elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Polifoniaren bila

2021eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Maiatzaren hasierako zapatu iluntze-gau bat, Lazkaomendin; festak zituzten eta kontzertu bat antolatu zuten baselizaren inguruan: Txomin Artola eta konpainiaren Haizea talde sortu berriaren estreinaldia; 1977an izango zen. Berria eta berritzailea zen Haizea, folkari beste buelta bat ematen zioten musikarien batuketa. Udaberriko gau eder hartan, saioa ere halakoa gertatu zen, tokia eta musika elkarri ezin hobeto lotzen zitzaizkiola. Han deskubritu nuen Amaia Zubiriaren ahots sendo eta aldi berean malgua: modulazioz eta adierazkortasunez betetako kantaera oso pertsonala; belarrira iritsi orduko barrunbeak ere ukitzen zituena. Ez zen, ordea, hori bakarrik: Amaia Zubiriak bete egiten zuen tranpaldoa; ordura arteko emakume kantari gehienen estilo herabe eta otzana hautsi eta —itxuraz behintzat— lotsarik gabe azaltzen zen jendaurrean. Artean gure hiztegian ez zen sartzen ahalduntze kontzeptua; gaur badakit hori izan zela Zubiriak aspaldi hartan transmititutako balioetako bat.

Astelehenean, Musikaren Egunean, Adarra saria jaso zuenean Zubiriak Donostiako Viktoria Eugenia antzokian —bide batez, aspaldiko lagunekin kontzertua emanez— zor kolektibo bat kitatzen zela sentitu nuen. Sari hori lortu duen bigarren emakumezkoa izan da; aurretik, Anariri egokitu zitzaion, 2018an. Mikel Laboari modu postumoan emandakoak ireki zuen sekuentzia 2014an.

Egun hauetan Emiliana Zubeldiaren musika entzuten nabil, Josu Okiñenaren Aradak diskoari esker. Ameriketara atzerriratutako euskal musikagileen lanekin osatu duen diskoan, Zubeldiaren Esquisses d´une après-midi basque (Euskal arratsalde baten zirriborroak) obra jaso du Okiñenak; nostalgia darien puska laburrak dira, minimalistak eta modernoak, euskal paisaiaren oroitzapenetik jaiotako piezak. Emiliana Zubeldia nafarrak (1888-1987) Parisen eta Mexikon garatu zuen karrera musikala. Euskal Herrian ezezagun izan da urtetan; bere figura erreskatatu duenetako bat Helena Taberna zinegilea izan da, Emiliana film laburra eskaini baitzion 1993an. Okiñenaren diskoan, zortzi konpositore gizonezkorekin batera ageri den emakumezko bakarra da.

Halako baten, gauzak ari dira aldatzen hemen ere. Haizea taldearen garaietan jaio ziren musikariek bide bat egin dute jada; hor daude, pare bat aipatzearren, Aiora Renteria Zea Mays lideratzen duen kantari indartsua, eta Maite Arroitajauregi, Mursego, etengabe esperimentatzen jarraitzen duen musikagile polifazetikoa. Azkenaldian, berriz, eklosio betean dabiltza 90eko belaunaldiaz geroztikako emakumezkoak, kantagintzaren hainbat estilotan. Olatz Salvador bere abizeneko sagari jarraipena ematen ari zaio. Izaro Andres —mediatikoena, agian?— Euskadiko Orkestrarekin grabatzera ere iritsi da. Hor daude Aneguria bezalako rap kantariak, edo musika urbanoa egiten duen Kai Nakai, edo Eneritz Furyak ausarta, sailkatzen zaila.

Nolanahi ere —Gorka Erostarbe adituari hitzak lapurtuz— «gutxiengo handi» dira oraindik emakumezkoak musikagintzan. Ondorioz, kolektiboa indartu beharra planteatzen dute egile-eragileek, eta badira ekimenak emakume musikarien ikusgaitasuna sustatzeko. Berriena, aurtengo martxoaren 8an aurkeztu zutena: Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea (ESAS). Musika klasikoan diharduten profesionalek osatu dute, Ane Legarreta orkestra zuzendaria buru, eta artearen beste diziplina batzuetan dabiltzan andrazkoak ere bildu nahi lituzkete.

Bitartean, genero-desparekotasunetik datozen disonantziek eta desafinatzeek kirrinka egiten segitzen dute euskal musikaren munduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.