den bidearekin» seguru agertu zen, eta sentsibilitate askotako herritarren babesa duela ziurtatu zuen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Federico Lopez, Jose Luis Zubeldia, Juan Mari Perez, Bittor Eskisabel eta Jose Mari Lazkano. ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute»

Maddi Iztueta Olano

Geroako Kaltetuak plataformako kideek estatutua aldatzea eta horren berri ez ematea egozten diete zuzendariei eta sindikatuei. Helburu argia dute: euren dirua, nahi duten eran, berreskuratzea.

 ©Guillaume Fauveau

Mobilizazioa iraunarazi eta gogortu nahi dute sindikatuek

Ekhi Erremundegi Beloki

Milaka pertsona elkartu dira Baionan erretreten erreformaren kontra. Larunbatekoa mobilizazio «erraldoia» izatea espero dute

Tecnalia enpresaren makina bat, iazko azoka batean. ©Oskar Matxin / FOKU

Gipuzkoako esportazioek 10.000 milioi euro gaindituko dituzte aurten

Iñaut Matauko Rada

2023a «ziurgabetasun urtea» izango dela aurreikusten du Bazkundeak, baina Gipuzkoako enpresak prest daudela adierazi dute.

Grebara deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroako langile publikoak grebara deitu dituzte hilaren 15erako

Itsaso Jauregi

ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilasen arabera, gobernuak ez du negoziatzeko borondaterik izan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.