Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Udatik at

2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Udako ikastaroen inguruko zabalpena jasotzen ari gara. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatzen ditu bereak aspalditik. Euskaraz eta Euskal Herrian eskainitako saioak; euskaldunon komunitateari ikasgai ezberdinak proposaturik. Euskaraz eskolan murgiltzeko aukera kentzen badigute, gu euskarara murgilduko gara. Unibertsitatearen kasuan, Ipar Euskal Herrian aukera mugatuak ditugu euskaraz ikasteko. Tesi bat euskaraz idazteko, Hezkuntza kodeak dio behartze hori justifikatu behar dela; eta justifikazio hori hizkuntzaren irakaspenari lotua izan behar da. Horregatik, Baionan kokatua den Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateko campusak Euskal ikasketen koadroan baizik ez du aukera hori eskaintzen. Hots, ikerketek —unibertsitatearen izendapenen arabera—, «Hizkuntza, Literatura eta Zibilizazioa» izan behar dute ardatz. Eta gaineratekoekin, zer?

Marko unibertsitarioan euskaraz ikasi eta ikertu ahal izateko, ikasleek Hego Euskal Herrira jo behar dute. Bilbo, Gasteiz, Arrasate, Iruñea edo Donostiara joateko aukera paregabeak dituen alde baikorrak laster kontrastatu behar dira. Oztopo ezberdinak aurkituko ditu ikasleak: adibidez, selektibitatea edo nota sistemaren desoreka. Hezkuntza egituren arteko homogeneizaziorik ezak ekarritako problemak ditugu horiek. Gainera, ekonomikoki lagundu beharreko ikasleak dira, bereziki, Frantses Estatuak eskaintzen dituen laguntzak ezdituztelako hunkituko —salbu denbora mugatu batentzat, ikaslearen trukatze urte bat balitz Erasmus programa gisakoen bidez—. Horrez gain, Hego Euskal Herritik honat euskaraz ikasterat etortzea Euskal Ikasketen bidez baizik ez da gauzatzen ahal. Berriz ere, desoreka.

UEUk amesten duen euskaldunon unibertsitateak baldintza eta posibilitate berriak sortzen dizkigu. Udako ikastaroekin Ipar Euskal Herrian antolatzen dituen gaiez gain, Euskal Herriko beste xokoetara ikastera joateko parada eskaintzen digu, baita euskaldun guziei Baionara ikastera eta irakastera joatekoa ere. Euskaldunon lurraldetasun harreman orekatuagoa landuz, gure arteko harremanak sendotuz. Hala ere, udako jardunaldiek muga bat dute. Epe laburrekoak dira, egunean zehar emandako saioak dira eta gai zehatz batzuk jorratzen dituzte. Horregatik, arratsetan, lan ordutegitik kanpo antolatzen dira saio osagarriak; laburbilduz saio publikoak.

Hori dena ez da nahiko. Eskas handi bat sortu da gure lurraldeko zati horretan frantses hizkuntza politikarengatik. Pandemiak sortu testuinguruak bideo bidezko saioen ugaritzea ekarri du, eta hizkuntzaren zabalpenaren ikuspuntutik ikerlari euskaldunen onerako izan da. Mugikortasun fisikoak ezeztatu diren garaiak eta gure arteko muga instituzionala gogortu nahi izanak ez dute ikerlari anitzen egoera hunkitu. Zergatik? Ikerlari asko lanpetuak ibiltzen baitira, eta guti mugitzen direlako. Horrek gogoetara ekarri gaitu mugikortasun hori bermatzen saiatzeko, erdar(et)an ez itotzeko, zepoan ez erortzeko. Konparazione, Ikergazte kongresuak edo Natur Zientzien topaketak sortzen dituzten espazio berriak zaintzeko, pixkanaka Ipar Euskal Herrian espazio horiek garatzeko gogoa emateko eta unibertsitateak kanpo ezartzen duen euskara baliatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.