mikel elorza
ARKUPEAN

Orbainen garrasia

2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Txileko Legebiltzarrean izan zuen mintzaldia Alejandra Perez diputatuak joan den astean, konstituzio berria egiteko batzarretako batean. Soina biluzik igo zen mikro aurrera, bularrek utzitako hutsunea agerian. Ebakuntzak utzitako orbainak bistan.Bularretako minbizia gaindituta, erauzketak ariman utzitako orbainak ez zeuzkan agerian. Baina ez zen gaixo gisa igo gora, sendatu gisa baizik: bera bezala artatua eta sendatua izateko zortea —alegia, pribilegioa— ez dutenen ahotsa eraman nahi izan zuen.

Gogorra egiten da, niri behintzat, bularra kendutako petxua ikustea. Imajina dezaket erauzketa jasan duenarentzat zer izan daitekeen; edo seguruenik ez, seguruenik motz geratuko da ene imajinazioa, denik eta enpatikoena izan nahi badu ere. Emakume—edo— izatearen baitan horrek suposa lezakeena, batetik, eta horri erantsi bizi dugun, bizi gaituen, hil gaitzakeen ederraren diktadurak ekar lezakeena —bereziki emakumeak erasaten dituen diktadura, kanonean bizi ahal izateko hil beharrean jartzen dituena asko—.

Irudia aparta zen —nahiz eta estali edo denborak itxi seguru nolabait beti irekita egoten diren bi orbain horiek agerian—, faxismo estetikoak gizenei, itsusiei, kanonetik kanpokoei ezartzen dien zama sozial astuna ere salatzeko. Baina ez. Kulpante igo zen oholtzara, bera sendatua izan zelako. Berak mediku-arta jaso izanak lotsarazten zuen, eta lotsa hori pagatzeko biluztu zen. Orbainik izatera iristen ez diren minbizidun emakumeak erakutsi nahi izan zizkigun falta zituen bere bi bularren bitartez. Bularreko minbizia izan zuen oinarri, eskatzeko denek izan dezatela eskubidea eta aukera medikuek arta ditzaten, mamografiak, ebakuntzak, botikak... eduki ahal izateko. Baina orokorrago, era berean osasun zerbitzu publiko doako baten aldarria zen.

Minbizia bezala, beste eremuetara zabal daitekeena, eta osasun alorra bezala, beste hainbat alor bere baitan har litzakeena. Zerbitzu publikoen beharra, derrigorra.

Konstituzioa egiten ari dira Txilen —hemen oihartzun txikia izan baina benetan estudiatzekoa den azken urteetako prozesu sozial eta politikoan; AEBetara begira itsutu gabe, ea beste lurraldeei ere so egiten diegun, eta ez bakarrik hondamendi pandemiko edo naturalak kronikatzeko—, eta eraman behar dira, eraman behar direnez, aldarrikapenok lege nagusietara. Bai, inportantea da oso. Baina ez han kaiolatuta uzteko, hainbat tokitan gertatzen ari den bezala. Konstituzioak batzuetan balio dezake haren gainean tente hagintari txit demokratek euren pribilegioetan koxka bat igo dezaten.

Eskubideak paperetan jaso behar dira, eta gutxieneko zerbitzu publikoak, baina bermatu behar da gero horiek isla dutela egunerokoan. Osasuna, hezkuntza —publikoa, bai, komunitario edo nahi den gisa deituta, baina mundu guztiak jasoko duena, salbuespenik gabe, ez ghetto beltz ez zuririk, eta doakoa (eta laikoa)—, etxebizitza eskubidea... eta baita sistema bat beste hainbat ondasunen izaera publikoa aldarrikatzen eta asmatzen hasiko dena: argindarra, ura, komunikazioak...

Moduak eta bideak topatzea zail da, zail denez, eta oztopoak hamaika aurkituko ditugu dena porlanduta dugun gure herri honetan, baina badu lur eremurik ezkerrak, nahi badu behintzat, aztarrika ibiltzeko, zulatzeko, eskuak zikintzeko. Eskuak zikin edukitzeak ez du zertan lotsagarri izan: lapurtzen duenak ez ezik, lan egiten duenak ere zikintzen ditu.

Eta bai, orbainak izateko eskubidearen aldeko aldarria eman dezake honek, eta erran nezake, loratze aldera, zauriak bestela ere bizitzak badakartzala. Baina Alejandrarena, hori izanik ere, nire ustez kontrako diskurtsoa da: pribilegioen kontrakoa. Zeren eta publikoa da, edo behar luke, pribatuaren bestelakoa, baina batik bat pribilegioaren kontrakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.