Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Laguntzaileak

2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Auzolana, eta ez bortxaz Eusko Jaurlaritzaren esloganaren zentzuan, dugu ekinbide. Urtero hainbat eta hainbat ekitaldi sortzen eta egia bilakatzen ditugunean. Gure inkontziente kolektiboan aspaldi errotua den eginmoldea bada ere, beti pentsatzen dugu gu azkenak izanen garela. Hots, ziklo edo garai baten amaiera gure belaunaldiak hetsiko duela. Hori, zahartzearen eta beldurraren arteko talkaren ondorioa bezala aztertu daiteke. Edozein kolektiboko kide izan denak bere bizian ukaiten ahalko duen sentimendua da. Haatik, sinpleegi litzateke zikloak pertsona bakoitzaren zahartze eta beldurtze indibidualarekin bukatzen balira. Gauzak ez dira horrela pasatzen. Belaunaldien arteko loturak badira, eta funtsean, esperientzia kolektiboak ez dira adin batetik goiti amaitzen.

Joan den asteburuan Herrika antolatu zen Xiberoa eta Nafarroa Beherean. Ozazetik Ortzaizera AEKren aldeko Korrika lasterkaldi alternatiboa sortu zuten bertako gazteek. Bai, gazteek. Hogeita bost urte petik zituzten gehienek, edo hortxe ibiltzen ziren. Bost kamioi, hamaika eskuter, musika soinua, animatzaileak, segurtasun txaletak, ostatua, plantxak eta eszena. Urte hau galdua ez izateko gogoetak abiatu zituzten, eta Baigorritik Altzürüküra hamaika bildu ziren. Aspaldi gertatu ez zen bezala bi probintzien arteko harreman sendoa eraikitzeko nahian irudikatu zuten lehen ekimen hau. Paraleloki, berdina iragan behar zen Hendaiatik Hazparnera; aldiz, ez zuen argia ikusi ahal izan. Egun bakar batez, ikasgai kolektiboaren eta elkarlanaren bidetik, «oraingo gazteek ez dute deus egiten» erranaldiarekin apurtzeko. Bai, egin dute; gainera, ongi, eta euskararen alde.

Segur aski, Euskal Herria Zuzenean (EHZ) festibalak holako harreman sendotze bat ekarriko du. Uztaileko lehen asteburuan iraganen den ekimenak ehunka laguntzaile beharko ditu. Urte berezi honetan, are gehiago, 400 laguntzaile bilatzen dituzte. Duela zonbait urte kopurua ez zen hain inportantea. Nafarroa Beherean hiru eguneko egitaraua mantenduz abiatu dira gazteak; batzuen ikuspuntutik «ausartak» izan dira, eta beste batzuentzat, «inkontzienteak». Dena den, kultur hitzordu ofizialik gabeko urte honetan kolektiboak ekimenari lehentasuna eman dio. Auzolanean, jakin gabe kontzertuak edo edozein ikusgarri proposatzen ahalko zirenetz kultur arloan Ipar Euskal Herrian aplikatu diren segurtasun neurri zorrotzengatik. Hala ere, bai ala bai festibalaren 25. urtebetetzea azpimarratu nahi izan dute. 25 urte, eta zenbat belaunaldi gazte? Horregatik, komunitateari eskaintzen ahal zitzaion oparirik ederrena ekimena antolatzea zen, baina sustut laguntzaileak biltzea, gazteen (eta ez hain gazteen) arteko loturak sendotuz, elkarrekin gogoetatuz eta kolektiboki indartuz.

Hots, Iruñean bezalaxe, borborka ari da. Gazteak ez dira multzo isolatuak, esperientzia kolektibotik jaso zuten eta sortzeko erabiltzen dute. Ber zentzuan, zaharrak ere ez; eta laster ikusiko dugu iniziatiba ezberdinak abiatu zituztela horiek ere, eta jarraitzen dutela, edozein xokotan, laguntzaile izaten. Hor, konfiantza ariketa bat dugu parean. Hariak ez du etenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.