Maitena Salinas Beiztegi.
ARKUPEAN

Adeitasunez

2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Gizaki izateko modu anitz daude planeta honetan, bizitzeko eta egoteko bezainbeste, baina, denbora batetik hona, gure harrikada pertsonalez haratago, bi motatako pertsonak daudela esango nuke: besteoi bizitza errazten digutenak eta justu kontrakoa egiteko bizi direnak. Ziur nago segundo batzuk besterik ez dituzula behar haietako bakoitzari aurpegia jartzeko.

Zorionekoa zu bideratzaile gehiago badaude zure patrika sozialean. Horien presentzia gertu izatea plazera izan ohi da, badakizu edozein eskakizunen aurrean begi-irribarre batekin erantzuten dutela eta gure eguneroko arnasestuen arnasguneak direla. Esanak betetzen dituzte, eta malgutasun handiko norbanakoak dira. Eguneroko estresak probokatzen dituen itolarrien kontrako botika. Berauei esker, gizakia bere petralkeriez gain ikusteko itxaropena injektatzen digute.

Eta, esan bezala, badira bestelako pertsonak ere, juxtu bideratzaile horien antipodetan kokatzen direnak; konponbide bakoitzeko arazo bat dutenak. Ez diegu meriturik kendu behar, horietako batzuen ahalmen sortzailea ez da makala izaten eta. Sarritan ez dute entzumen aktiboa praktikatzen, erreakzionatzea dute gustuko, emandako informazioari jaramon handirik egin gabe, eta hasperen egitea kirol olinpiko bihurtu dute.

Umea nintzenetik onberak diren pertsonak ditut maite, bereziki, biziki... Indartsuak sentitzen ditut, itzalaren kontrako heroiak balira bezala, eguneroko hotzikarak izualdi baino ustekabe atsegin bilakatzen dituztenak. Beraien zale sutsua naiz. Sekula ez dut ulertu gizarteak horiek baztertzeko duen joera; uste dut adore handia behar dela kortisolari aurre egin eta erreakzionatu baino erantzuteko gaitasuna izateko, bi horiek ez baitira gauza bera.

Zenbat aldiz baieztatu dudan pertsona adeitsuen zapalkuntza sistematikoa, euren izaera eta jarrera ahultasunarekin nahasten zelarik. Zenbat aldiz sentitu dudan gizabanako despoten garaipena azken horiei liderren titulua eman zaienean, beldurra emateko duten ahalmenagatik gehiago, konbentzitzeko gaitasunagatik baino.

Eta nik, aldiz, ezin lagun boteretsuagorik irudikatu, ekaitz emozionaletik zutitu eta, ikasitakoa memorian iltzatu ostean, bizitzari irribarre egiten dion gizakumea baino. Besteen baldarkeriaren aurrean tinko, bereari eutsiz, autokontrola eta duintasuna azaltzen duena baino.

Oraindik, ordea, gure umetako eskoletako patioetan gertatzen zena errepikatzen doa: menderatzaileak metro karratuen jaun eta jabe egiten dira gogorkeria autoritatearekin nahastuz, larderiarekin identifikatu beharrean. Beraien publiko kikilduak hor mantentzen ditu, horien kontra ezer egin ezingo balute bezala.

Pertsona lagunkoiek besteon nerbio-sistema bera dute. Haserreak, etsipenak, frustrazioak... berdin pairatzen dituzte, baina beraien zaurgarritasunaz baliatuz zurea ere antzemateko gai dira, epaitu gabe; horregatik erantzuten dizute irriƱo batekin, zoriontasuna gauza seriotzat dutelako.

Horrexegatik, zuhurtziaz jokatu dezagun denok gogor astintzen ari gaituen demoniozko pandemia honetan. Inoiz baino gehiago bestearen begiradan aurkitzeko beharra baitaukagu. Osasun kontu bat da hau, positiboki itsaskorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.