Miren Josune Ariztondo Akarregi.
ARKUPEAN

Epaile ahalguztidunak

2021eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Diktadurapean bizi izan ginenok baditugu markatu gaituzten hitzak eta jardunak. Jueza, probidentzia, autoa, sententzia eta tankera honetako hitzei errespetua diet, beldur apurra ere bai, ez baitago jakiterik auzitegien erabakiak nondik nora joango diren. Ematen du terminologia ere herritarrengan nahastea sortzeko pentsatua dela. Ulertzekoa da profesionalen arteko berariazko kontzeptualizazioaren beharra, baina, herritarrak izanik helmuga, nabaria da pedagogia falta. Epaileen helburua bada herritarren oinarrizko eskubideak babestea, nolatan ez dituzte euren arrazoibideak denontzako ulerterraz egiten?

Diktadura urrun dago, ez dugu justizia-erakundeekiko erreparorik izan behar, juezak eta magistratuak, beste kolektiboak bezala, askotarikoak dira. Neure buruari hauxe esanda jarri naiz irakurtzen EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak duela astebete emandako agindua. Ariketa gomendagarria modu bitxian elkarlotuta doazen eduki eta idatzi-moldeak ezagutzeko.

Hasteko, Jaurlaritzak darabiltzan erreferentzia juridikoak arakatzen ditu, zorrotz baino gehiago, txorrotx. Gaiaren mamiari heltzeko orduan adierazten duen helburua da, ohi denez, eskalearen helburuak erkatzea oinarrizko eskubideen murrizketa-proportzioarekin, eta, ondorioz, erabakitzea, zeren «intentzioak zuzenak badira ere helburuek ezin ditzakete bitartekoak justifikatu(!)».

Argi esaten da autoan epaileon eginkizuna ez dela irizpide zientifiko edo epidemiologikoak aplikatzea, balorazio juridikoak egitea baizik. Eta oinarrizko eskubideak mugatzeko ezinbestekoa dela maila goreneko araudiaren aterkia eta ez Jaurlaritzaren Osasun sailburuaren ordena, mugatuak izango diren oinarrizko eskubideak ez baitira soilik Jaurlaritzak aitortzen dituen berdintasuna eta intimitatea. Bada beste urradurarik ere epaileon iritziz, hots, batzartzeko eskubidea, askatasun «anbulatorioa» (?), adierazpide eta sormen artistikorako eskubideak (karaokea adibide) eta behar bada pertsonalitatearen garapen askerako eskubidea bera.

Harrigarria da COVID ziurtagiria baldintza eta toki jakin batzuetan erakusteak horren mailako eskubideak urratzen dituela irakurri beharra, NANak, Osakidetzako txartelak edota erbesterako joan-etorrietarako txertaketa-agiriak edonoiz edo edonon agertzen ohituak gaudenean. Ezin ulertu nola ez diren jabetu beste hainbat auzitegi!

Jaurlaritzak aldarrikatzen du COVID ziurtagiria erakutsi beharra izurritearen intzidentzia metatua 150etik gorakoa den udalerrietako aisialdi eta kultura-espazio erraldoietan eta 50 eserleku edo gehiagoko jatetxeetan. Auzitegi honen arabera, oso larriki urratuko lituzkete neurri horiek denon eskubide demokratikoak. Agian egongo da zuzenbide-profesionalen artean uste izango duenik COVID ziurtagiria erakusteak gure eskubide demokratikoei egiten dien urradura ahuntzaren gauerdiko eztularen parekoa dela, epaile askok isilik eduki dituen beste urradura sakon batzuk gogoratuz. Auzi honetan herritar guztion osasun eskubidea da neurgailua, zaindu behar gaituztenena barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.