mikel elorza
ARKUPEAN

San Korrika

2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Pandemiak bi urtez egutegia egin digu erabat santugabetu, eta anparo gabe utzi makina bat jende, gauzurtz, dantza egiteko eza-rekin, igurtzi sozialaren miran. Plastiko lodiko edalontzi txit glamurosoetan tragoa hartzeko desiratzen; eskuarki gogaitze konpleto keinua aterako lizukeen pieza dantzatzeko amorratzen; ia edonoren galtzarbea partekatu eta lolololo-ka jarduteko prest; pentsa ze desesperazio maila.

Halaxe ibili ginen igandean Donostian. Eta halatsu hamar egunez. Irribarre finkoa aurpegian marraztua, eta gainera erakutsiz, emozio marra mordoa esnifatuta bezala, «behar genuen» elkarri esaka. Parranda kolektibo bat behar genuen. Eta bai, euskara ere bai, inportantea gure arnasa hori, arnasestuka jartzen gaituen lasterketan, horrek elkartu gintuen, horrek eraman gintuen kalera gau eta egun, eguzki eta elur, eta amaieran Donostiara. Baina behin han ginela, eta ekitaldi aldarrikatzaile eta emozionantea amaituta, festak hartu zituen kaleak, eta batez ere jendeak. Murgiltzea izan zen, eta ez bakarrik linguistikoa (baina hori ere bai, lagun batek esan zigun Donostiako Parte Zaharrak Euskal Herria ematen zuela!). Horditzea ere izan zen, baina ez bakarrik alkoholikoa —zeina oraindik ere gure festaren ardatz baden, onar edo gaitzets dezagun—, kantua eta dantza ere izan zen, gogotik eta gogoz izan zen. Izango da, noski, hain zuzen horrek uxatuko duenik: jendetza, iskanbila, deskontrola...Nik neuk ere, hotzean pentsatuta, kabitu ere ezin zaren kalea, builaka ari den jendez betea, zapata-zolak lur likatsuari itsasten zaizkizula, horrek zer izan dezakeen erakargarritik... baina denbora gehiegi eman dugu hotzean pentsatzen, hotzean bizitzen, eta berotik ere behar genuen. Eskandinabiartzen ari ginen, arraioa!

Eta edonola, ez dut debatea pizteko asmorik, hori da batzuentzat festa, guztiz kontrakoa besteentzat, eta festa gorroto duenik ere izango da. Eta denak zilegi. Igande eguraldiz aparta mendian edo hondartzan edo dolce fare niente paregabean primeran pasatuko zuenik ere izango zen —ia Euskal Herri osoa hain zuzen ere—, baina uste dut, hala ere, ukitu berezitik izan duela lasterketak, eta azken egunekoak. Eta ez da hain txarra festaren aitzakia ponte-edale baten efemeridea baino, euskararen aldarria izatea. Karrera zoro maitagarri hori.

(hori bai, ahots apalez diot, eskertuko nuke denboraldi batean gure leloetatik «gara» aditz forma ezabatuko bagenu: herri, itsaso, euskara, kantu... hainbeste identitatek psikikoki funditu egingo gaitu, pertsonalitate multiple arriskutsuegia eragiten ari zaigu, gabiltzan erne).

Egutegian urte pare batez akaso, baina bestela ez zaizkigu desagertu santuak, eta haien aurrez aurreko deabruak. Ukrainakoarekin nabarmena da, bitan etengabe batean banatuta gauzkate. Errusieraz mintzo da deabrua,eta gorria dela diote, nahiz etagorri-tik deus gutxi duen, odola ez bada. Urdina daukagu, berriz, santututa, Europako urdina, horiz zipriztindua, nabarmen denean bere kolorea beste bat behar zuela: zuria, zuri-zuria.

Eta haien inguruan, eta ia beste edozeren inguruan, baita Korrikaren inguruan ere, jendea xextra etengabean, mundua santu eta demonioetan banatzen. Santuak gureak, demonioak besteak. Edo alderantziz. Eta tira eta tunba.

Eszeptizismoa zer den oso ondo ez dakidan arren, sekta horretako nabil aspaldian. Santu eta demonio gutxiago dauzkala susmatzen dut, edo dauzkanak oso definituak ez, trans samarrak, erlijio ez-bitarrekoak.

Aldekoak ez dakit, baina kontrarioak nortzuk ziren oso argi eduki izan dituena izan naiz, baina pandemiak ez dit onik egin, bistan da. Orain eszeptiko. Eta gaur ere santuekin osatutako artikulua dakarkit, santuak eraistea fede bakarra zeukan Iturengo arotzaren debotoa honek.

San Korrikak barkatuko ahal dit zalantzaren tentazioan jausi izana! Bien bitartean, ajeaz harro.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.