Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Txillardegi

2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Pasa den astean bete ziren hamar urte Txillardegi joan zenetik. Euskara batuaren sorrera, hizkuntzalaritza, literatura eta politikari egindako ekarpen izugarria aipatzen da han eta hemen. Eta ez da gutxiagorako. Baina badakizue, ahuntzak mendira jotzen du, eta...

Orain dela hiru urte, txoko honetako bigarren zutabea idatzi behar nuela egin nuen topo haren lan batekin, soziolinguistika eta matematika uztartzen zituena. Urteurrenaren aitzakian, eta Jakin-en digitalizazio lan izugarriari esker, beste perla batzuk aurkitu ditut. Tarte bat daukazuenean irakurtzea gomendatzen dizuet, baina denbora mugatua denez, hemen utziko dizkizuet pasarte batzuk.

Denbora mugatua dela esan dut, eta Zeruko Argia-n 1971n idatzi zuena ikusita ez dakit ados legokeen. Armstrong ilargira iritsi zen garaia zen, erloju atomikoen bidez neurketak egin eta espazioan bidaiatu duena lurrean geratu balitz baino gazteago itzultzearen paradoxa egiaztatu zutenekoa. «Zer dira Apolo-ren 11 km/seg., argiari dagozkion 300.000 km/seg. ondoan? Ezer gutxi. (...) eta intuizioa eta zentzua, xuxenak iruditzen zaizkigu: 'Zer axola, zahartzeari buruz, hegazkin bat hartzea ala ez hartzea? Zer axola llargian bizitzea ala Lurrean? Denbora bat da denontzat'. Ideia hauek, ordea, oso zentzudunak izanagatik ere, faltsuak dira osoki. Denbora ez da arimaren ideia bat, fisikazko neurri material bat baizik».

Astronomiari buruz asko irakurri omen zuen garai hartan. Van de Kamp-ek kalkulu bidez erakutsi uste zuen gure planeta-sistemaren antzeko bat izan zitekeela Barnard izarraren inguruan. «Aski ote da, ordea, karkuluz hori frogatzea? Irakurleren batek hori pentsatu duke beharbada bere kolkorako. Bai. Aski da. Astronomian karkulu-bidez egiztatzea, egiztatu egitea da». Hala idatzi zuen Larresorok 1969an Gero eta ziurrago artikuluan. 2018an Lurraren oso antzeko baldintzak izan zitzakeen planeta baten aurkikuntza iragarri zuten izar haren inguruan hain justu. Iaz, ordea, beste kalkulu batzuek zalantzan jarri zuten planetaren existentzia. Kalkuluak aski, beraz, baita zalantzarako ere.

Zaletasuna ez zitzaion urteekin joan, 2005eko otsailean Saturnoren Titan satelitean Hurgens moduluak lur hartu izanari buruz ere idatzi zuen. «Planeta beti ezkutatzen zuen laino trinkoa metanozkoa da, osagai karboniko batzuekin nahasia. Eguratsa nitrogenozkoa da, oro har (%94). Eta laranja kolorea izoztutako partikulek eransten bide diote». Hortik zutabearen Etorkizuna laranja da izena. Bidaiak frogatu zuen Titanen bizitzarik egotea ezinezkoa zela. Baina ez zuen horrek konbentzitu, nonbait: «Unibertsoan bakarrik gaudela, eta eboluzioaren gailurra gu garela pentsatzea, antropozentrismo merke eta iñozoa iruditzen zait. Arazoa besterik da. Mundu horiek guztiak irits ezinak dira guztiz».

Hori dena baino askoz lehenago ere idatzi zuen zientzia eta astronomiaz. Eta pentsatzekoa da lehendik kezkatzen zuela gaiak, Betikoaz agian baita 1958ko artikulu haren izenburua. Einsteinen hiperesferako teoria nola, Heisenbergen atomoarenak ulertezinak zitzaizkigula zion: «Gizonak ez dauka entenditzerik, xalboin-ponpoil ortatik at baitago kakoa. Nola ez? Eta ikus eziñean gabiltza; eta ibilliko ere gera (...) Zeren Jesukristo'k berak ala nai izan zuen, begietan lausotzat daukagun mintz segail au urra ez dakigun; eta ixildu baitzan askotan, bere ikasleen galderak geiegi ez argitzekotan. Beti ixildu da Jainkoa».

Liburutegi batek gizon honen izena izan behar lukeen? Nik ez daukat zalantzarik. «Eta dudarik ba duzu oraindik, uztazu au; eta irakurtzazu astronomiaz zerbait. Eta gero, illunabarraren ondoren, altxa itzazu begiak, eta erantzuidazu geroenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.