elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Atzerakadak

2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Albisteak ez du oihartzun ikaragarririk izan. Izenburuak hauxe zioen: «Polizien 460 kalte-ordain eskaera atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzak» (BERRIA, 2022-02-04). Polizien 460 eskaera horiez gain, ETAren biktima diren beste 50 lagunen eskaerak ere atzera bota dituzte; guztira, 510 eskaera izan dira errefusatuak. Kontua da poliziaren eta estatuaren indarkeriaren biktima direnei zuzendutako legea baliatu nahi izan dutela 510 eskatzaile horiek, eta eskaera egitean, kontraesana bihurritu dute esperpentoraino: poliziak poliziaren biktima? Poliziak estatuaren biktima?

Beatriz Artolazabal, Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak garbi utzi du: «ETAren biktimak dira, baina ez estatuaren indarkeriarenak». ETAren biktimen erreparazio eta aitorpenerako, jakina denez, badago beste lege bat, bere kalte-ordainekin. Poliziaren eta estatuaren indarkeria kasuak aztertu dituen Balorazio Batzordearen iritzian, «legearen xedea diluitzea» eragingo luke ETAren biktimak poliziaren eta estatuaren indarkeriaren biktimei dagokien legearen barruan onartzeak.

Arazoa, jakina, ez da leihatilaz nahastu izana; arazoa da poliziaren sindikatuek eta guardia zibilen elkarteek erakusten duten jarrera oldarkor amaigabea. Eta afera ez da, inolaz ere, sindikala, politikoa baizik: atzerakada baten seinale da eskaera kanpaina iruzurti horren maniobra. Ez da, ordea, bolada honetan detektatutako atzerakada bakarra; beste arlo batzuetan ere atzeman daitezke.

Azkenaldian behin eta birritan egin diote uko hemengo erakundeek Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren aitorpen publikoari. Donostiako Udalak ukatu egin du hiriko Liburutegi Nagusiari haren izena jartzea. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ez dute onartu Txillardegiri Urrezko Plaka ematea. Eztabaidaren lekuko, egunkari honetan azken asteotan argitaratu diren hiru artikulu: Joxe Austin Arrieta, Patxi Zabaleta eta Martxelo Otamendirenak, hain zuzen ere. Horietan aletuta daude Txillardegiren figura publikoki aldarrikatzeko hainbat arrazoi, eta haren inguruan ezarritako hesi profilaktikoaren kontrako beste horrenbeste. Gehiago behar duenak har beza Txillardegiren idatzizko produkzioa. Nik berarekin egindako goiz pasa bat dut kontagai.

Santa Klara, gure uharte ezezaguna liburua (Dr. Camino Institutua-Kutxa Fundazioa, 2004) argitaratu berri zuen Alvarez Enparantzak. Kosta zitzaidan gizona konbentzitzea horri buruzko erreportajea egin genezan ETBko Postdata saiorako (jendartekoa izan arren, ez zen oso kamera zalea); halako batean, jarri genuen hitzordua: 2004ko irailaren 18an,10:30etan, Santa Klararako txalupen txarteldegian. Han bertan frogatu nuen Txillardegi ezaguna zela oso txalupa gidatzen zuen Anjel Isturitzentzat; geroxeago ikusi nuen bezala Txillardegik izen propioz ezagutzen zituela uhartearen ohiko bisitari-biztanleak. Kamera aurrean erakutsi zigun garai bateko ermitaren kokapena; hitz egin zigun inguru hartan egon omen zen lazaretoaz; kontatu zigun, hunkituta, azken farozainaren amaiera tristea: bere buruari tiro eginda hil zen tiratzaile bikaina omen zena. Txillardegiren Santa Klarari buruzko liburua bidaietako apunte koaderno baten tankerakoa da, argazkiz, grafikoz, erreferentziaz eta zehaztasunez betetako ikerketa eta, aldi berean, galdera ikurrez josia; egilearen erretratua ere bada neurri batean: eruditua eta bizizalea gurutzatzen diren puntuko fotograma.

Alvarez Enparantzari, aitzaki-maitzaki, aitorpen publikoa ukatzen zaion bakoitzean, boligrafo gorriz markatu eta ezabatu nahi da XX. mendean Euskal Herriak izan duen intelektualik polifazetiko eta emankorrenetakoa. Berekiko injustizia izateaz gain, galera barkaezina euskal munduarentzat. Atzerakada, oker ulertutako bizikidetzaren izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.